Euskeraz argitaratu bako Jon Miranderen testuak dakarz Deabruaren Eskoleak

Bizkaie! 2023-01-05 08:05   Kulturea

Mikel Sotoren analisi eta guzti ipini ditue sarean.

Jon Mirande idazleak (1925-72) bretoieraz idatzitako dozena bat testu euskerara itzuli eta irakurle guztien esku ipini ditu Deabruaren Eskoleak, idazle, itzultzaile eta aditu askoren arteko lankidetzeari esker. Miranderen heriotzearen 50. urteurrenaren kontura, proiektuaren barri emon dabe eta testu guztiak webgunean jarri (hemen).

Honakoak ibili dira egitasmoan: Mikel Soto, Irati Jimenez eta Esteban Montorio, hirurak Deabruaren Eskolako kideak; Padrig an Habask, Joxe Austin Arrieta, Edorta Jimenez, Jon Alonso eta Bego Montorio itzultzaileak; eta Urko Aiartza, Olaso Dorrea Fundazinoko zuzendaria.

Alkarlanean, testuok euskal irakurleari eskaintzeko bide osoa egin dabe, urte bi inguruan: lehenik eta behin, euskerara itzuli bako testuak topau ditue; ondoren, Padrig An Habaskek bretoieratik frantsesera itzuli ditu; azkenik, beste kideek frantsesetik euskerara ekarri ditue.

Dozena bat testu dira, bretoierazko aldizkarietan Mirandek plazaratuak. Bada jatorriz frantsesez idatzitako bat be. Horrezaz gan, Olaso Dorrea Fundazinoaren laguntzinoari esker, Jon Mirandek Telesforo Monzoni idatzitako bost gutun be sartu ditue, honeek euskeraz.

Testu bakotxak balio literarioa eta historikoa dau. Bretoierazko eta frantsesezko artikulu eta poemek Miranderen ikuspegi bereziaren barri emoten deuskue, Parisetik Euskal Herria, literaturea eta kontestu politiko-soziala zelan ikusten zituan ezagutzeko bitartekoa.

Monzoni idatzitako bost gutunak, ostera, Mirandek euskeraz idatzitako zaharrenak dira, 1948koak. Gogoan izan behar da Miranderen gurasoak zuberotarrak zirala baina ez eutsela euskeraz erakutsi; hortaz, idazlea hogei bat urtegaz hasi zan euskerea ikasten. Eskutitzetan ikusten da ikaskuntzan egin zituan aurrerapen handiak, euskaltasunaz eukan eretxia...

Honen guztiaren osogarri, Mikel Soto idazle, editore eta Deabruaren Eskolako kideak analisi labur bat idatzi deutso testu bakotxari. Kontraesanez betetako idazlea izan zan Mirande, sarri txarretsia, nazien aldeko jarrerea ebalako. Baina, Sotoren eretxian, batzuetan gogorregi epaitu izan da Miranderen obrea, euren burua demokratatzat euken beste autore batzuen aldean, askotan jarrera kritikagarriagoak izan arren.

Testu eta gutunetan ikusten da, hain zuzen, Jon Miranderen izakera sakona: demokrata, kristau eta abertzaletzat aurkezten dau bere burua sarri. Deserosotasuna eragiten dauen Mirande faxisteaz aparteko beste Mirande bat ezagutzeko modua da Deabruaren Eskolakoek egindako lana.

Gauza jakina zan Mirandek bretoieraz idatzi ebala noiz edo noiz, gerora euskal idazle lez ezagunagoa egin dan arren. Horregaitik ekin eutsan Sotok testuok bilatzeari, eta ondoren batu jakozan ganerakoak. Dana dala, hau ez da Deabruaren Eskoleak euskal literaturearen inguruan martxan jarri dauen lehenengo proiektua: urte biko bidean, 500 bat testu plazaratu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu