Neomak, Airu eta Kulto Kultibo, AIEnRuta zirkuituan

Bizkaie! 2022-11-04 09:12   Musikea

2023an launa kontzertu emongo ditue Espainiako hainbat uritan.

Airu talde bilbotarra | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal merkadutik urten eta publiko barriakana heltzeko aukerea izango dabe hiru taldek 2023ko lehenengo seihilekoan, AIEnRuta zirkuiturako aukeratu ditue eta. Neomak, Airu eta Kulto Kultibo dira. Etxepare Euskal Institutuaren bidez sartu ahal izan dira zirkuituan.

Euskal musikearen hiru ordezkariak izango dira horreek hirurak, danetara 16 banda eta bakarlari dituan zerrendearen barruan. Espainia guztiko kazetari, areto-programatzaile eta kultura-kudeatzaileen batzorde batek aukeratu ditu AIEnRuta zirkuituko parte-hartzaileak.

Etxepare Institutuak azaldu dauenez, talde aukeratuek launa kontzertu joko ditue Espainiako hainbat aretotan. Neomak, Airu eta Kulto Kultiboren kasuan, Euskal Herritik aparteko erkidegoetara eroango ditue. Diru-laguntzinoa izango dabe bidaietarako eta kontzertuetarako.

Horrezaz gan, euren sorkuntzak zabaltzeko komunikazino-plana atonduko dabe AIEnRuta zirkuituko 16 taldeentzat, tartean hiru euskal ordezkarientzat. Espainiako irrati publikoaren hiru programatan agertuko dira.

Hori guztia 2023ko urtarriletik bagilera izango da. AIEnRutak deialdi bi egiten ditu urtero, eta hau 2023ko lehenengo seihilekoari jagoko. Gaur egun ezagun-ezagunak diran taldeak ibili dira zirkuituaren aurreko edizinoetan: Anita Parker, Ekiza, La Furia, Nøgen, Verde Prato...

Neomak: Zazpi emakumeren ahotsek bat egin dabe proiektu honetan, jantzaz, panderoz eta sorginkeriaz lagunduta. Tradizinoa oinarri, proposamen modernoa da. Neomak taldeko Garazi Otaegiri egindako alkarrizketea irakurri hemen.

Airu: Bilboko laukote gaztea da eta Do It for the Catharsis bigarren EPa argitaratu barri dau. Pop sentimentala eta melodia gozoak erabilten ditue.

Kulto Kultibo: Rap eta reggae estiloaren munduan ibilbide polita egiten dabilen taldea da. Raggamuffing gaurkotua eta 1990eko hamarkadako rap klasikoa buztartzen ditue. Gaztelaniaz dira kantuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu