Alice Cooper eta Social Distortion Gasteizen izango dira

Bizkaie! 2025-10-28 12:44   Musikea

Azkena Rock Festibalaren barruan, 2026ko bagilaren 18tik 20ra.

Azkena Rock Festivalek ezagutzera emon ditu 2026ko bagilaren 18, 19 eta 20an Gasteizen egingo dan hurrengo edizinoko kartelaren lehen protagonistak. Baieztapenen lehen txandako buruak Alice Cooper eta Social Distortion dira. Talde biek, estaduko kontzertu bakarrak emongo ditue Gasteizen.

Horreezaz gan, ondoko talde honeek izango dira: Imelda May, Jason Isbell & the 400 Unit, Old Crow Medicine Show, Sleaford Mods, SUGAR, The Adicts, Evaristo, Circle Jerks, Corrosion of Conformity, Therapy?, The Damn Truth, The Del Fuegos, Discharge, Split Dogs, Starbenders, Tropical Fuck Storm, Voivod, Rodeo eta Nhil.

Programazinoak barriz be erakusten deusku jaialdiaren konpromisoa: lehen mailako programazino artistikoa eta kartel zabal eta heterogeneoa. Beraz, betiko lez, Gasteizek harrerea egingo deutse rock-and-rollaren munduko talde handiei, publikoari hiru eguneko esperientzia bikaina eskainiz.

Jaialdiaren aurreko edizinoetan izan diranak aurre-salmenta esklusibora sartzeko aukerea izango dabe bihartik (urriak 29, eguaztena) aurrera. Salmenta orokorra, barriz, zemendiaren 4tik, martitzena, egongo da eskuragarri.

Jaialdiaren 3 egunetarako bonuez gan, 24 urtetik beherakoek Gazte bonua erosi ahal izango dabe, eta, igaz izandako harrera onaren ondoren, Kuadrilla bonua eskuragarri egongo da barriz be. 

Jaialdiak atondutako autobus-bidaiak izango ditu aurton be inguruko herrietatik: Bilbo, Iruñea, Donostia, Zarauz, Arrasate eta Altsasu. 

Sarrerak 

  • Aurre-salmentako bonu esklusiboa: 125 € + gastuak.
  • Fan bonua: 130 € + gastuak.
  • Salmenta orokorra: 140 € + gastuak.
  • Kuadrilla bonua: 104 € + gastuak (5 bonu erosita 6 jasoko dira). Urtarrilaren 5era arte egongo da eskuragarri.
  • Gaztea bonua: 100 € + gastuak (24 urtetik beherakoentzat, ezinbestekoa da NANa aurkeztea jaialdira sartu ahal izateko).

Eskuratu sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu