Irulegiko Eskua jentaurrean erakutsiko dabe bihar, eguena, abenduak 29

Bizkaie! 2022-12-28 09:23   Euskerea berbagai

Iruñeko Planetarioan, 16:30etik 20:00etara.

Hizkuntzalarien artean ez eze, herritarren artean be ikusmina eragin dau Irulegiko Eskuak, euskeraz idatzitako esaldirik zaharrenak dakarzalako. Zemendian emon eban Aranzadi Zientzia Alkarteak pieza horren barri eta jenteak agertu dauen interesa dala eta, publikoan erakutsiko dabe egun bakarrez, bihar, eguena, abenduak 29.

Iruñeko Planetarioko erakusketa aretoan ikusi ahal izango da K.a. I. mendeko brontzezko pieza txikia, arratsaldez. Hain zuzen be, 16:30etatik 20:00etara. Sartzea libre eta doban da, Nafarroako Gobernuak aurreratu dauenez.

Erakusketearen osogarri, berbaldiak emongo ditue Irulegiko Eskua aztertzen ibili diran adituek Planetarioan bertan, 19:00etan hasita. Honeek hartuko dabe parte: Jesus Sesma, Nafarroako Gobernuko arkeologoak; Mattin Aiestaran, Aranzadi Ikerketa Alkarteko kide eta Irulegiko indusketearen zuzendariak; Berta Balduz, Nafarroako Gobernuko zaharbarritzaileak; eta Javier Velaza eta Joaquin Gorrotxategi hizkuntzalariek. Saiook be doban dira, baina aurretik gonbidapena eskatuta.

Orain arte, behin baino ez deutse Irulegiko Eskua publikoari erakutsi. Zemendiaren 16an izan zan, eta Aranguren Ibarreko ikasleek, kolektiboek eta bizilagunek ikusi ahal izan eben, piezea eskualde horretan agertu zalako.

Adituek uste dabe Irulegiko Eskua atean jarten zan piezea zala, bisitariei ondoetorria emoteko edo etxea babesteko. Bost berba ditu idatzita eta lehenengoa, sorioneku, ezagun egin da, gaur egungo zorioneko-gaz dauen antzekotasunagaitik. Testuaren esangurea ezin izan da argitu oraingoz. K.a. I. mendeko euskeraz, edo euskerearen hur-hurreko hizkuntza batean, dago testua; adituek baskoniko izena erabilten dabe.

Signario iberiarra izeneko idazmoldearen aldaera batean idatzita dago Irulegiko eskua, signario baskonikoa izenekoan. Eskualde haretako biztanleek sasoi haretan idazkerea erabilten ebela erakusten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu