Baskoien hizkuntzan idatzitako testurik zaharrena eta luzeena agertu da Nafarroan
2022-11-14 13:12 Euskerea berbagaiK.a. I. mendekoa da Irulegiko eskua dalakoa, eta bost berba ditu.
Balio handiko aurkikuntza arkeologiko baten barri emon dau Aranzadi Zientzia Alkarteak, euskerearen antxinako historia hobeto ezagutzeko bidea emon leikena. Irulegi mendian, Nafarroa Garaiko Aranguren bailaran, Irulegiko eskua dalako brontzezko pieza bat agertu da, baskoien hizkuntzan bost berba idatzita dituana.
Antxinako euskeratzat edo gaur egungoaren aurrekaritzat hartu leiteke Irulegiko eskuko testua, K.a. I. mendearen lehenengo herenekoa dalako eta baskoien lurraldean topau dabelako. Euskeraz, edo euskereagaz lotutako hizkeraren batean, ezagutzen dan testurik luzeena eta zaharrena da.
Adituek uste dabe Irulegiko eskua atean jarten zan piezea zala, bisitariei ondoetorria emoteko edo etxea babesteko. Bost berbetatik lehenengoa, sorioneku lez deszifrau dabena, da gaur egungo euskeratik garbi ulertzen bakarra. Besteen esangurarik ezin izan dabe argitu oraingoz.
Signario iberiarra izeneko idazmoldearen aldaera batean idatzita dago Irulegiko eskua, signario baskonikoa izenekoan. Eskualde haretako biztanleek sasoi haretan idazkerea erabilten ebela erakusten dau.
Irulegiko aztarnategian urteak daroez beharrean, eta Irulegiko eskua 2021eko bagilean topau eben. Inskripizinoa aurtengo urtarrilean ikusi eben lehenengoz, piezea garbitzen hasi ziranean. Harrezkero, hainbat diziplinatako adituak ibili dira berbak eta brontzezko piezea bera aztertzen: arkeologo, hizkuntzalari, geologo, epigrafista, zaharbarritzaile eta kimikariak.
Hortaz, honen guztiaren barri emon dabenerako, oinarrizko ondorioak, behinik behin, ezagunak dira. Aurkezpen publikoan Nafarroako Gobernuko ordezkariek hartu dabe parte, Maria Txibite lehendakaria buru. Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol sailburua, Manolo Romero Aranguren Ibarreko alkatea eta Jokin Otamendi Aranzadi Zientzia Alkarteko presidentea izan ditu lagun.
Azalpenak emoten, honeek adituak egon dira: Mattin Aiestaran (indusketearen zuzendaria), Berta Balduz (Nafarroako Gobernuko zaharbarritzailea), Joaquín Gorrotxategi (paleolinguistikan aditua eta EHUko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedraduna) eta Javier Velaza (epigrafian aditua eta Bartzelonako Unibersidadeko Latindar Filologiako katedraduna).
Bat etorri dira Gorrotxategi eta Velaza: piezea balio handikoa da, antxinako mundura sarbide zuzena emoten deuskulako. Erromatarrak heldu aurretxuan baskoiak zelan bizi ziran ezagutzen lagunduko dau. Orain dala 2.100 urteko Aranguren bailarakoen hizkuntzea, idazkerea eta mundua jasoten dau, dino Gorrotxategik. Hizkuntzalari biek zalantza barik esan dabe testua hizkuntza baskonikoan dagoala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!