Mendizabalan izango da Hertzainak-en azken kontzertua, urtarrilaren 6an

Bizkaie! 2022-11-25 09:10   Musikea

Oholtzan musikari eta konbidadu ugari egongo dira.

Josu Zabala, Gari eta Txanpi (argazkia: Hertzainak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Azkena gure alde birea Hertzainak talde mitikoaren agurrekoa izango zana gauza jakina zan, eta azken kontzertua Gasteizen emongo ebela be aurreratu eben. Datea falta zan, eta misterioa argitu dabe orain Hertzainak-ekoek: urtarrilaren 6an izango da agurreko kontzertua, Mendizabalan ipiniko daben karpa klimatizaduan.

Gari buru dauen bandearen emonaldia 22:00etan hastea aurreikusi dabe. Ateak, baina, 19:00etan edegiko ditue, oholtzara konbidadu ugarik igongo dabelako, gaur egungo zein beti-betiko zaleak asetzeko moduko programazino luze batean.

Batez be, bertsolariak eta musikariak dagoz konbidaduen zerrendan: Peru Abarrategi, Manex Agirre, Paula Amilburu, Iñaki Viñaspre, Xabier Amuriza, Xabi Igoa, Oihane Perea, Juantxo Arakama, Jon Basaguren, Dupla, 
Iñigo Etxezarreta, Joseba Irazoki, Mikel Urdangarin, Miren Narbaiza eta Ruper Ordorika.

Sarrerak zemendiaren 30ean ipiniko ditue salgai, online, goizeko 10:00etan. Karpan 20.000 lagunentzako lekua egongo dala kalkulau dabe.

Kontzertuaren barri emoteko agerraldian, Garigaz batera egon da Luis Javier Saiz, Txanpi, taldearen bateria jole ezaguna. 2019ko berragerpenean huts egin eta gero, Azkena gure alde biran barriro batu jako taldeari Txanpi. Bestetik, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek be hartu dau parte aurkezpenean.

Mendizabalako kontzertuan hirukote formatuan joko dau taldeak: Iñaki Garitaonandia, Gari; Josu Zabala; eta Luis Javier Sanz, Txanpi.

2019an Bilboko Kafe Antzokian eta Euskalduna Jauregian emondako kontzertuek eragindako emozinoak gogoan izan ditu Garik. Azken bira honetan be geldialdia egingo dabe Bilboaldean, Barakaldoko BECen (abenduaren 16an eta 17an), baina taldea jaiotzen ikusi eban urian egin nahi dabe behin betiko agurra, Gasteizen.

Bilbon bizi izandakoak Gasteizen barriro sentidutea da helburua, Hertzainak-ekoen arabera. Bertan hasi zan dana eta bertan amaitzea zor deutsagu Gasteizi, egin deigun azkena gure alde, sortzen ikusi gintuan urian, dino Garik. Nostalgia barik igongo dabe oholtzara, poz eta maitasun sakoneko mezua zabaltzeko asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu