Martxan da 56. Tolosako Nazinoarteko Abesbatza Lehiaketea

Bizkaie! 2025-10-31 11:16   Musikea

Danetara, 19 abesbatzek parte hartuko dabe.

Martxan da Tolosako Ekinbide Etxeak atondutako 56. Nazinoarteko Abesbatza Lehiaketea. Astebeteko epean, sariketa bien bueltan ia 700 persona hartuko ditu Tolosak, parte-hartzaile, epaimahaikide eta boluntarioen artean. Mundutik etorritako 19 abesbatza izango dira Tolosan.

56. Tolosako Nazinoarteko Abesbatza Lehiaketea urriaren 30ean hasi zan. Lau egunetan, sei hitzordu izango dira, lehiaketearen barruan. Guztiak, zemendiaren 1eko goizeko konzertua ezeze, Leidor Antzokia izango dira.

  • Urriak 30, eguena. 19:00. Polifonia eta folklore modalidadeetako ganbera abesbatzak.
  • Urriak 31, barikua. 16:00. Polifonia eta folklore modalidadeetako ganbera abesbatzak.
  • Urriak 31, barikua. 19:00. Polifonia eta folklore modalidadeetako ganbera abesbatzak.
  • Zemendiak 1, zapatua. 11:00 (Jesuitinen eleizan). Musika erlijiosoko ahots taldeak.
  • Zemendiak 1, zapatua. 16:00 (Leidor). Musika Profanoko ahots taldeak.
  • Zemendiak 2, domeka. 11:00. Lehiaketearen amaierako saioa eta sari-banaketea.  

Finalaren ondoren, zemendiaren 2an, abesbatza guztien arteko bazkaria izango da Zerkausian eta lehiaketearen bueltako ekitaldiei amaiera emoteko, Skovoroda (Ukraina – Polonia) abesbatzak kontzertua eskainiko dau San Frantzisko eleizan, 19:00retan.

10 herrialdetako bederatzi ganbera abesbatza (17 eta 40 kide artekoak, polifonia eta folklore modalidadeetan abesten dabenak) eta bost ahots-talde (4 eta 16 kide artekoak, musika erlijioso eta profanoa jorratzen dabenak) izango dira Tolosan. Besteak beste, Indonesia, Austria, Venezuela, Estonia, Alemania, Ukraina, Estadu Batuak, Suedia edo Japoniako taldeak ikusteko aukerea izango da.

Kontzertu guztietarako sarrerak hemen dagoz salgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu