Jon Ander Urresti: 'Artea zalantzak sortzeko ariketea izan behar da'
2022-12-19 08:02 BarriketanAntzerkigilea.
Jon Ander Urresti bermeotarrak irabazi dau Durangoko Azokako V. Sormen Bekea, Eucalyptus proiektuagaitik. Gai ugariren inguruan gogoetea egiteko metaforatzat erabiliko dau eukaliptua, ingurumenean eta gizartean eragiten dituan kontraesanak dirala eta. Antzerkia eta jantzea buztartuko dituan pieza garaikidea izango da eta urtebete barru aurkeztu behar dau.
Arte Eszenikoen Goi Eskolan, Dantzertin, jaso eban formakuntzea Urrestik, eta proiektu ugaritan ibili da, aktore, testugile zein beste zeregin batzuetan. Gaur egun, Horman Poster kolektiboko kidea da eta Zaldibarko tragediaz gogoetea egiten dauen Hondamendia antzezlanean be badabil herririk herri. Sormen Bekeari esker, azkenaldion buruan erabili dauen proiektua, Eucalyptus, gauzatu ahal izango dauela eta, pozik dago.
1.- Eukaliptua da zure proposamenaren oinarria. Zelan eta zergaitik otu jatzu arbola hori aukeratzea obra eszeniko baten ardatza izateko?
Askotan, artearen munduan gabizanoi gauzak kanpotik barrura etorten jakuz: momentu batean zeozerk interesa eragiten deutsu eta pentsetan dozu zeozer kontetako egon ahal dala hor, forma eszeniko bat emon ahal jakola. Kasu honetan, behin artikulu bat irakurri neban monolaborantzearen inguruan eta deigarri egin jatan jakitea sistema hori, berez, arazoa dala produktuarentzat berarentzat, makaldu egiten dauelako. Gogorragoak dira beste espezie batzukaz alkarbizitzan dagozan arbolak. Pentsau neban ideakaz bardintsu pasetan dala, askotan modu hegemoniko batean zabaltzen dira idea jakin batzuk, eta horrek indarra kentzen deutse, ze ez gara kapaz auzi hori perspektibaz ikusteko.
Hortik tiraka hasi nintzan eukaliptuakaz eta konturatu nintzan beste gai zehatzago batzukaz be loturea eukala, politikearen inguruan, lurrak banatzeko moduetan... Zeresana emon leiken metaforea da eta horren aldeko apustua egin neban.
2.- Metafora horren bidez, ze gai jorratu nahi zendukez?
Gai batzuk aurreikusi dodaz, esate baterako, lehenago azaldu dodana, monolaborantzearena, errepikapenaren eta totalitarismoaren arteko konparazinoa egitea. Gero, eukaliptua gure lurren kudeaketarako hautatu izanaren atzean zer dagoan aztertu gura dot: kanpotik datorren produktu bat modu masiboan ekartea, eraginkorra baina gure lurrak sikatu dituana. Papela egiteko be erabilten da eukaliptua, orain papelgintzeak beheraldia izan dau, baina ez daigun ahaztu paketeria zerbitzuek zenbat kartoi behar daben, Amazon eta hori guztia oso bogan dago orain, edo fast food eta halakoak eroateko ontziak. Lotura asko egin leitekez eukaliptuan oinarrituta. Guk geure ikuspegitik aztertzen dogu hau guztia, baina mundu guztian zabaldu da eukaliptua, globala be bada.
3.- Eukaliptuak beti dau ospe txarra, ingurunea suntsitzen dauela eta. Baina zuk ez dozu hain ikuspegi zurruna, ezta?
Gustauko litzakit lantzea eukaliptuak geurean dauen estigma hori. Geuk erabagi dogu eukaliptua urrunetik ekartea, geuk ipini dogu geure zerbitzura beharrean, baina orain bera dala erruduna erabagi dogu. Hori immigrazinoagaz be pasetan da sarri: kanpotik ekarten doguz behargin merkeak eta ikusten dogunean gure inguruko tabernari guztiak kanpokoak dirala, orduan hasten zara entzuten guri lana kentzen etorri dirala. Interesetan jakunean gauza bat, ona da; ez jakunean interesetan edo gauza txarrak agertzen diranean, kulpa guztiak leporatu. Hor metaforarako bide interesgarria ikusten dot. Neuk be esaten dot eukaliptua txarra dala, baina ez ahaztu bere ekosistematik kanpo dagoala, Australiako klimara egokituta dago. Bere ekosisteman positiboak diran ezaugarriek, hemengo basoetan landara inbaditzaile bihurtzen dabe.
4.- Ezustea, ezinegona eta harridurea aitatu zituan epaimahaiak. Publikoagan be erreakzino hori eragin nahi dozu?
