Jon Ander Urrestik irabazi dau Durangoko Azokako V. Sormen Bekea

Dabi Piedra 2022-12-08 11:32   Kulturea

Eucalyptus proiektuan lurraren eta bizitzearen inguruko gai ugari jorratuko ditu.

San Agustinen emon deutse saria Jon Ander Urrestiri | Ikusi handiago | Argazki originala

Esplotazinorako ekarri genduan kanpotik, eta azkenean berak esplotau gaitu gu. Holantxe aurkeztu dau eukaliptuaren egoerea Jon Ander Urresti bermeotarrak, Durangoko Azokako V. Sormen Bekako irabazleak. Izan be, gai ugariren inguruan gogoetea egiteko metafora aproposa begitantzen jako eukaliptua, ingurumenean eta gizartean eragiten dituan kontraesanak dirala eta.

Sormen Bekearen proiektu irabazlea, Eucalyptus, antzerkia eta jantzea buztartuko dituan pieza garaikidea izango da. Ez da proiektu itxia, sortu ahala joango da forma zehatza hartzen, Urrestik azaldu dauenez: Prozesua bera ikerketea egiteko aprobetxauko dot.

Eukaliptua atxakia izango da, beraz, gure lurren eta bizitzen kudeaketeari buruz gogoetea egiteko. Arbola horrek hartzen dau Euskal Herriaren hedadurearen parte bat, baina plaza publikoan haurnarketarako eta eretxiak sortzeko aukera gitxi igarri dau Urrestik. Ganera, bisitari australiarragaz alkarrizketea izateko gogoa dau, eukaliptuak gutaz ze eretxi dauen jakiteko.

Kontraesan ugari ikusten ditu eukaliptuaren inguruan. Esate baterako, espezie txartzat joten da, ingurumena suntsitzen dauelako, baina baditu onurak be, esate baterako, papelgintzan edo osasungintzan. Gure miserien kulpak besteen lepo jarteagaz parekatu dau bekearen irabazleak.

Epaimahaikideek proiektu irabazlearen originaltasuna txalotu dabe, eukaliptutik hasita gizartearen inguruko gogoeta sakona egiteko modua bilatuko dauelako. Poza eta asetasuna daukaguz, adierazo dau Ion Maia epaimahaikideak. Ezustea, ezinegona eta harridurea eragin deuskuz proposamenak.

Ion Maia jantzariagaz batera, Leire Vargas, Arantza Arrazola, Oier Guillan eta Aurelie Pousset izan dira epaimahaikide. Bekearen irabazlearen barri emoteko ekitaldian, San Agustin Kulturgunean, Durangoko Azokako eta Durangoko Udaleko ordezkariak be egon dira, erakunde biok diralako ekimenaren bultzatzaileak.

Jon Ander Urrestik 15.000 euro izango ditu Eucalyptus gauzatzeko eta 2023ko Azokan aurkeeztu beharko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu