Getxo Jazz, garagarrilaren 3tik 7ra bitartean
2024-06-11 09:59 MusikeaHorrezaz gan, II. HerriJazz Ibiltaria zikloa egingo da.
Garagarrilaren 3tik 7ra, Getxok barriro be hasiera emongo deutso Euskadiko jazz zirkuituari, Bizkaiko jazzaldiaren 47. edizinoaren eskutik. Betiko lez, talde gazteak eta nazinoarteko artista nabarmenetako batzuk izango dira herrian. Izen ezagunenen artean, Stacey Kent, Hiromi, James Carter, Bill Frisell eta Kurt Rosenwinkel nabarmendu behar dira. Dobako kontzertuei jagokenez, Talde Lehiaketako talde gazteen emonaldiak, II. HerriJazz Ibiltaria, Hirugarren milurtekoa atala eta familientzako kontzertuak izango dira.
Amaia Agirre Getxoko alkateak eskaintzearen kalidadea eta aniztasuna nabarmendu ditu, baita udalerriko kulturea eta turismo eskaintzea indartzeko dauen gaitasuna be. Bestalde, Iñaki Saituak, jaialdiaren arduradunak, Getxo Jazzaren belaunaldi anitzeko izaera azpimarratu dau, bere egitarauan musika eszenako izen handiak eta musikari gazteak batzen diralako.
Aurten James Carterrek (1969, Michigan) edegiko ditu kontzertuak (Muxikebarri; 21:00). 90eko hamarkadako saxofonista harrigarrienetakoa da artista estatubatuarra, saxo-mota guztiak menderatzen dituana. Hurrengo egunean, eguena, hilak 4, Hiromi Uehararen (1979, Hamamatsu) txandea izango da. Egungo eszenako pianistarik originalenetakoa da, eta bere sormen-energiak jazzearen, musika klasikoaren eta poparen mugak zeharkatzen ditu.
Barikuan, hilak 5, Kurt Rosenwikel (1970, Filadelfia) gitarristearen txandea izango da. Zapatuan, barriz, jazzaldiak Stacey Kent (1968, South Orange; New Jersey) izango dau protagonista, nazinoarteko eszenako ahots dotore eta beroenetakoa, hain zuzen be. Sari ugari irabazi ditu abeslariak eta haren errepertorioa swing klasikoetatik bossa nova-raino edegiten da. Amaitzeko, garagarrilaren 7an, domekan, jaialdia Bill Frisell (1951, Baltimore) artistearen eskutik agurtuko da.
Izen handien aurretik, Talde Lehiaketearen finalera heldu diran lau bandak izango dira, eta, beste behin be, Europako jazz gaztearen lanaz disfrutetako aukerea izango dabe ikusleek.
Dobako kontzertuei jagokenez, ondoko musikariak izango dira: Irati Bilbao, Juan de Diego, Carmen Vela, Elias D’Hooge Trio eta Wasted Generation. Algortako Geltokia plazan, arratsaldeko 19:00etan.
II. HerriJazz Ibiltaria
SGAE Fundazinoak HerriJazz Ibiltaria zikloaren aldeko apustuari ekingo deutso barriz. Bigarren edizinoa garagarrilaren 6an estreinauko dau 47. Getxo Jazz emonaldiak, Musikeneko Femmm and Band taldearen kontzertuagaz (Algortako Geltokia plaza, 13:00etan).
Hurrengo egunean, Swing for Kids ikuskizunaz disfrutau ahal izango dabe familiek. Oskar Castaño Garbitxu SGAE-Euskadiko Lurralde Ordezkaritzako presidenteak adierazo dauanez, abiapuntu bikaina da Getxo eta SGAEren arteko lankidetzea martxan jarteko.
Musikari hasi barriak indartzeko eta jazzaren hedapena Euskal Herrian sustatzeko helburu bikotxari jarraituz, SGAE Fundazinoak zazpi emonaldi proponiduten ditu guztira. Getxo Jazz jaialdiaz gan, HerriJazz Ibiltaria Gasteizko eta Donostiako jazzaldietatik pasauko da. Ganera, Arrasate, Agurain, Balmaseda edo Zangozako kultur-programazionaren parte izango da, garagarrilaren 6tik zemendiaren 29ra bitartean.
Informazinoa eta sarreren salmentea
Jaialdiari buruzko informazio guztia, baita Getxo Kulturaren programazinoari eta zerbitzuei buruzkoa be, hemen. Bestalde, Getxo Jazzaren kontzertuetarako sarrerak eta bonuak ohiko saltokietan eros daitekez: Muxikebarri zentroan eta Romo Kultur Etxean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!