Barakaldarren hizkuntza-eskubideak ez dirala beteten salatu dau Sasiburu Alkarteak

Bizkaie! 2023-01-04 08:28   Euskerea berbagai

Egunotako ebazpen judizialagaitik arduratuta dago.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emondako ebazpena txartzat jo dau Barakaldoko Sasiburu Euskera Alkarteak. Udalak azpikontratautako enpresa bati ezin jakola zerbitzua euskeraz be emoteko eskatu adierazo dau epaitegiak eta horrek herriko euskaldunak babes barik ixten dituala dino Sasiburuk.

Ohar batean, gogora ekarri dau Barakaldon 26.000 euskaldun eta 20.000 ia euskaldun dagozala, Eustaten datuen arabera, baina euskeraz bizi izateko oztopoak dituela, baita zerbitzu publikoetara jotean be. Kiroldegi, liburutegi, kulturgune eta halakoetan, sarri, erderaz baino ez dabe arretea jasoten, Sasiburuk salatu dauenez.

Hizkuntza-eskubideak urratzeaz gan, egoera horrek deseroso sentiduarazoten ditu Barakaldoko euskaldun asko, eta euren herrian bertan arrotz dirala ikusten dabe.

Justizia Auzitegi Nagusiaren ebatzia ikusita, alkarteak azaldu dau sistema judizialak ez dituala euskaldunen eskubideak babesten eta, ganera, kontra be egiten dauela. Arazo bildurgarriago baten barri be emon dau Sasiburuk: azken ebazpen hori aurrekari bihurtu daiteke, hau da, euskaldunon eskubideak urratzea betikotu leike.

Hortaz, Barakaldoko euskera alkarte horrek eskatzen dauena da gaur egun indarrean dagoan araudia apliketea, euskaldunei babesa emoten deutsen legeen bidez: 2016ko Udal Legea eta 179/2019 dekretua.

Sasiburuk dei egin deutse herriko eragile kultural, politiko zein sindikalei, erroka honi aurre egiteko orduan bidaide izan daitezan. Euskaldunon eskubideen defensan lanean gabiz eta hurrengo egunotan gaiari helduko deutsagu erantzun egokia emoteko, aurreratu dau alkarteak.

Bestetik, Barakaldoko Udalak aurreratu dau ez deutsala helegiterik jarriko auzitegiaren ebatziari. Errekursorako legezko oinarririk ez dauela ikusten dino. Euskalgintzearen Kontseiluak helegitea ipinteko eskatu eutsan, Justizia Auzitegi Nagusiaren arrazoiak ahulak ziralakoan, baina Udalak ez deutso bide horri helduko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu