Sol Band Gaza, Palestinako erresistentziaren ahotsa EHUra helduko da
2025-11-11 07:56 MusikeaZemendiaren 13an, Sol Band Gaza taldearen kontzertua izango da Leioan.

Palestinar herriaren itxaropen eta erresistentziaren ikur bihurtutako taldea 2012an sortu zan Gazan eta bertako kultura garaikidearen adierazpen boteretsuenetako bat bilakatu da. Lau gizonek eta emakume batek osotua, Sol Band Palestinako herentzia kulturala ospatzeko eta zoritxarraren erdian itxaropena sortzeko helburuagaz sortu zan, musikea okupazinoari eta blokeoari aurre egiteko hizkuntza unibersal lez erabiliz. Taldean honako honeek dagoz: Rahaf Shamaly eta Hamada Nasrallah (ahotsak), Fares Anbar (perkusioa), Said Fadel (perkusioa, teklatuak eta oud), Abdelkader Abood Abuqassim (teklatuak), Ahmed Haddad (gitarra) eta Samir Alborno (soinu ingeniaria).
2023 eta 2024 artean Gazan izandako genozidioaren eta blokeoaren lehen zortzi hilabeteetan, SOL BANDeko kideek abesten, joten eta sortzen jarraitu eben, eraso eta hondakinen artean. Desolazinoak, goseak eta behartutako desplazamenduak eragindako umeei poz txipriztina eroan nahi izan eutsen, erasoak ziran bitartean bideoklipak grabau eta sareetan itxaropen eta erresistentzia mezuak zabalduz. Orduan esaten eben bezela: mundua isilik dago, baina guk kantau egingo dogu dana kontetako.
Abestiek erresilientzia eta baikortasun espiritu hori islatzen dabe eta konposizinoen artean, 30 kantu tradizional eta 10 kantu original, indarra eta konfidantzea emoten daben letrak dagoz: “laster zaltasunak gainditu eta barre egingo dozu. Izan positiboa, saiatu eta erlajau.
Laster bueltauko dira egun handiak, segurutik
Gaza barrutik, hareen errealidadea kontau eben eta munduari laguntzinoa eskatu eutsen, biktimei omenaldia eginez, eraildako umeei. Hareen piezarik hunkigarrienetako bat, Gure seme-alabak txoriak dira zeruan, Israelgo armadeak eraildako umeei eskainia dago.
Gazatik mundura eta Euskal Herriraino
2024ko apirilean Gazatik Kairorantz eta ondoren Qatarrera urten eta lan artistikoagaz jarraitzea otu jaken; erasoetan grabautako azken bideoklipa be egin eben. Urte bereko garagarrilean, hareen zuzendari artistikoa zan Saadi Mdoukhen hilketearen barri tragikoa jaso eben.
Euren musikeak Palestinako tradizinoetan sustraituak baina lengoaia garaikide bategaz garatuak, folk elementuak eta pop eraginak buztartzen ditu. Letrek, desplazamenduak eta gerran idatzitakoak, maitasuna, galera, itxaropena eta duintasuna jorratzen ditue. Taldekideen eretxiz, 'gure asmoa da artearen eta memoriaren bidez herri palestinarraren ahotsari bizirik eustea.
Kulturatik – Kultur Sortzaileak Palestinagaz ekimenari esker, musikariak 2024ko maiatzaren 1ean heldu ziran Euskal Herrira, eta hemen nazinoarteko babesa eskatu dabe. Gaur egun Donostian eta Hernanin bizi dira, eta datozen hilebeteetan disko barri bat grabetako azken pausuak emoten dabiz. Igor Otxoa Euskadin daben ordezkariak orain zazpi urte ezagutu zituan, Zornotzan bizi dan Mohammed Farajallah palestinarraren bidez, eta ordutik sortutako giza lotura azpimarratu dau: Gazatik urten ebenetik hartu-emonetan jarraitu genduan hareei laguntzeko eta aurten, azkenean, hona ekartea lortu dogu, esan dau Otxoak.
Aurretik be mundu osoan zehar zabaldu izan dabe euren mezua, Jerash (Jordania, 2023), Arabesque (Frantzia) edo Copacabana (Belgika, 2021) lako jaialdien bidez. Norvegian eta Frantzian be ibili dira, eta aurten Euskal Herrira heldu diranetik, Musikaire (Elorrio) eta Atlantikaldian (Errenteria) parte hartu dabe.
Izan zaitez gure ahotsen eta hareen guztien ahotsen oihartzuna
Tolosako Leidor Antzokian, Galdakaoko eta Oñatiko jaietan eta Galiziako Mare Festival jaialdian be joteko aukerea izan dabe.
Itxaropena entzuteko aukerea
Datorren astean euren musikaz gozetako aukera izango da Leioako campusean. Kontzertua Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Paraninfoan izango da, zermendiaren 13an, eguerdikio 12:00etan, eta doban izango da unibersidadeko komunidade osotzen dabenentzat. Gaur egun Euskal Herrian aterpe daben Gazako ahotsak entzun, sentidu eta haree oihartzuna izateko aukera parebakoa izango da.
Orain berba egin eta abestuko dogu dana kontetako... Entzun eiguzu eta izan zaitez gure ahotsen eta horreen guztien ahotsen oihartzuna, aldarrikatzen dabe Sol Band Gazakoek, dagoeneko talde honen goiburu bihurtu dana, hondakinetatik abesten baitau itxaropenari bizirik eusteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
