Bilboko Udal Txistulari Bandeak 'Olatuetan' aurkeztu dau

Bizkaie! 2025-10-07 13:55   Musikea

Tradizinoaren eta barrikuntzearen arteko 2025-2026 kontzertu-zikloa.



Bilboko Udal Txistulari Bandeak denporaldi barriari ekin deutso, erreferente historikoen berreskurapena, beste diziplina artistikoakaz fusinoa eta euskal kultur sustraien ospakizuna buztartuz. Bost kontzertu Euskalduna Jauregian izango dira eta beste hiru ikuskizun Campos Elíseos Antzokian.

Zikloa Euskalduna Jauregian hasiko da urriaren 14an Ansorenatarren Danbolinagaz, Isidro Ansorenari bere heriotzearen 50. urteurrenean egindako omenaldiagaz. XX. mendearen hasieran txistuaren zabalkundean oinarrizkoa izan zan Ansorena interpretea, irakaslea eta konpositorea. Bandeak bere ondarea gogoratuko dau gitarra eta proiekzinoak izango dituan kontzertu bategaz, bere pieza eta moldaketa esanguratsuenetako batzuk berreskuratuz.

Zemendiaren 5ean Kimuak helduko da, Oinkari Dantza Konpainiagaz eta Musikene eta Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioko ikasleakaz alkarlanean. Sustrai tradizionaleko doinuak eta koreografia bereziak batzen dituan programa izango da, publikoari euskal tradizinora hurbiltzea eskainiz, egungo eta jai-giroko ikuspegitik. Egun batzuk aurrerago, zemendiaren 26an, Klasikoen Txokoraren txandea izango da, 1980ko hamarkadatik gero eta errepertorio zabalagoa osotu dauen txistu eta piano formazinoari egindako keinua. Oraingoan, Iñar Sastre pianistea izango dau lagun Bandeak, eta bere esperientzia ekarriko dau, bai arlo klasikoan, bai jazzean.

Gabonakakaz batera, abenduaren 16an Campos Elíseos Antzokiak Elur Malutak kontzertu korala hartuko dau. Bertan parte hartuko dabe Ahotsak Abesbatzak, Miren Bernaolak zuzenduta, Ume Abesbatzak Maite Olmosek zuzenduta eta Bilbao Musikako txistu-ikasleek. Jon Gómez Garaik aurkeztuta, garai bereziotak berotasuna eta espiritua biztuko dituan pieza tradizionalak zein gaur egungo sorkuntzak eskainiko dira.

Urte Barria Euskalduna Jauregian abiatuko da Kantaldiagaz, urtarrilaren 21ean. Kontzertu parte-hartzailea izango da eta hor ikus-entzuleek Eider Zenarruzabeitiaren ahotsagaz batera abesteko aukerea izango dabe. Iñar Sastre tekladuan eta Amaiur Cajaraville bajuan lagun dituala, gauak betiko abestiak eta melodia garaikideak buztartuko ditu, giro bero eta hunkigarrian. Bestalde, inauteriek beren lekua izango dabe Inauteri Soinuetan ikuskizunean, zezeilaren 10ean Jauregiko Atrioan, Beti Jai Alai Dantza Taldearen laguntzeagaz. Sasoi askotako jai-giroko irudietan zeharreko ibilbidea izango da, gitarra eta bajuaren laguntza instrumentalaga osotua.

Programazinoak martiaren 3an jarraituko dau Campos Elíseos Antzokian, Txistua Algaraz lehen hezkuntzako 1. eta 2. zikloko ikasleei zuzendutako kontzertu didaktikoagaz. Anduriña Zurutuza clownak umorez eta hurbiltasunez gidatuko dau ikuskizuna, txikienek txistuaren unibersoa ezagutu deien Bandearen beraren eta Eriz Pérez eta Amaiur Cajaraville lako musikari konbidaduen eskutik. Denporaldia martiaren 24an amaituko da Ei, txistulari! ikuskizunagaz, txistulari, abesbatza eta jantzariak batuko dituana. Euskal kulturearen eta tradizinoen aberastasuna goratzeko diseinautako diziplina anitzeko proposamena izango da, denporaldiaren espiritua laburbatuko dauena, melodia, koreografia eta antzerki-alkarrizketen artean.

Olatuetan zikloko kontzertu horreez gan, Bilboko Udal Txistulari Bandea programazio arruntetik kanpoko saioetan be ibiliko da, besteak beste, zemendiaren 2an Iruñeko Kondestable Jauregian egingo dauen saioa nabarmentzen da, Haziak Eroan ikuskizuna eskainiko baitau Oinkari Dantza Konpainiaren eta Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioko ikasleen laguntzaz.

Era berean, taldearen gainerako konpromisoei be eutsiko deutse, protokolo-ekitaldiak, inaugurazinoak, ekitaldi ofizialak, harrerak, zeremoniak, ekitaldi tradizionalak eta herrikoiak, dianak, kalejirak, erromeriei. Danetara, Bilboko Udal Txistulari Bandeak urtero 120 kontzertu baino gehiago eskaintzen ditu.

2025-26 denporaldiko kontzertuei buruzko informazino zehatza hemen

Bilboko Udal Txistulari Bandea

Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier García eta Peio Irigoien musikariek osotzen dabe egungo Bilboko Udal Txistulari Bandea, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, hasieratik nabarmendu da kontzertuen kalidadeagatik eta aniztasunagaitik.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait kontzertu emon ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa atontzen hasi ziran eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen dau; bertan, txistularien bandearen saioakaz batera goi mailako profesionalakaz eta taldeakaz lankidetzako saioak buztartu ditue.

Bandak baditu sei disko eta DVD bat kaleratuak: Bilboko Udal Txistu Banda (2004); Alos Quartet Harizko Laukoteagaz Harizko Txistua (2006); Hala ere (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; Kantari Gabonetan (2010) Leioako Kantika Koralargaz; Plazan (2014) erromerietako eta jantzaldietako musika-lanakaz; Xabier Zabalagaz Gogoeta eta azkena, X Urte, hamaika lagun (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu