Roberto Casado & Joseba Torrek emongo deutse hasierea XVI. Musikagileak Zirkuituari
2025-10-08 08:41 MusikeaGuggenheim Bilbao Museoan, urriaren 11n.

Musikagileak Musika Garaikidearen Zirkuituaren XVI. edizinoa aurkeztu da Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroan, Euskal Herriko eta Nafarroako musikagileen egungo sorkuntzea eta lanaren hedapena sustatzen dauen hitzordua.
Prentsaurrekoan izan dira Jon Esnaola, Musikagileak Alkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea; Miren Iñarga, Musikeneko zuzendaria; Arkaitz Olea, San Telmo Museoko Bitartekaritza arduraduna; Isaac Palencia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Sustapeneko zuzendaria; eta Iker Durana Fernández de Retana, Musika Bulegoko gerentea.
Jon Esnaolak, haren hitzaldian, ondokoa nabarmendu dau: Zirkuituaren edizino barri honek indartu egiten dau Musikagileak taldeak sorkuntza garaikideagaz eta Euskal Herriko eta Nafarroako konpositoreen lanaren balioa azpimarratzeagaz dauen konpromisoa, nazinoarteko talde eta bakarlarien, Euskadiko talde garrantzitsuen, bakarlarien eta ganberako taldeen (tokikoak, nazinonalak eta nazinoartekoak) proposamenekaz osotzen dan programazino askotarikoaren bidez. 2025eko irailetik 2026ko martira bitartean, Zirkuituak hamahiru kontzertu eskainiko ditu euskadiko hainbat uritan, hogeita hamar erabateko estreinaldiekaz.
Kontzertuen egoitzak:
- Campos Eliseos Antzokia (Bilbo).
- Guggenheim Museoa (Bilbo).
- San Telmo Museoa (Donostia).
- Musikeneko Auditorioa (Donostia).
- Victoria Eugenia Club (Donostia).
- Izaskun Arrue Kultur Etxea (Vitoria-Gasteiz).
- Europa Jauregia (Vitoria-Gasteiz).
- Jesús Guridi Kontserbatorioa (Vitoria-Gasteiz).
Interprete parte-hartzaileak
Zirkuituak sorkuntza garaikidearen bizitasuna eta aniztasuna irudikatzen daben interpreteen eta taldeen eskaintzea izango dau: Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Ensemble SINKRO, Coro SUHAR Korua, Vertixe Sonora, Syntagma Piano Duo, Sauti Duo, Ensemble PTYX, 4Sonora, Gasteizko Udal Musika Banda, Roberto Casado & Joseba Torre, Don Paul-Kahl eta Karin Hellqvist biolinista suediarra.
Era berean, Musikagileak Alkarteko ordezkariak egitaraua osotzen daben jarduera paraleloen garrantzia azpimarratu dau, esaterako, Musikagileak Konposizino Garaikideko XII. Ikastaroa, Musi-Meet Topaketea, Musika Bulegoak babestua eta baita interpretazinoko hainbat masterclass be: interpreteen, sortzaileen eta publikoaren arteko hausnarketarako, ikaskuntzarako eta lankidetzarako espazioak sortzea topetan dabenak.
Erakundeen arteko lankidetzea eta kultur-sareak
Miren Iñargak, Musikeneko zuzendariak, erakunde bien arteko lankidetzea azpimarratu dau, Zirkuitua Musikenen egoteak esparru akademikoaren eta sorkuntza profesionalaren arteko loturea sendotzen laguntzen dau, belaunaldi barriei euren garaiko musikeagaz eta proposamen barritzaileekaz esperientzia zuzena eskainiz.
Bestalde, Arkaitz Oleak, San Telmo Museoko Bitartekotza arduradunak, museoaren eta Musikagileen arteko lankidetza luzearen garrantzia azpimarratu dau, batez be, dauela hamarkada bat baino gehiagotik Zirkuituaren barruan egiten dan kontzertu tematikoa.
Kontuak kontu, edizino honetan, Francisco Dominguezen Memoria Sonans, harriak dardaraz lanaren erabateko estreinaldia izango da, San Telmo Museoak eta Musikagileak Alkarteak alkarrekaz egindako enkarguaren emoitza, soinu-sorkuntza garaikidea arteagaz, historiagaz eta euskal ondareagaz lotzeko erakunde bien borondate partekatua berretsiz.
Gipuzkoako Foru Aldunditik, Isaac Palenciak Musikagileak Zirkuituak inguruko konpositore barrien garapen-plataforma bezela dauen garrantzia azpimarratu dau, urte honeetan guztietan zehar proiektua aurrera ateretako erakundeen arteko lankidetzeari balioa emonez.
Era berean, Iker Durana Fernandez de Retanak, Musika Bulegoaren ordezkari bezela, musikearen sektoreko erakundeen arteko lankidetza-sareak indartzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu dau. Gainera, Musi-Meet Topaketaren programazinoa adierazoten dau: programearen jarduera paralelo garrantzitsuenetako bat da, bitartekaritzea, artisten eta ikusleen arteko alkarrizketea eta musika garaikidearen inguruko sinergia barriak sustatzen ditu-eta.
Urriko lehen kontzertuak
Bilbao Orkestra Sinfonikoak irailaren 18an Bilboko Campos Eliseos Antzokian emondako inaugurazino-kontzertu arrakastatsuaren ondoren, Zirkuituak hiru kontzertu atondu ditu urrian:
- Urriak 11 eta 12: Roberto Casado & Joseba Torrek Recuerdos Sonoros aurkeztuko dabe Guggenheim Bilbao Museoan eta Gasteizko Izaskun Arrue Kultur Etxean (Bernaola Zikloagaz lankidetzan).
- Urriak 17: Sinkro Ensembleak Musikagileak Konposizino Garaikideko XII. Ikastaroari amaiera emongo deutso Musikenen, José Manuel López López konpositorearen zuzendaritzapean parte-hartzen daben gazteek sortutako obrak interpretatuz.
XVI. Musikagileak Zirkuituak 2026ko martira arte jarraituko dau.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!