'Agur, Otxoa Feroz!' beste lau egunez BBK salan
2023-07-17 11:15 KultureaArrakasta dala eta, beste lau ikuskizun izango dira.
La Otxoak agertokiei agur esateko atondutako ikuskizunak, okupazinoaren % 70 lortu dau programautako zortzi emonaldietan (abuztuaren 20tik 27ra bitartean, Bilboko Aste Nagusian). Harrera hori ikusita, BBK Salak, ikuskizuna produzidu eta jasoko dauen guneak, beste lau egunez (abuztuak 31, irailak 1, 2 eta 3) oholtza gainean ikusteko aukerea eskainiko dau eta sarrerak salgai dagoz dagoeneko.
La Otxoa, Bilboko personaiarik maitatuenetako bat, 75 urtegaz, BBK Salaren produkzino eszeniko barriaren, ¡Agur, Otxoa feroz!, protagonista izango da. Lana BBK Salan bertan estreinauko da Aste Nagusian. Antzezlan musikal honek José Antonio Nielfaren (Bilbo, 1947) gorabeherak kontetan ditu, San Frantzisko auzoan izan eban umezaroa eta diktaduran eta transizinoan LGTBIQ+ ikusgarritasunaren alde egindako burrukea.
BBK Salak, gainera, aste honetan leihatila ezohiko moduan edegiko dau. Bilboko Kale Nagusiko lokala abuztuaren 8ra arte oporrak dirala eta zarratuta dagoan arren, gaurtik, hilak 17, barikura, garagarrilaren 21era, edegita egongo da goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:00ak arte sarrerak erosi ahal izateko. Horri esker, online erosketeagaz horren ohituta ez dagozan ikusleei ¡Agur, Otxoa feroz! ikuskizunerako sarbidea eskaini nahi jake. Leihatilako prezioa aretoko webguneko bera izango da: 18 €.
Zehetasun gehiago ikusteko: salabbk.bbk.eus
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!