Mikel Soto: 'Euskal Herriak jokabide autoritarioak izan ditu Miranderen kontra'

Dabi Piedra 2023-01-16 08:02   Barriketan

Jon Mirande idazleak bretoieraz idatzitako dozena bat testu euskerara itzuli eta irakurle guztien esku ipini ditu Deabruaren Eskoleak sarean (ikusi hemen). Orain arte euskeraz argitaratu bakoak dira danak. Ganera, Mirandek gaztetan Telesforo Monzoni euskeraz idatzitako gutun batzuk be plazaratu ditue, Olaso Dorrea Fundazinoaren lankidetzeari esker. Testu bakotxaren analisia egin dau Mikel Sotok.

Orain dala urte bi hasi zan Soto bretoierazko aldizkarietan galdutako Miranderen testuen bila. Proiektuan ibili dira, ganera, Deabruaren Eskolako Irati Jimenez eta Esteban Montorio. Bretoieratik frantsesera, Padrig an Habaskek egin ditu itzulpenak; hortik euskerara, Joxe Joxe Austin Arrieta, Edorta Jimenez, Jon Alonso eta Bego Montoriok. Kontraesanez eta probokazinoz betetako obrea erakusten dabe testuok, Miranderen ohiko estilo aberatsean, baina idazlearen inguruko ikuspegia aldatzeko beharra be aldarrikatu dau Mikel Sotok, persona eta autore konplejua izan zalako.

1.- Orain arte euskerara itzuli barik egon dira bretoierazko testuak. Nondik nora sortu zan egitasmo hau?

Hasieratik kontau ezkero, esan behar dot 15 urtegaz ezagutu nebala Mirande, Joseba Sarrionandiaren bidez, eta harrituta geratu nintzan. Miranderen zalea naz, asko irakurri dot, eta gauza bat pentsau neban: badakit Mirandek testuak idatzi zituana bretoieraz, baina bere idazlan hautatuetan eta bestelako bildumetan ez dodaz topau. Txomin Peillenen obretan testu bi agertzen ziran itzulita, hori baino ez. Hortik tiraka, bilatzen hasi eta gauzak topetan hasi nintzan bretoierazko aldizkarietan.

Prozesu luzea izan da, beti ez da erraza izan testuak topetea. Mundua asko aldatu da Mirandek idazten ebanetik, hortaz, testu batzuk digitalizauta dagoz, baina beste batzuk ez. Ganera, han eta hemen bilatuta eta asko irakurrita, topau dodaz Mirandek bere izenagaz sinatu ez zituan beste batzuk. Urte bi inguruko lana izan da. Bestetik, nik banekian Olaso Dorrea Fundazinokoek baeukiezala Mirandek Telesforo Monzoni idatzitako gutun batzuk. Zer egiten gabilzan kontau eta galdetu neutsen ea euren artxiboko testuak argitaratu nahi ete zituen. Oso eskuzabal jokatu eben. Bretoierazko testuak topau, eskaneau, itzuli... Zenbat kostau jatan pentsauta, Olaso Dorreko Urko Aiertzak whatsapp bidez bialdu eustazanean gutunen testuak, mirari modukoa izan zan. Bost gutun ziran eta bizkor eta erraz eskuratu nebazan.

2.- Egunotan bete dira 50 urte Jon Mirande hil zala. Urte biko lanaren ostean, justu-justu heldu zarie urteurrenean proiektua aurkeztera.

Bai, eta eskerrak muga hori izan dogun, bestela oraindino horretan ibiliko ginan beharbada. Izan be, testu bakotxari sarreratxu bat egin nahi izan neutsan, baina gauza asko neukazan kontetako eta oso luzeak urten jataz. Pentsau, testuak eurak, itzulpena eta nire sarreratxuak batuta, ia 400.000 karaktere dira, 300 orrialdeko liburu baten pare. Epemugea izan dogunez, polita izan da garaiz heltzea, Miranderi omenaldia.

3.- Irakurle askori arraro egingo jake Jon Mirande euskal idazleak bretoieraz be idatzi ebala jakitea. Baina lotura estua izan eban Bretainiagaz, ezta?

