Euskadiko Orkestreak 'Ilargiari kantari' aurkeztuko dau

Bizkaie! 2025-10-24 08:10   Musikea

Badator XXXVI. Bartolome Ertzilla Musika Eskolako Musika Hamabostaldia.

Bartolome Ertzilla Udal Musika Eskoleak Musika Hamabostaldiaren XXXVI. edizinoaren zehetasunak emon ditu, Musika Eskola barrituan. Prentsaurrekoan Arantza Barrenetxea Bartolome Ertzilla Musika Eskolako burua, Iker Ruiz de Alegria zuzendaria eta Alfredo Sanz, txirula irakaslea eta Hamabostaldiko koordinatzailea, izan dira. 

Zemendian eta abenduan zehar, Musika Hamabostaldiak programazino bikaina eskainiko dau:

  • Zemendiaren 2an, 18:00etan, San Agustin Kulturgunean: Euskadiko Orkestreak Ilargiari kantari familia-kontzertua aurkeztuko dau. Mikel Cañadak zuzendutako dau eta Amaia Asurmendi, Igor Arostegi, Amaia Zipitria, Ainhoa López de Munain eta Ana Egiazabalek parte hartuko dabe. Kontzertua, batez be, 3 eta 6 urte bitarteko umeei dago zuzenduta.
  • Zemendiaren 8an, 20:00etan, San Antonio komentuan: Bilboko Koral Alkarteak O! Noche Felice! aurkeztuko dau, Valentín Zubiaurre XIX. mendeko euskal konpositorearen lana autortzen dauen kontzertua. Musika liturgikoa, Ama Birjinari egindako kantuak eta zortziko tempoan egindako gabon kantak interpretauko dira.
  • Zemendiaren 23an, 20:00etan, San Agustin Kulturgunean: Ensemble Praeteritum hari-zazpikoteak, Pablo Suárez biolinistaren zuzendaritzapean, Vivaldi Senza Fine interpretatuko dau. Vivaldiren Lau urtaroei egindako autortzea.
  • Abenduaren 13an, 19:00etan, Plateruenan: azken kontzertua Pause izango da, Xabier Zeberioren lana. Xabier Zeberio & Bartolome Ertzilla Orkestreak, Irati Ortubiaren zuzendaritzapean, jazza, euskal musika herrikoia eta inprobisazino garaikidea buztartzen dituan bidaia musikala eskainiko dabe. Errepertorioa Itziar Garaluceren bisualegaz eta Aitor Etxebarriak sortutako soinu diseinuagaz osotuko da.

Zemendiaren 8ko eta abenduaren 13ko kontzertuak doban izango dira. Zemendiaren 2koa 4 euroren truke izango da eta zemendiaren 23koa, barriz, 10 euro. Sarrerak San Agustin antzokiko leihatilan dagoz eskuragarri.

Barrenetxeak nabarmendu dauenez, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako Musika Hamabostaldiaren XXXVI. edizinoak programazino parebakoa eskainiko dau, eskolearen aniztasuna eta konpromisoa islatuz. 36 urte baino gehiagoz, ekitaldia plataformea izan da musikea durangarrei hurreratzeko, espazio inklusiboa sortuz, artistak, musikariak eta edade guztietako herritarrak disfrutetako, ikasteko eta parte-hartzeko.

Bestalde, Iker Ruiz de Alegria Bartolome Ertzilla Musika Eskolako zuzendariak nabarmendu dauenez, Musika Hamabostaldiaren bidez, ikasleek euren talentua eta pasinoa partekatzeko espazioa eskaini gura dogu, eta, era berean, kalidadeko programazinoaz disfrutetako aukerea emoten deusku. Ekitaldia musika klasiko eta garaikidearen erakusleiho izateaz gan, Durangoko garapen artistiko eta kulturala sustatzeko modua be bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu