La Otxoak agur esango deutse agertokiei Aste Nagusian

Bizkaie! 2023-06-12 12:54   Musikea

¡Agur, Otxoa feroz! Bilboko BBK Salan izango da ikusgai abuztuaren 20tik 27ra.

La Otxoa, Bilboko personaiarik maitatuenetako bat, 75 urterekin, BBK Salaren produkzino eszeniko barriaren, ¡Agur, Otxoa feroz!, protagonista izango da. Lana BBK Salan bertan estreinatuko da Aste Nagusian. Antzezlan musikal honek José Antonio Nielfaren (Bilbo, 1947) gorabeherak kontetan ditu, San Frantzisko auzoan izan eban umezaroa eta diktaduran eta transizinoan LGTBIQ+ ikusgarritasunaren alde egindako burrukea.

La Otxoari eta bere ibilbidean lagun izan dituan ganerako personaiei bizia lau antzezlek emongo deutsen arren, Nielfa bera be agertuko da eszenan abestirik gogoangarrienetako asko zuzenean interpretetako. Unai Izquierdo dramaturgo, antzezle eta kazetaria, José Pérez Ocaña edo Miguel Hernándezen antzerki-lan biografikoak egin dituana da ¡Agur, Otxoa feroz! ikuskizunaren gidoiaren arduraduna, La Otxoaren umezaroan eta izarra izateko bidean ardaztuta. Hori idazteko, Izquierdok personaiari buruz dauen ezagutza handia izan dau ardatz.

Ez da gai arantzatsurik baztertzen, kartzelea, drogak, maitaleak... Amildegiaren ertzean bizi zarenean dana arriskatzen dozu, autortu dau Nielfak berak. Hori guztia bizitea egokitu jat eta kontau beharra egoan lan honetan. Hori bai, nahiz eta bere bizi-ibilbidea oso hunkigarria izan, antzerki-muntaiak umorearen alde egiten dau, La Otxoaren bereizgarria, beti izan baitau alaitasuna ikur. Getari Etxegarai ikuskizunaren zuzendariak dualtasun horretan sakontzen dau: Obra honetan publikoak personaiaren atzean dagoan gizakia ezagutu ahal izatea gura dogu, gauza garrantzitsuez berba egin nahi dogu, baita min emoten daben gauza batzuez be, baina komedia gogoan hartuta.

Horretan lagunduko dabe La Otxoaren abestiek eurek be, per se umorezkoak baitira. Todas al fútbol, Sola en la ikastola eta Sexual y autoritaria abestiak, eta bere arrakasta handien eta zaharren bilduma bat, zuzenean eta akaso azkeneko aldiz José Antonio Nielfak berak interpretauko ditu. Ni orain primeran nago, bai maila fisikoan baita mentaldean be eta proiektu honek ilusinoa eta barriro ekiteko gogoa bueltau deustaz, pandemiak kendu eustazanak autortu dau. Etxegarai eta Izquierdo, ganera, beste bi antzezlek (Gemma Martínez eta Arnatz Puertas) osotzen daben taldeko kide dira: Leire Orbe da zuzendari laguntzailea eta Gorka Mínguez produkzino-zuzendaria.

¡Agur, Otxoa feroz! (gaztelaniaz) BBK Salaren laugarren produkzino propioa da, 2021ean, arte eszenikoak programetako apustuaz gan, aretoa sorkuntza-zentro independente bihurtzea erabagi baitzan. Eregitako lehen muntaiak, 2021eko Yerma antzezlanak, María Goiricelayari Antzezlanaren Egokitzapen edo Bersino Onenaren Max 2023 Saria emon euton. Ondoren, Borderland ganbera-operea etorri zan, orain 10 egun Madrilen (Fernán Gómez Antzokian) lehen aldiz emon dana. Eta joan den urtarrilean, Yarin jantza-piezea emon eben, gaur egun biran dabilena, datorren abuztuan geldialdia egingo dauelarik Amerikan.

Aurrekoak bezela, ¡Agur, Otxoa feroz! BBK Salaren helburuetan sartzen da, bertoko talentuaren, bardintasunaren eta kalidadearen alde egiten dauen etxe legez, arduradunen eretxiz. Horri gehitu behar jakoz, kasu honetan, dagoeneko gure Herriaren historia dan figura baten aldarrikapena eta omenaldia: takoi eta uleordedun poetea da, lentejueladun juglarea, beti askatasun menperaezina erakutsiz bidea edegi ebana, laburbatu dau Izquierdok. Sarrerak gaur egongo dira salgai Kutxabank sarean (18 €).

Fitxa teknikoa

- Antzezleak: José Antonio Nielfa La Otxoa, Getari Etxegarai, Unai Izquierdo, Gemma Martínez eta Arnatz Puertas.
- Egilea: Unai Izquierdo.
- Zuzendaria: Getari Etxegarai.
- Zuzendari laguntzailea: Leire Orbe.
- Produkzino exekutiboa: Gorka Mínguez.

Xehetasun gehiago ikusteko: salabbk.bbk.eus

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu