Hertzainak-en azken kontzertu biak, Barakaldon eta Gasteizen

Bizkaie! 2022-09-29 12:55   Musikea

Hirukote formatuan igongo dau taldeak oholtzara.

Josu Zabala, Txanpi eta Gari, Bilbon (argazkiak: Hertzainak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Berez, 1993an esan eban agur Hertzainak talde mitikoak, baina gerora kide batzuk barriro alkartu diranez, euren zuzeneko doinuez gozau ahal izan dau publikoak azken urteetan be. 2019an Bilboko Kafe Antzokian emondako kontzertu gogoangarriaren ostean, orain barriro dakarrez beste kontzertu bi, azkenak: Barakaldoko BECen abenduaren 16an; eta Gasteizen 2023ko urtarrilean.

Hertzainak-en azken kontzertu biotarako, hiru kidek igongo dabe oholtzara: Iñaki Garitaonandia, Gari, eta Josu Zabala beti-betiko kideak eta, eurakaz batera, Luis Xabier Sanz, Txanpi, bateria jolea. Ganera, lagun ugari konbidauko ditue agertokira eta ezustekoak egongo dirala agindu dabe.

Gasteizko emonaldiaz ez dabe argibide askorik emon oraindino, baina kontzertu batua eta lagunartekoa izango dala aurreratu dabe, jentetza handien ordez. Barakaldoko BECekoa, ostera, masiboagoa izango da, aretoaren edukierea kontuan izanda. Kutxabanken bezeroek urriaren 4tik erosi ahal izango ditue BECerako sarrerak, eta ganerakoek 5etik. Prezioak, 29, 40 eta 45 euro.

Aspaldi izan dabe taldekideek agurra Gasteizen egiteko asmoa. 2019an Bilbon emondako kontzertuetan hasi ziran kontuari bueltak emoten baina pandemiak dana atzeratu dau. Gasteizen ekin eutsan bideari Hertzainak-ek, beraz, jaioten ikusi zituan urian agur esatea begitandu jake aproposena. 1981ko abenduan jo eben lehenengo kontzertua, Arabako uriburuan.

Azkena gure alde lemapean aurkeztu dabe Garik, Zabalak eta Txanpik kontzertu biko despedidea. Hertzainak-en doinu ezagunak eta taldeak euskal musikan itxi dauen arrastoa gogoratzeko hitzorduak izango dira, beti-betiko zaleek zein gazteagoek gozetako modukoak.

Hiru taldekideak, azken kontzertuen barri emoteko agerraldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu