Senez itzulpen-aldizkariaren 57. zenbakia argitaratu dau EIZIEk
2026-10-19 11:07 Kulturea19 egile eta 19 artikulu.
Itxaro Bordaren testu batetik hartua dakargu aurtengo Senez aldizkariaren goiburua: mundua errateko aditzak, izan be, garai nahasiotan batez be, horretan gabiz itzultzaileok, mundua esateko aditzen bila.
Aspaldi ikasi genduan itzulpengintzea ez daitekeela neutrala izan. Ezta itzultzaileak be. María Reimóndezen hitzetan, itzultzailea «testu edo komunikazino-egintza batera bere ideologiagaz hurbiltzen dan bitartekari bat» da. Eta horrek erantzukizun bat dakar, itzultzaileak hautatzen eta erabagiten baitau zer berba, esapide, hizkuntza-molde eta erregistro erabiliko dituan hizkuntza batean sorturiko testu, esaldi edo dana dalako informazinoa helburu eta indar beragaz heldu daiten beste hizkuntza bateko irakurle, entzule eta orobat hartzaileakana, hau da, jatorrizko mezua hizkuntza batetik bestera aldatzeaz gan, itzultzailearen esku dago ha zelan emon be.
Lehenik, lagun maiteak gogoan, Patxi Apalategi, Edorta Matauko eta Patxi de Vicente gogoratzeko artikulu bana ondu dabe Felipe Juaristik, Hedoi Etxartek eta Inma Erreak, hurranez hurran.
Behinola ikasle eta irakasle izanak alkarrizketatzaile eta alkarrizketatu bilakaturik, Maitane Uriartek Koldo Biguriri egindako alkarrizketa mamintsua dakargu ondoren.
Literatura itzuliaren itsasoan barrena, zirea kendu eta Ocean Vuong vietnamdar poetearen lana ezagutuko dogu Ane Garciaren eskutik. Aingeru Epaltzak, itzultzaile eta idazle-eskarmentua abiapuntutzat hartuta, gogoeta egin dau Felix Urabayenen Auzo madarikatuaren itzulpenaz, eta Leire Vargasek, barriz, mapak-mahai gainean zabaldu eta Elizabeth Bishopen poemak -euskaratzean bidean topautako mugarrien barri emon deusku. Poesiaren putzutik urten barik, Munduko Poesia Kaierak bildumea zehe-zehe aztertu deusku Garazi Goldarazenak. Begi-belarriak zabaldu, eta gazte-literaturako itzultzaile gazte baten kontuak irakurriko ditugu ondoren, Ainhoa Mendiluzek Minaberri bekaz baitabil «Utzi kontatzen zer den Minaberri beka» artikulu jakingarrian. Ur sakonetan segiduta eta txoko ezkutuak bistaratuz, manga komikiaren itzulpenean sartuko gara Iker Álvarezen eskutik. Jon Alonsok ezarri dau, umorea eta gogoetea buztartuz, literatura-itzulpenaren ataleko azken tanta, hanka-sartzeen antologia txiki baten bidez.
Ikus-entzunezko itzulpenaren txipriztinak be heldu jakuz eta, holan, denporearen gurpilean sartu eta telesail bateko azpitituluen itzulpenaren atzean dagoan neurribako lanaz jaubetuko gara, Leire Chertudiren artikuluari esker.
Interpreteen ahotsak be ozen jatorkuz aurtengo aldizkarian eta, batetik, Quebecen etorkin hispanoakaz egiten dauen interprete-lana jorratuko dau Aiora Jakak, eta, bestetik, soinuaren kalidadeak aldibereko interpretazinoan dauen garrantzia azpimarratuko deusku Amaia Orbe interpreteak.
Beste putzu batzuetara saltu eginez, neutraltasunaren amuari heldu eta genero-markak euskeraz emotean egiten diran hautuak ikertu ditu Jone Bakaikoak (Danele Sarriugarteren itzulpenetan oinarrituta), eta adimen artifizialaren zingiran ez itoteko arrastoan jarriko gaitu María Reimóndezek. Zingira berean uger egiten segidut eta zenbait aholku batu ditu Alaitz Zabaletak «Nola bihurtu adimen artifiziala itzultzaileon laguntzaile» artikuluan, eta Nora Aranberrik, barriz, ikerketa baten emoitzak laburbildu deuskuz: «Edukia eta indarra: intentsitate emozionala euskarazko itzulpen automatikoan».
Azkenik, liburu baten gomendio freskoa idatzi deusku Jone Atxak: «Interprete baten intimitateak».
Beraz, Angel Erroren berbak parafraseauta («Gaur ere, egunero bezala, etorkizunera iritsi gara», Lerro etena, 98. or.), aurten be esan geinke, urtero bezela, etorkizunera heldu garela. Aurten be, urtero bezela eta urtebeteren buruan, kalean dogula Senez aldizkaria. Berrogeita hamazazpigarrena. Egileoi, erredakzino-taldeko lagunoi eta irakurleoi esker. Eskerrik asko danoi eta heldu dan urtera arte.
Senez 57 (2026)
Aurkibidea
- Patxi Apalategi, Madame Bovaryren egilea |Felipe Juaristi Galdos.
- Edorta Matauko: autoak eta bizikletak | Hedoi Etxarte Moreno.
- Lanbidean adiskide: Patxi de Vicente Arbeloaren oroimenean | Inma Errea.
- Belaunaldi biren arteko elkarrizketa: Koldo Biguri, aitzindariei omenaldi xume bat | Maitane Uriarte Atxikallende.
- Ocean Vuong: desira eta galera | Ane Garcia Lopez.
- Auzo madarikatuaren bedeinkazioa | Aingeru Epaltza Ruiz De Alda.
- Mapagileari segika: Elizabeth Bishopen poemak euskaratzen | Leire Vargas Nieto.
- Euskal poesia itzulia: Munduko Poesia Kaierak bildumaren azterketea | Garazi Goldazarena Sanchez.
- Utzi kontatzen zer den Minaberri beka | Ainhoa Mendiluze Ormaetxea.
- Manga euskaratzen: erronkak eta erabakiak (ia) aurrekaririk gabeko eremu batean | Iker Álvarez Castellanos.
- Hanka-sartzeen antologia txiki bat | Jon Alonso Fourcade.
- Denboraren gurpila telesailaren azpitituluen euskarazko itzulpenaren nondik norakoak | Leire Chertudi Ozamiz.
- Interpretazio soziala: Quebecen bizi diren etorkin hispanoentzako interprete-lana eguneroko egoeretan |Aiora Jaka Irizar.
- Soinuaren kalitatea aldibereko interpretazioan: oinarrizko gaitasun tekniko-akustikoak eta autonomia profesionala | Amaia Orbe Barrio.
- Neutraltasuna eta hautuak: genero-markak Danele Sarriugarteren itzulpenetan |Jone Bakaikoa Garcia.
- Amets kolonialak, errebeldia kolektiboak: itzulpenaren, interpretazioaren eta AAren gaineko ikuspegi feminista eta dekolonialak | Maria Reimondez Meilan (Ituzltzailea: Amaia Apaulaza Ollo).
- Nola bihurtu adimen artifiziala itzultzaileon laguntzaile | Alaitz Zabaleta Saobe.
- Edukia eta indarra: intentsitate emozionala euskarazko itzulpen automatikoan | Nora Aranberri Monasterio.
- Itzulpengintzako liburuen gomendioak | Jone Atxa Palacios.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