Bai, publikoagan be halako sensazinoak eragin gura dodaz. Nire ustez, artea zalantzak sortzeko ariketea izan behar da, ez ziurtasunak emotekoa. Orduan, ezinegona eta harridurea sortzea ona da, jenteak ordura arte bere buruari egin ez deutsazan galderak agertzea, planteamendu barriak, bitarteko eszeniko batean, publikoan. Gai bat plazaratzea eta jenteak gogoetea egin deiala, eretxia aldatu edo dana dalakoa. Arteak gaitasuna dau gorputzak modu estetiko batean zeharkatzeko, ea horrek gizartea zelan aldatzen dauen, gitxi-gitxika.
5.- Ziurtasunak baino, zalantzak eskaintzea da zure asmoa.
Ziurtasuna erosotasuna da, bizitzearen aurrean erlajazinoa emoten deusku eta eskatu behar gendukena baino gitxiago eskatzera eroaten gaitu batzuetan. Batez be, eztabaida etiko edo politikoetan gehiago eskatu behar geunke. Horregaitik sortu gura dodaz zalantzak, publikoa ziurtasun egoeratik atera. Eukaliptuak landatu diran moduan, nik zalantzak ereingo dodaz.
6.- Dantza eta antzerkia uztartuko dozuz Eucalyptus-en. Ze funtzio izango dau adierazpide bakotxak?
Antzerkia konkretuagoa da, gauza zehatzakaz identifiketan dogu, zeozeren antza dau. Orduan, antzerkiak eta testuak publikoari lagunduko deutse kokatzen. Jantzeak, ostera, gaitasun abstraktuagoak daukaz eta lagunduko dau publikoa aktibo egoten. Adierazpide bien arteko lerro fina lantzea gustetan jat. Uste dot, jantzeak, gitxiago esanda estimulu gehiago eragiten dituala. Aldiz, antzerkiak norabidea emoten deutso guztiari.
7.- Durangoko aurkezpenean aitatu zenduanez, sortu ahala joango zara obrearen ezaugarriak zehazten, gehiago ikertzen. Baina, estreinaldirako urtebeteren faltan, norantza jo nahi zenduke obra honetan?
Beka hau ikerketa eszenikorako da. Orduan, ikertu behar dot gaiari buruz, baina formeari buruz be bai, hau da, honi guztiari ze forma emon. Momentu honetan, ez dakit ondo nondik nora joko dodan, badaukadaz intuizino batzuk: irudiak, soinuak, flash modukoak... Nire aurreko lanetan antzerki dokumentala erabili neban, gustetan jatalako egiak egia lez erakustea, fikzinoa be agertzen dan arren. Oraingoz hori aurreratu neike.
8.- Sormen Bekea irabazi izanak zer esan nahi dau zuretzat? Bultzada handia da?
Bekeari esker proiektua egia bihurtuko da, orain arte nire buruan egon dan gogo bat izan da, intentzino bat. Orain diru-laguntzinoa, epea eta plazea izango dodaz seguru. Bultzadea da, batez be, epaimahaiak esaten deutsulako ei, hau idea ona da, zeugaz gagoz. Alderdi komunikatiboan be, oihartzun handia dau Durangoko Azokeak, Sormen Bekea urtero emoten dabe, baina beti ez da izaten antzerkia laguntzeko. Alor eszenikoan beka hau irabazi dauen lehenengoa naz, hori ohorea da.
9.- Orain Hondamendia-gaz zabiz, harrera ona izan dauen obra. Beharrezkoa izan da era horretako proposamen ausart bat Euskal Herriko oholtzetan?
Topera gabiz Hondamendia-gaz, proposamen ausarta da, batez be, alde ideologikotik, euskal gobernuaren kudeaketa politiko eta sanitarioaren kontrakoa dalako. Zaldibarren jazo zana kontetako beharrizanagaz lotzen dot obrea, biktimen familiek ez dabelako bersino ofizialik izan, inor ez da joan eurakana azalpenak emoten, gogorra da hori. Beste era bateko gizarte batean sinisten dot, istripuak egon leitekezala onartu behar dogu, baina zergaitik pasetan diran be bai, zergaitik dagoan hilteko aukera handiagoa leku batean beste batzuetan baino, zelan erabilten dan diru publikoa. Hau plazara ateratzea garrantzitsua da niretzat, ohore bat da hau guztia kontetan egotea.
10.- Horman Poster kolektiboko kide zara. Zelan azalduko zeunkez taldearen ezaugarriak eta asmoak?
Dantzertitik heldu gara Maite [Aizpurua], Xanti [Agirrezabala] eta hirurok kolektibora, orain dala hiru urte inguru, baina, berez, Horman Poster gure aurretik egoan, orain dala hamar urtetik [Matxalen de Pedro eta Igor de la Quadra dira beste kide biak]. Gure idea da euskal antzerkian beste estetika baten proposamena egitea, erakustea posible dala gauza irisgarria egitea publikoarentzat baina, aldi berean, abstraktuagoa, ez hain kostunbrista edo errealistea. Demostrau gura dogu aparatu eszenikoak badaukazala beste forma batzuk kontetako, Euskal Herrian egon izan diranetatik kanpo. Jantzatik, arte plastikoetatik edaten dogu eszenea sortzerakoan, euskeraz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!