Itziar Ituño: 'Aioraren pregoia sekulakoa izan zan'

Andoni Mugica Lopez 2024-08-12 08:18   Barriketan

Aste bat baino ez da falta aurtengo Aste Nagusia hasteko eta, hortaz, txupinerea eta pregoilaria alkarrizketatu ditu Bizkaie!-k.

Ituñok eta Ugartek hilaren 17an jantziko ditue jagokezan jantziak: pregoilariak, jaka horia eta adar biko txano baltza; txupinereak, jaka eta txapel gorriak.

Kontuak kontu, aurton, Itziar Ituñok irakurriko dau pregoia, aktore eta abeslariak eta Nagore Ugartek, Txinbotarrak Konparsako kideak, botako dau txupina.

Itziar Ituño

1.- Jaiak zapatuan hasiko dira, zelan zabiz biziten azkenengo egunak?

Bai, Aste Nagusia bertan dago eta gero eta urduriago nago, pregoiari mila buelta emoten. Emozino eta ardura asko emoten deust.

Bilbo eta Bilbotarrei zuzendutako neure berbak izango dira eta gura dot politak eta sakonak izatea. Urduri nago [Barreak].

2.- Zelan sentiduten zara jaietako pregoilari rolean?

Batetik, bertigo apur bat sentiduten dot, izan be, ardura handia da eta zer daukat nik esateko? Egia da, lanbidean suberte asko izan dodala eta beraz, zorionekoa naz. Baina, batzuetan, pregoilari izentau eustenean pentsau izan dot eta zergatik ete izan dan. Ez dakit merezidu dodan.

Hori bai, oso maitatua sentidu naz. Behar dan moduan egoten, gehiegi ez hunkitzen eta alaitasuna ardatz hartuta egingo dot berba, neure bizitzako momentu garrantzitsuenetako bat izango da.

3.- Eszenatokietara ohituta egon arren, bertigoa emoten dau Arriagako balkoiak? Zelako pregoia botako dozu?

Bai, bertigoa emoten dau Arriagako balkoiak, eszenatokiek baino gehiago neure ustetan. Ez da bardina eszenatoki batera igotea papelagaz edo norbera bere egiagaz, biluzik eta bihotzetik urtetan daben berbak esanez.

Oraindino ez dakit zer esango dodan [Barreak]. Saiatuko naz alaia eta polita izatea, gauzak sakon esanez, fundamenduzko pregoia egitea nahi dot eta baita samurra be. Jaso dodan maitasun osoa bueltetea, hain zuzen be.

4.- Aktoreak beti zabizie alde batetik bestera. Zelan bizi izaten dozu Aste Nagusia?

Bai, askotan gagoz atzera eta aurrera, gora eta behera, lekuz leku... Egia da, ezin izan dodala nahi beste jaietaz disfrutau, izan be, lanean edo oporretan egon naz abuztuan.

Aurreko urtean kanpoan egon arren, Aioraren pregoiagaz asko emozionau nintzan. Aurton, lehenengo aldiz oporrak hartu dodaz abuztuan, hau subertau jatalako eta pozarren nago.

5.- Urte konplikau xamarra izan da zeuretzat sortutako polemikearen ostean... Konparsen eta Bilbotarren beroa jaso dozula sentiduten dozu?

Bizitzan beti izaten dira neurri guztietako enbarazuak. Kantuak esaten dauan bezela, dana ez da arrosa kolorekoa mundu honetan. Hori bai, Konparsen eta Jai Batzordearen beroa eta maitasuna sentidu dodaz eta horreekaz geratzen naz, bizitzearen alde garbiagaz.

6.- Bilbotarrei mezu berezik emon gura deutsezu?

Ixteko mobikorra poltsikoan eta jenteari begietara begiratzea. Sare sozialak erabiltea oso ondo dago, baina goazen benetako jaietaz disfrutetan, izan daitezala gure bizitza errealeko momenturik ederrenak.


Nagore Ugarte

1.- Zer sentidu zenduan Aste Nagusiko txupinerea izango zinala jakinarazo eutsuenean?

Emozino handia, izan be, ohore handia da txupinerea eta Bilboko Konparsen ordezkaria izatea. Bilbotarrentzat Aste Nasugia beti izaten da momentu berezia eta gehiago konparsakidea izanda.

Nere amesetako bat izan da betidanik. Subertez, errealidade bihurtu da.

2.- Txupinera lez, zelako Aste Nagusia nahiko zeunke?

Aste Nagusi lasaia izatea, guztiok disfrutetako jaiak, herrikoiak, herritarrentzat eta geurera datozenentzat atonduak, herrian eta herriarentzat sortuak, guztiok izatea aukerea disfrutetako ezelako erasorik barik.


3.- Zelan definiduko zeunke Txinbotarrak Konpartsa? Zer baldintza eta ezaugarri dituzue?

Familia bat osotu dogu. Orain 18 urte sortu genduan taldea, aurretik alkar ezagutzen baginan be, talde giroan gauzak asko aldatu dira. Zorrotza auzoa Bilbora eroan nahi genduan eta lan itzela egiten gabiz helburua lortzeko.

Zorrotza auzoko jentea gara, lasaiak, alaiak eta oso animatuak. Beti prest auzoa animetako eta lan egiteko.  

4.- Aste Nagusian zer izan dozu gogokoen, orain arte behintzat?

Gehien gustuko dodana jentea kalean ikustea da; disfrutetako gogoagaz, edozein ordutan jantzan, barreka, abesten... Aste nagusian kalean sortzen dan giroa bikaina izaten da.

5.- Bilbotarrei eta urira etorriko diranentzako mezurik?

Guztiontzat dagoala lekua. Makinatxu ekitaldi dagoz porgramazinoan, beraz, etorri, animau, parte hartu eta ondo pasau Bilboko Jaietan!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu