Palestinako Apo & the apostles izango da aurtengo ‘Musika Bizian’ jaialdian
2025-10-15 07:54 MusikeaHitzordua, hilaren 25ean.
Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak ohitureari eutsiz, aurten be Musika Bizian estadurik bako herrialdeen arteko musika jaialdia atondu dau urriaren 24 eta 25erako, Galdakaoko Iturrondo plazan. Hamaikagarrenez, hainbat estadutatik etorritako taldeak iukiko doguz oholtzan:
Barikuan, urriaren 24an, Eskoziako Imar eta Euskal Herriko Korrontzi.
Zapatuan, urriaren 25ean, Sardiniako Nur taldeagaz batera, Palestinako Apo & the apostles eta Euskal Herriko ‘Xutik’ oholtzaratuko dira, beraz, danetariko musika estilo entzun ahal izango dira Galdakaon.
Kontzertuez gan, egunean zehar be izango dira tarteak gozamenerak, izan be, barikuan, arrastian, ‘Taberna Ibiltaria’ ezagunak edegiko dau jaialdia, euskal kanta tradizionalakaz.
Zapatuan, barriz, goizean luthier eta musika azokea iragarri ditue; umeentzako musika tresna tailerrak, musika tresnen erakusketea eta kale animazinoa be egongo dira danon gozagarri.
Musika Bizian
Urtero legez, Musika Bizian jaialdia estadu eta hizkuntza zapalduen bozgorailu izango da eta, esangura horretan, beste herrialde batzuetako musikea, kulturea eta hizkuntzak erakustea dira jaialdiaren bereizgarria.
Musika Bizian Andra Mari Eusko Dantzari taldeak 2014. urtean sortutako nazinoarteko jaialdia da; estadurik bako herrialdeen artekoa, hain zuzen. Andra Mariren helburuetako bat betidanik izan da euskal kulturea plazaratzea; horretan dabil oraindino be baina munduan egon badagoz Euskal Herriaren antzeko egoeran dagozan herri eta aberriak; beraz, horreei ikusgarritasuna emoteko Euskal Herriaren antzeko egoerea bizi daben munduko beste herrialde batzuetako musikea, hizkuntzea eta kulturak erakusteko, atondu eben 2014. urtean Musika Bizian jaialdia.
Hizkuntza eta kulturgintza gitxiagotuetako herrialdeetako musika jaialdia izanik, munduko kultura-aniztasuna islatu nahi dau Musika Bizian jaialdiak: jakin badakigu globalizazinoak musikea entzuteko modua irauli dauela oso denpora motzean, beraz, bada atzerriko musikea entzuteko aukera parebakoa.
Era berean, nabarmendu nahi da hegemonikoak ez diran hizkuntza eta kulturakandik zenbat ikasi daitekeen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
