Delirium Tremens taldearen agurra, zemendiaren 29an, Bilboko Santana 27 Aretoan
2025-10-31 08:20 MusikeaEuskal Herriko rock eszenako talde mitikoenetakoa bajoaku.
 
    			
		Inoiz ahaztuko ez dogun gaua izango da, Mutrikuko laukoteak azken kontzertua eskainiko baitau. Kontuak kontu, JAN taldearen aurkezpen kontzertua be izango da eta oholtzan agertuko dira Elortxa (Jotakie), Katu (Baldin Bada), Aiora (Zeaz Mays) eta Roberto Moso eta Txontxu (Zarama). 
Ekitaldi honek belaunaldi oso baten soinu-bandea izan dan taldeari omenaldia egin eta azken agurra emongo jako euskal musika eszenan itxitako aztarna sakonari. Erosi sarrerak hemen.
1980ko hamarkadan sortua, Delirium Tremens berehala bihurtu zan euskal rockaren ikur. Taldearen erritmo indartsuak eta zuzenak ziran eredu, konpromiso handiko berbak eta zuzenean energia basatia eskaintzen zituen, belaunaldi oso baten ahotsa. Taldearen disko klasikoak, besteak beste, Ikusi eta Ikasi (1986), Hiru Aeroplano (1988) edo Bilbo Zuzenean (1991), belaunaldiz belaunaldi pasau dira eta gaur egun be euskal rockaren historiako lan esanguratsuenetakoak dira.
2019an, Iñigo Muguruzaren omenaldian parte hartu eben.
2022an agertokietara bueltauko zirala iragarri eben BECen kontzertu bategaz eta Hordago (2022) izeneko disko barriagaz. Harrerea apoteosikoa izan zan, Delirium Tremensek imaginario kolektiboan bizirik jarraitzen ebala berretsiz.
Kontuak kontu, 2024ko abenduan kaleratu eben azken lana, ...Ta Nora? (2024) eta desegitea 2025ean etorri zan.
Azken lan horrek aurrekoaren bideari segiduten deutso baina oraingo honetan tonu nostalgikoago eta sakonago bategaz. Delirium Tremensek beti izan dauen indarra eta koherentzia artistikoa erakusten ditu.
Taldearen esanetan, -...Ta Nora?- galdera existentzial bat da, hareen ibilbideari erreferentzia eginez eta, era berean, belaunaldi oso bati zuzendutako mezutzat hartu daiteke. Azken kontzertu hau, beraz, ez da bakarrik musika saioa izango, hitzordu historikoa baino, belaunaldi baten sentimendu kolektiboa. Musikaz gan, taldearen ibilbideari, garaiko testuinguru sozial eta politikoari eta Delirium Tremensek musika eta identidadearen inguruan sortutako diskursoari egingo jako gorazarre.
Delirium Tremensen azken kontzertua izango da, baina euren musikea betiko izango da geugaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

 
 
