ETSk 'Konkista' diskoa kaleratuko dau abenduaren 5ean

Bizkaie! 2025-11-11 11:00   Musikea

Kontzertua eskainiko dau, hilaren 30ean, Buesa Arenan (Gasteiz).

ETS taldeak Konkista izeneko seigarren diskoa aurkeztuko dau zemendiaren 30ean Gasteizen egingo dan ekitaldi esklusiboan.

Azken lana egin ebenetik hiru urte pasau dira eta urtebete birarik egin gabe egon ondoren, ETS inoiz baino indartsuago bueltau da, Konkista lanagaz. Diskoa abenduaren 5ean kaleratuko da eta Durangoko Azokan egongo da.

Musikariek ondokoa adierazo dabe: 'Konkista' kontrastez betetako lana da: emozino mingarriak, zauriak eta orbanak beharrezkoak dira bizitea ulertzeko. Bizitearen irudikapena da, kontraesanez eta anbibalentziaz betea. Kaos emozinonaletik sortutako diskoa da, barruko konkista baterantz aurrera egiteko ditugun orbanak ulertzen saiatzen dana. Mundu guztiak haren lekua topauko dauen babeslekua.

ETSk nazinoarteko produktoreak izan ditu, soinu abangoardistenak euskerazko musika panoramara eroateko. 

Estreinaldi errepikatuezina, komunidadea protagonista

Konkista zemendiaren 30ean, 18:00etan, aurkeztuko da Buesa Arenan (Gasteiz), lehenengo aldiz eta behin bakarrik, Arabako Foru Aldundiaren babeseari esker posible izan dan ekitaldi berezian. Haren komunidadeagaz diskoa beste inork baino lehen partekatzeko eta taldearen eskutik kantu bakotxaren atzean dagozen istorioak eta emozinoak ezagutzeko pentsautako ekitaldia da.

Ikus-entzunezko edukiak be estreinauko dira eta interakzino momentuak egongo dira. Hitzordua, intimo eta sinbolikoa, plaza mugatuekaz, ETSk haren jentearentzako opari bezela planteetan da.

Ekitaldiak prezio sinbolikoa eta plaza mugatuak izango ditu, ETSk haren komunidadeari oparitu gura deutson formatu errepikatuezinean. Sarrerak zemendiaren 13an egongo dira eskuragarri 11:00etan (hemen) eta aurresalmenta esklusiboa egongo da ETS komunidadarentzat zemendiaren 12an 11:00etan. 

Ekitaldiak Gaztearen laguntzea dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu