Latzen, eta hirugarrenean...

Bizkaie! 2025-11-06 09:07   Musikea



Talde baten bueltea, ez da begitazinoa izan. Kontau deutsuen eta danon ahotan dabilen hori, egia da. Erabat baieztatzeko momentua. Latzen hemen da. Bueltau dira eta oholtzan ikusi eta entzungo doguz oñatiarrak. Hemen dira. Eta gero, album barriaren ondoren, datorren urtean, bueltau -barriro be- oholtzara eta birak egiteko amesagaz.

Latzen, laukotea orain be. Hori bai, ez dira hasierako lau hareek. Gogoratzen dituzu? Aitor, Joxe Mari, Gorka eta Iker. Orduan bai, baina gaur ez, ostera, Iker Martinez de Zuazo falta da 2025ko Latzen honetan, lehen gitarrista orain Yerko Ortizen eskuetara pasau da. Belaunaldi barriko gitarristea. Eta holan, Euskal Herrian eta euskeraz egindako metalaren bigarren olatuko laukoterik gogorrenetakoa izandakoak, jarraipena emongo deutso bere ibilbide indartsuari.

Latzen, 1993tik 1999ra lehenengo, maketa bat eta estudioko bi lan luze. Heriotzari Deika (mak), Kontzientzia ala Infernua, Ardi Larruz. Lehen geldialdia. 2008an, keinu bat egin zorra kitatzeko eta, zuzeneko diskoa eta DVD bereziak etorri ziran, Hellmuga. Zer da, izan be, zuzenekorik bako metal talde bat? Eta hortik aurrera urteetako ixilunea eta...

Eta, inongo barririk bako, horrenbesteko hutsunearen aurrean kapitulu hau zarratutzat emoten genduanean, herrian, Oñatin, hasi ziran lehen zurrumurruak. Oñatin, Deba-Goienan, Gipuzkoan, Euskal Herrian. Baita hemendik kanpo be... Aitor, Joxe eta Gorkak ezin eutsen honi iges egiten itxi. Ikerrek beste proiektu eta konpromiso batzuk ditu eta ez dau tren honetara igon.

Eta bueltau bai, baina horrenbeste denporaren ondoren, zelan? galdetuko dabe eszeptikoenek. Aurten, Zorrotzan lehenengo eta gero Hatortxu Rocken zuzenean ikusi dituenek dabe erantzuna. Eta horreen artean ez bazara, orain, Memento Mori entzuten dozunean, zeuk be bai. Lehen segundutik hasita, abesti barri honen sarrerea, estribillo, solo eta bestelakoek jarriko dabe egungo Latzen bere lekuan. Metala. Euskal Herrian inon gitxitan bezela lantzen dan metala. Horregaz joan ziren, eta horretara datoz. Hau, orduan izan zan Latzen bat da, baina hemendik aurrera izango dana be bai!

Gasteizko Silverstar estudioan Iker Bengoak produzidu eta grabautako Memento Mori singlea eta Bideolanen eskutik datorren honen bideoklipa lehenengo eta urtea amaitu aurretik hirugarren estudio-iraupen luzekoa. Eta urtarriletik aurrera, kontzertu birea be bai. Jimmy Jazz, Santana 27, Leyendas del Rock... Horreek lotuta eta laster datozenak... Ez itxi denoreari iges egiten, Memento Mori! Latzen!

Kontzertuak

Erosi sarrerak hemen.


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu