Gehi Zazpi taldearen kontzertua Angurreta Harrobian
2023-05-31 11:15 MusikeaHitzordua bagilaren 4an izango da, 12:00etan.
Mañariko Angurreta Harrobia Arte Espazioan biolontxelo doinuak nagusituko dira bagilaren 4an. Eguerdiko 12:00etan doban izango da kontzertua. Euria egingo baleu kontzertua bertan behera geratuko da.
Kontuak kontu, kultur garaikideko adierazpen askotarako agertoki bihurtzeko bidea egiten hasiko da Angurreta.
Gehi Zazpi Biolontxelo taldean, Durangoko Musika Eskolako hainbat ikasle dagoz; taldea 2011. urtean, Irati Ortubia irakaslearen zuzendaritzapean sortu zan. Hasieran proiektu pedagogiko lez sortu bazan be, era askotako ekitaldietan parte hartu dau.
Gehi Zazpiren errepertorioan, estilo guztietako obrak dagoz, besteak beste, obra klasikoak, pelikuletakoak, boleroak, ragtime, edota Fito&Fitipaldis eta Gatibu.
eta Metallicaren kantuak.
Denboraren Aztarna erakusketea
Angurreta Harrobia Arte Espazioan, maiatzaren 19tik, Denboraren Aztarna Tanadori Yamaguchi japoniarraren lanak dagoz erakusgai. Arteaz eta naturaz gozetako eta, aldi berean, bisitariaren begiradea zabaltzeko balio daben hainbat eskulturaren instalazinoa sortu dau. Lau piezek denporearen joan-etorriaren lekuko izan nahi dabe.
Eskulturak egitura poliedriko irregularrak dira. Hiru, lau edo bost aldeko irudi poliedrikoak kateatzen dira. Irudi horreek hainbat forma hartzen ditue, sortu diran lekura egokitzeko. Horreetako bakotxa harrobiaren espazioagaz, dagozan maila eta terrazakaz buztartzen da. Mobimentu infinituaren sensazinoa sortzen dabe, arpegien argitasuna etenbarik aldatzen dalako eguzki-argia islatzean, argi-itzalen joko dinamikoa sortuz.
Angurreta Harrobia Arte Espazioa
Arte garaikidea lantzeko espazioa 2021ean zabaldu eben Mañarian. 1970eko hamarkadatik geldi dagoan harrobia da. Victor Arrizabalaga artistea buru dala, kulturgune bat atontzea erabagi eta alkarte bat sortu dabe: Angurreta Harrobia Kultur Alkartea.
Victor Arrizabalaga artistearen lan batzuk dagoz bertan, naturgunea errespetauta. Harrobiko elementu mardulenak be arte espazioaren parte dira, eskualdeko historiaren erakusle.
Angurretako harrobi zaharra Mañariko Aldebaraieta auzoan dago. Bertatik ataratako harria ezaguna egin zan eukan marmol kutsuko tonu baltzagaitik, Mañariko grisa esaten jakon.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!