Barakaldoko epaia arauen eta euskaldunen eskubideen kontrakoa dala dino Kontseiluak
2023-01-03 12:53 Euskerea berbagaiPotere judiziala hizkuntza-politikea egiten dabilela salatu dau.
Euskaldunen hizkuntza-eskubideen kontrako beste zartako bat da, Kontseiluaren ustez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren kontra emondako ebazpena. Azpikontratauta Udalarentzat lan egin behar dauen enpresa bateko beharginei zerbitzua euskeraz be emoteko baldintzea epaitegietara eroan eban CCOO sindikatuak, eta honeek arrazoia emon deutse.
Kontseiluak larritzat jo dau epaia, Udalarentzat zerbitzu publikoa emoten daben enpresei ezin izango jakelako hizkuntza-eskakizunik ezarri. Hori beste oztopo bat da euskeraz bizi nahi daben herritarrentzat.
Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek eskutitza bialdu deutso Barakaldoko alkateari, babesa agertu eta epaiaren kontrako helegitea jarri deian eskatzeko. Kontseiluak txalotu egin dau Udalaren jarrerea azpikontratentzako hizkuntza-erespideak ezarteagaitik, izan be, herritarrak administrazino publikoetatik zerbitzu guztiak euskeraz jasoteko eskubidea dau.
Euskera ofiziala da EAEn, eta zerbitzu publikoak euskeraz be jaso ahal izateko eskubidea dagoala dino Kontseiluak, baita ardura hori enpresa pribaduen esku ixten bada be: Herritarrak eskubide guztien jaube izaten jarraitzen dau, hizkuntza-eskubideak barne. Hortaz, erabat legezkoa eta zilegia da administrazinoak kontratuetan euskerearen ezagutzea eskatzea herritar guztien eskubideak bermatzeko.
Euskaldunen eskubideen kontrakoa ez eze, gaur egungo araudiaren kontrakoa be bada epaia, Kontseiluaren ustez. 2014ko epai batean oinarritu da Auzitegi Nagusia, baina 2016ko Udal Legea eta 179/2019 dekretua ez ditu kontuan izan. Epaileen arrazoiketea ahula danez, helegitea jartea beharrezkoa dala esan deutso Idurre Eskisabelek Barakaldoko alkateari.
Bestetik, potere judiziala hizkuntza-politika egiteko tresna bihurtu dala salatu dau Kontseiluak, indarrean dagoan legeari kasu egin barik eta euskaldunen eskubideak urratuta. Hizkuntza-politikearen judizializazinoa deitu deutsan horretan, Barakaldokoa beste kasu bat gehiago baino ez dala dino, lehendik be antzeko ebatziak emon ditue epaileek Laudion, Irunen...
Esana geunkan epaitegietatik zartako gehiago etorriko zirala, eta gaur beste bat izan dogu, adierazo dau Kontseiluak. Tamalez, gehiago be etorriko dira, eta horri aurre egin behar deutsagu. Barriro aktibauko dogu kanpo eskuhartzeei modu bateratuan erantzuteko dinamikea, eragile sozialak, politikoak eta sindikalak erantzunean inplikau daitezan.
Azkenik, Kontseiluak gogora ekarri ditu auziagaz lotuta 2022an aurkeztu zituan proposamen bi. Lehenengoak EAEko sektore publikoa euskalduntzeko neurri zehatzak eta egingarriak jasoten ditu, euskal gehiengo sindikalagaz adostuak. Bigarrenak, euskerearen ezagutzearen unibersalizazinoan, herritar helduen euskalduntzea sustatzeko proposamen estrategikoak dakarz, sektoreko eragileakaz alkarlanean garatutakoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!