XV. Euskarabilduak Euskal Herrian Adimen Artifizial burujaubeagoa zelan lortu aztertuko dau
2026-10-19 10:32 KultureaHelburua da teknologia burujaubetzearen dibulgazinoa euskeratik egitea.
Jardunaldia urriaren 27an izango da, Donostiako San Telmo Museoan eta aurten Euskal Herriko ekosistemeari begira jarriko dira azpiegiturak, eredu libreak, datuak eta aplikazinoak aztertuz eta testuinguru horretan galdera Nagusia jatorku burura, hau da, zelan lortu teknologia burujaubetza algoritmoen eta datuen aro honetan?
Horretarako gure ekosistemeari begira jarriko gara, jomugea bikotxa da. Batetik, herri ikuspegia ardatz, ahalik eta herri burujaubetza handiena lantzearen beharraz ohartarazotea eta, bestetik, Euskal Herriko ekosistemea saretu eta alkartzea, balio kate osoa alkar ezagutu daiten, ikerketa zentroak, unibersidadeak, enpresak eta erabiltzaileak. Zer esperientzia ditugu Euskal Herrian adimen artifizial burujaube baten adibide izan daitekezanak? Alkarregaz ikertu, erabili eta esperimentau daigun.
Kontua da adimen artifizialaren ahalik eta erabilera etikoena egitea, plataforma handien aurreko menpekotasuna ahalik eta gehien murriztea eta gure teknologiaren eta datuen gaineko kontrola izatea. Holan emongo deutsagu teknologiari euskeratik eta Euskal Herritik definidutako mundu ikuskerea, izan be, burujaubetzeko daukaguzan azpiegituren gainean herri lez saretzea da giltza.
Egitarauak hainbat berbaldi eta mahai-inguru batuko ditu. Jardunaldiaren hasieran, AA ekosistema burujauberantz izeneko sarrerea egingo du Eli Pombok, Iametzako kudeatzaile orokorrak. Ondoren, Steen Rasmussen zientzialariak deszentralizazinoa eta Adimen Artifizial burujaubea izango ditu berbagai, ingelesez. Azpiegituren inguruko mahai-inguruan, AAk beharrezkoa dauen azpiegiturea. Euskal Herrian zer baliabide ditugu? galdereari erantzuten saiatuko dira hainbat aditu: Alex Etxeberria (aDI Data Center Euskadi), Alexis Guirlé (Izarralde), Iratxe Montoya (EJIE), Aran Garcia Lekue (DIPC) eta Izaskun Echeverria (Nasertic). Aurretik, German Rigau Hitz Zentroko zuzendariordeak ikerketea, produkzinoa eta AA Factory-en inguruko sarrerea egingo dau. Beste mahai-inguruetako batek euskeratik sortutako Adimen Artifizial eleanitza, eredu libreak eta datuak izango ditu ardatz. Bertan izango dira Eneko Agirre (EHUko Hitz Zentroa), Itziar Cortes (Elhuyar) eta Leire Barañano (Euskorpora).
Jardunaldiaren bigarren zatian, Adimen Artifizialaren aplikazino praktikoak eta Euskal Herrian lanhtzen dabizen proiektuak ezagutarazoko dira, besteak beste, BAAI.EUS euskerazko web sortzaile adimenduna, barruko dokumentazinoaren kudeaketa Nextcloud eta AA erabiliz, Ametzagaiña Bira kooperatibeagaz lantzen dabizen proiektua; eta Ilenia eta Alia egitasmoetako erakusgarriak aurkeztuko dira. Era berean, Euskal Herriko Online Lanbide Heziketan AA burujaubea txertatzeko esperientzia azalduko dau Mikel Aldalurrek, BirtLHko IKT teknikariak. Holan, Euskarabilduaren 2026ko edizinoak eztabaida teorikoa eta esperientzia praktikoak buztartu nahi ditu, euskeratik eta Euskal Herritik Adimen Artifizialaren inguruko ekosistema burujaube, etiko eta saretua eregiteko bideak aztertuz.
Dagoeneko Donostiako San Telmo museoko aretoa txiki geratu da. Itxaron zerrendea aktibau dabe atontzailee eta hemendik eta urriaren 27ra aretoaren edukierea kudeatuko dabe baina aurreko edizinoetan bezela, EITBk streaming bidez emongo dau jardunaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
