Tadanori Yamaguchi japoniarraren erakusketea Mañariko Angurreta Harrobia Arte Espazioan
2023-05-19 13:55 KultureaArteaz eta naturaz gozetako lau instalazino erraldoi dira.
Tadanori Yamaguchi eta Victor Arrizabalaga
Gure iruditerian giza esku-hartzerik behar ez daben leku magikoak dagoz. Baina, badira beste batzuk ezustean pasauko litzatekezanak esku-hartze horregaitik ez balitx. Horixe da, hain zuzen, Angurreta Harrobia Arte Espazioaren kasua: antxinako meatze-ustiapena, naturaz betetako parajea, gizakiaren esku-hartzeari esker ezohiko bihurtu da.
Tadanori Yamaguchi artista japoniarrak arteaz eta naturaz gozetako eta, aldi berean, bisitariaren begiradea zabaltzeko balio daben hainbat eskulturako instalazinoa sortu dau. Lau piezek denporearen joan-etorriaren lekuko izan nahi dabe.
Tadanori Yamaguchi (Nagoya, 1970) japoniarraren arte publikoko proiektuek adierazpen-sintesi sakona eta sensibilidade estetiko bikaina dira, jatorri japoniarreko izakerearen emoitzea. Haren lanotan ingurunea, naturearen dinamismoa eta denporearen joana dira ardatz.
Mañariako Angurreta Harrobia Arte Espazioan be denporearen joan-etorriaren lekuko izatea lortzeko, aluminiozko estanpazino bat egin dau artisteak harriaren gainazalean. Estanpazino horren bidez, harriaren morfologia eskulturara transferidu eta mendiak jasan dauen ustiapen eta eraldaketa-prozesuari buruzko informazinoa jaso nahi izan dau.
Eskultureak egitura poliedriko irregularrak dira. Hiru, lau edo bost alde dituen irudi poliedrikoak kateatzen dira. Irudi horreek hainbat forma hartzen ditue, sortu diran lekura egokitzeko. Horreetako bakotxak harrobiaren espazioagaz, dagozan maila eta terrazakaz edo paisajeahazko loturak planteetan dau. Mobimentu infinituaren sensazinoa sortzen dabe, arpegien argitasuna eten barik aldatzen dalako eguzki-argia islatzean, argi-itzalen joko dinamikoa sortuz.
Izakera minimalistea dauen egiturazko formalismoak estetika dekonstruktibistea definiduten dau instalazino honek. Ad hoc instalazinoak, tokiko memoria errespetauta, gauzen iraunkortasunari buruz galdetzen dau, baita errealidadeari eta irudikapenari buruz be.
Ekitaldiak eta bisitak
Angurreta Harrobia Arte Espazioan urtean zehar kultur ekitaldiak atonduko dira. Tanadory Yamauochiren instalazinoaren erakusketarako egingo den ekitaldiagaz batera:
Maiatzak 20
- Eguerdian - Mañariko herritarrentzat bisita gidatua Tadanori Yamaguchi artisteagaz.
- Iluntzean Maite Arroitajauri Mursego musikariaren kontzertua.
Mañariko herritarrentzat eta Angurreta Harrobia Arte Espazioko lagunentzat. Euria egiten badau kontzertua Mañariko Errose Bustinza kultur etxean izango da.
Bagilak 4
- Gehi Zazpi biolontxelo taldearen kontzertua.
Garagarrilak 8
- Koldobika Jauregi artistearen performancea.
Bisita gidatuak enkarguz izango dira angurreta@gmail.com helbide elektronikora eskariak bideratuta eta prezioa personako 5 eurokoa izango da. Ganerakoan, Angurreta Harrobia Arte Espazioa edonork bisitau leike, doban, baina beti be lagundutako bisitea izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!