'Zorioneko', urteko berbea Euskaltzaindiaren eta UZEIren ustez
2022-12-16 11:15 Euskerea berbagaiIrulegiko Eskuak izan dauen oihartzunagaitik aukeratu dabe.
Urtea amaitzen doa eta, sasoi honetan, ohikoa izaten da urteko albiste, jazoera edo persona esanguratsuen zerrendak egitea. Euskaltzaindiak eta UZEIk 2022ko urteko euskerazko berbea aukeratu dabe: Zorioneko.
Zemendian Nafarroako Aranguren herriko aztarnategi batean Aranzadi Zientzia Alkarteko kideek topautako Irulegiko Eskua brontzezko piezea da aurtengo berbearen jatorria. K.a. I. mendeko esku txiki horretan, hizkuntza baskonikoz idatzitako esaldirik zaharrena dagoala uste dabe adituek, hau da, orain dala 2.100 urteko euskerea edo hur-hurreko beste hizkuntza bat.
Signario iberiarrean idatzitako esaldiaren lehenengo berbea Sorioneku da eta esangurea garbi ez badago be, gaur egungo zorioneko-gaz lotu dabe askok. Horregaitik, berba horrek oihartzun zabala izan eban Irulegiko aurkikuntzearen barria zabaldu eta segiduan. Euskerazko berba ikoniko bihurtu da sorioneku edo zorioneko.
Euskaltzaindiak eta UZEIk azaldu dabenez, hedabideetan eta sarean izan dauen erabileran oinarrituta hautatu dabe urteko berbea. Euskal Herrian emon dau zeresana, baina nazinoarteko komunikabide handi batzuek be horren barri emon eben zemendian. Ganera, Euskaraldiaren eta Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harira erakunde eta eragileek zabaldutako mezu askotan aitatu zan sorioneku.
Itxura guztien arabera, oraindino be emongo dau zeresana Irulegiko Eskuak. Andres Urrutia euskaltzainburuak dinoanez, diziplina arteko ikerketa egin behar da, beraz, arkeologoek, hizkuntzalariek eta ganerako zientzialariek esaten dabenaren zain geratu beharko dogu.
UZEIk egunero egiten dau lexikoaren jarraipena, batez be komunikabideak arakatuz, besteak beste hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarritutako tresnak elikatzeko. Jarraipen horretako datuen arabera aukeratzen dabe Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko berbea.
Aurten, inflazinoak, Ukrainako gerreak eta berbagai izan diran beste gai nagusi batzuei gerizpea egiteko beste zabalkunde izan dau Irulegiko Eskuak. Horren adibide da, esaterako, Euskaltzaindiaren Hiztegian izandako eragina: zorioneko formeak zemendiko aste bakarrean izan eban hiztegi digital horretako sarrera bakotxak urte osoan batez beste izandako konsulta-kopurua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!