Jon Mirande euskalduna zan eta euskal literaturan aparteko garrantzia dau, baina gurasoek ez eutsen euskeraz erakutsi, zuberotarrak ziran arren. Horregaitik, bitxia da jakitea, euskeraz ikasi eta alfabetau baino lehen bretoieraz ikasi ebala. Hain zuzen be, bretoierak biztu eutsan argia, orduan konturatu zan euskerea ikasi behar ebala. Askotan aitatu izan da Bretainiagaz eukan loturea, baina, hurragotik begiratuta, ikusten dogu funtsezkoa dala Miranderen bilakaeran, besteak beste, politikan. Miranderen lagun bretoi batzuk eskuma muturrekoak ziran, eta asko markau eben haren ikuskerea: Monzoni bialdu eutsan gutunetako batean, bere burua kristau eta demokratatzat joten eban, jeltzaletasunetik hur; handik bost urtera, ostera, bere burua faxistatzat aurkeztu eban, nazi eta antisemitatzat. Miranderi buruz gehiago jakin nahi badogu, Bretainiaz be gehiago jakin behar dogu.

4.- Dozena bat testu ekarri dozuez bretoieratik eta frantsesetik euskerara, Padrig An Habask itzultzailearen lanari esker. Zelako ezaugarriak ditue idatziok?

Gehienak saiakerak dira, gai ugariren ingurukoak. Batzuk oso politikoak dira, esate baterako, Begirada bat Francoren Espainiari edo Ben Gurion jauna nazional-sozialista da, ala?, azken hau probokazino itzela da. Beste testu batzuek, ostera, erakusten dabe Mirandek kultura zelteagaz eukan miresmen handia. Bere paganotasuna, neurri batean, Bretainiatik eta kultura zeltatik dator. Horreek dira moltso nagusi biak, baina gero baditu poema bi be, ariketa literariotzat hartu leitekezanak: bata gudu-kantea da eta bestea transgresino moduko bat, mozkorraldi batean idatzia.

Bigarren poema hori aitagarria da, euskal literaturako tabu ugari apurtzeko asmoa dauelako. Edorta Jimenezen eta bion interpretazinoa da adar-jotea dala, tabuak apurtzeko asmoz, adibidez neska baltz gazte bategaz sexua izan dauela esaten dau.

5.- Bretainiako testuei gehitu behar jakez Monzoni idatzitako gutunak, batzuk Mirande gazte-gaztea zanekoak. Ze barritasun dakarre testuok?

Alde batetik, Miranderen gutunik zaharrena dago, gordeta dagozanen artean, 1948koa. Patri Urkizuk egin eban bilduman agertzen dan zaharrena baino pixka bat lehenagokoa da. Bestetik, nabarmendu behar da Mirandek darabilen euskerea. Gutunetako batean esaten dau urte bi daroazala euskerea ikasten eta harrigarria da ze hizkuntza argia daukan. Ortografiagaz lotutako kontu batzuk kenduta, ia-ia euskera batuan idatzita dagoala esan leiteke; ganera, Monzoni aitatzen deutso euskereak batasuna behar dauela. Egia esan, Mirandek ezohiko dohaina eukan hizkuntzakaz, hamaika ekizan.

6.- Zergaitik erabagi eban Mirandek Monzoni gutunak bialtzen hastea?

Monzonengana joten dau hau buruzagi abertzaletzat eukalako, miresmen handiz idazten eutsan. Euskadiren alde zeozer egin nahi ebala esaten eutsan, baina ez ekiala zelan. Ganera, idazlea dalako be ezagutu nahi eban Monzon; Urrundik, Monzonek erbestean idatzitako liburua, irakurrita eukan ordurako. Pare bat gutun geroago, bere poemak bialtzen hasten jako Mirande, hau da, argi eta garbi dago Monzonengana hurreratzen dala idazlea dalako, buruzagi abertzalea izateaz gan.

Euskal literaturea aztertzen dogunean, belaunaldika banatzen doguz idazleak eta horrek ez deusku bape onik egiten, idazleen arteko loturak apurtzen doguzalako. Miranderen kasuan, euskal poesia modernoaren aitzindaritzat joten da, Gabriel Arestigaz batera, aurreko guztiagaz apurtzen dabe. Baina Mirandek Monzoni esandakoak irakurrita, gerra aurreko belaunaldiagaz loturea be badago, Lauaxeta, Lizardigaz... Eta Miranderentzat Monzon da katebegia, gerra ostean, erbestean, poesia idazten hasi zan lehenengoa izan zalako.

7.- Jon Mirande idazle polemikoa eta probokatzailea izan zan, nazien aldekoa, tabuen kontrakoa... Gaur egun dogun eretxia gehiegi baldintzatu dau irudi horrek?

Autore eta persona konplejua dala pentsau behar dogu lehenengo, eta hori kontuan izanda aztertu behar dogu, lasaitasunetik. Ez dot ezagutzen euskal idazle bakar bat be Miranderen ideologiagaz bat datorrenik, beraz, ez dau zentzunik distantziak marketan ibiltea, badirudi behar handiegia dogula esateko gu ez garela naziak. Jakina ez garena. Mirandek ez dauka jarraitzaile politikorik, bere ekarpena beste bat da. Testuetara horrek emoten dauen lasaitasunagaz hurreratu behar dogu.

Mirandek esaten eban bera nazia zala, beraz nik ez deutsat hori ukatuko. Esaten dodana da, nazia bai, baina nahiko nazi kaltebakoa zala: hasteko, bera hasten da nazismoa aldarrikatzen 1948an, gudea galduta egoala eta Nurembergeko epaiketak eginda. Badirudi kontra egiteko asmoz hartutako jarrerea dala, nazi bihurtzea nazismoa modan ez dagoanean. Horrezaz gan, nazismo kulturala da gehiago, politikoa be bai baina urrun joan barik. Jarreraz be ez da aldarrikatzen dauen modukoa; aldiz, euskaldunok Mirandegaz izan doguz nazien antzeko jokabideak. Zentsuratu, jazarri egin dabe.

8.- Autore baztertutzat jo geinke...

Joxe Azurmendik esaten dau Mirande abertzale absolutua dala. Beste guztiaren ganetik, libertadean sinisten dauela esango neuke. Gatxa da nazi batek libertadean sinistea; ostera, erraz ulertzen dogu demokrata batzuek zentsurearen alde egitea, Mirande baztertu izana. Euskal Herriak jokabide autoritario batzuk izan ditu Miranderen kontura. Jokabide horreetara eta Mirandegana, hoba dogu eskuzabaltasunez hurreratu, ulertzeko asmoz.

9.- Literaturan, aldiz, askoren eredu da.

Ez dago zalantzarik. Mirande eta Arestigaz hasten da modernotasuna euskal poesian. Maldan behera aitari eta Jon Miranderi eskaini eutsen Arestik. Poesia sozialaren atea zabaldu eban Arestik, besteak beste. Mirandek, ostera, uniberso oso bat zabaldu eban. Ez zituan hainbeste poema idatzi, baina dagozan horreetan agertzen diran munduak barriak dira, guztiz: lesbianismoa lehenengoz aitatu eban Mirandek euskal poesian, paganotasuna agertzen da bere obran... Barriro ekarriko dot Joxe Azurmendiren esanetako bat, Frankismoaren iluntasunean Mirande argi indartsua izan zala dino. Hortaz, euskal literaturara hurreratzen dan edonork, irakurten hasi eta Miranderen obrara heltzen danean, aberastasun eta poliedrikotasun ikaragarria topetan dau, horregaitik dagoz, edo gagoz, horrenbeste Miranderen zale. Testuok sarean zabaldu doguzanean, jente askok bialdu deuskuz mezuak, esanez ze pozgarria izan dan, Miranderen argi horrek belaunaldi barriak argitzen segitzen dau.

10.- Autore klasiko askoren obrea be berreskuratu eta gizarteratu dozue Deabruaren Eskolakoek. Aurrerantzean zer egingo dozue?

Deabruaren Eskolakook, Irati Jimenezek, Esteban Montoriok eta hirurok, badogu sinismen moduko bat: euskal literaturea, txikia dan arren, ikaragarri zabala da. Liburuetara jo beharrik ez dago, gutunetan edo alkarrizketetan topau geinken edertasuna handia da. Orduan, edertasun hori plazaratu nahi dogu, pixkanaka. Pandemian jaio zanez, ia derrigorrez online proiektua da, baina hasieratik dogu offline be jarduteko gogoa. Esate baterako, euskal literaturan Julio Cortazarregaz lotuta dagozan testuak Cortazar liburutegira eroan genduzan. Bide horretan jarraitzea da asmoa: webgunea aberastu, ze dagoeneko 500 testu baino gehiago dagoz; eta webgunetik kanpo be gauzak egin, euskal literaturan dagoan edertasun hori guztia batu, zabaldu eta konpartiduteko asmoan sakontzeko.

Argazkiak: Juantxo Egaña, Deabruaren Eskola eta Charles Woolf Slide Collection.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu