Gorka Urbizuk 'Bakan II' EPa kaleratuko dau

Bizkaie! 2025-10-21 08:52   Musikea

Bihar, hilak 20, Abbey Road estudioetan grabautakoa.

(Argazkia: Ibai Arrieta) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hasiera Bat (Only In Dreams, 2024) bakarkako debutagaz ezustekoa emon ostean eta 2025eko urtarrilean Bakan I atera ondoren, serie horren bigarren alea dator orain: Bakan II. Urriaren 22an argitaratuko da, Londreseko Abbey Road estudio ikonikoetan grabauta. Entzuleak harribitxi bi izango ditu: Diamantea eta Zilarra.

Musikariak maila berekotzat ditu pieza bi horreek; holan, 7"ko biniloak A alde bikotxa izatea gura dau, modu horretan Beatles taldeari keinu eginez. EP osoa egun berean plazaratuko da. Kantu biek, gainera, Arriguri produkzino-etxean egindako bideoklip bana izango dabe.

Egile nafarra edertasunaren eta kantu perfektuaren bila dabil. Kondairak dino Abbey Roadeko Studio #2 ikonikoak Beatlesen espirituak sorginduta omen dagozela eta, adi entzunez gero, badago hortatik zerbait hemen, batez be, Zilarra kantuan: hiru minutuko gema pop biribila, non ez diran falta errepika argitsua, gitarra kristalinoak, koru ederrak eta Paul McCartney berak erabilitako pianoa.

Bakan IIren kaleratzea bat dator denporan Tour bat bira arrakastatsuaren azken txanpeagaz. Urbizu eta bateria bikoitxeko haren bandea gelditu barik ibili dira Euskal Herri osoan, estaduko hainbat txokotan, eta, Mexiko, Kolonbia, Argentina eta Txileko uriburuetan. Halanda be, Donostian ekin eutsen bireari Donostian emongo deutse akaberea, 21 hilabete beranduago zirkulua ixteko asmoz. Lau kontzertu emongo ditue jarraian Victoria Eugenia Antzokian. Sarrerak aspaldi amaitu ziran.

Urbizugaz batera, zuzenekoetan ondoko musikari honeek parte hartuko dabe: Amaia Miranda (gitarrea eta koroak), Karlos Arancegui (bateria), Felix Buff (bateria eta koroak) eta Nando Neira (bajua).

Azken kontzertuak

  • 10.31 Bilbo - Santana 27 (Sarrerak agortuta).
  • 11.01 Bilbo - Santana 27 (Sarrerak agortuta).
  • 11.07 Iruñea - Baluarte (Sarrerak agortuta).
  • 11.08 Iruñea - Baluarte (Sarrerak agortuta).
  • 11.13 Donostia - Victoria Eugenia Antzokia (Sarrerak agortuta).
  • 11.14 Donostia - Victoria Eugenia Antzokia (Sarrerak agortuta).
  • 11.15 Donostia - Victoria Eugenia Antzokia (Sarrerak agortuta).
  • 11.16 Donostia - Victoria Eugenia Antzokia (Sarrerak agortuta).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu