Garazi Otaegi: 'Geure tradizinoa gura izan dogu jantzi'

Koldo Isusi Zuazo 2022-10-03 07:55   Barriketan

Sorginak ziran orain urte batzuk ete orain, barriz, Neomak. Taldeak lehenengo diskoa plazaratu dau Neomak, hain zuzen be, grezieraz ilargi barriak esan nahi dauen berbea. Zazpi emakume gazte, bizitza osoan trikiti munduan ibili dira baina orain proiektu tradizionala eta barritzailea sortu dabe, soinu organikoak teknologia barriakaz naturaltasunez buztartuz.

2022ko martian Haritz Harreguyren gidaritzapean grabau eta Alejandro Jimbo Páezek produzidutako lanean, Ilargi berriak eta Hamen aurrerapen kantuak sartu genduzan eta sekulako erantzuna izan dabe, udabarri eta udan kontzertu piloa eskaintzeko aukerea emonez.

1.- Lehenengo diskoa plazaratu dozue eta publikoaren harrerea zelakoa izan da?

Oso ona. Gure jarraitzaleen berotasuna igarten dogu zuzenekoetan eta diskoa kaleratu aurretik be sekulako erantzuna izan badogu be, diskoak dakarren esentziak nabarmen mobilizau ditu gazteak zein edadekoak; han eta hemen urteak daroaguz eta ezagunak gara. Pozarren gagoz musikearen arloan egin doguzan aldaketakaz eta zaleek be ondo hartu gaitue.

2.- Euskerazko berbea emoten dau baina ez. Neomak izena nondik nora dator?

Neomak izena erabagi aurretik, zerrenda luzea egin genduan taldekideon ekarpenakaz eta hiruzpalau geunkazanean, azkenean Neomak aukeratu genduan: Grezieraz ilargi barria esan gura dau. Bete-betean asmau dogula uste dot, erraz barruratzen dozu, geu zer garen edo nor garen ondo zehazten dau eta besterik ez dogu behar.

3.- Taldeak Sorginak taldea dau sorburu, orain urteak Kepa Junkeragaz ibilitako emakumeen taldea. Trikitixaren historia txiki bat diskoa be kaleratu zenduen. Zer eragiren deutsue horrek?

Bai. Urteak emon genduzan Kepagaz hemen eta munduan. Sorginak ginan eta sekulakoa izan zan esperientzia hori, sano aberasgarria, ikasteko balio izan euskun ordura arte kalean eta ibilten ginalako baina aurretik be makinatxu bat lan egin izan dogu, trikitixa txapelketan be ibili gara, lehiakide, bikoteka eta taldeka. Gazteen artean badago mobimentua eta gu horren parte sentiduten gara.

4.- Nahikoa sorginkeria darabizue orain be tradizinoa ahaztu barik. Ze musika egiten dozue?

Bai. Gaur egungo egoera musikala eta zenbat jokera eta estilo buztarketa dagoz diskoan eta zergaitik ez doguz buztartuko trikitixea eta elektronikea, zergaitik ez dogu esperimentazinoaren bidea hartuko. Ahotsa nabarmentzea gustetan jaku. Baliabide guztiak probau eta erabilten doguz, olgau eta esperimentuak egiten doguz eta bai geu eta bai entzuleei gustetan jake. Baina organikoa be hor dago, trikitixa eta panderoagaz egiten dogun lana

Gure musikea zer dan edo zein estilokoa dan zehaztea eskatu deustazu eta erantzuna ez da bape erraza. Triklitixea joten umetan hasi ginan eta, beraz, tradizinoan oinarrituta, musika garaikidea egiten dogu, elektronikoa ahaztu barik; berbarako, arin arin batek badaukaz grabe indartsu batzuk eta horrek eroan
gaitu gaur egun egiten dogun musikara, indar elektronikoaren indar horretara.

5.- Neomak taldea indartsu dabil, hara eta hona kontzertuak eskaintzen (Atlantikaldian, Getxo Folken, Zornotzan, Guggenheimen...), baita kanpoan be, Katalunian, Galizian... Kanpoan lehen be ibilitakoak zarie baina soinu barri eta elektronikoak zelan hartzen ditue?

Ondo. Sekulako harrerea egiten deuskue eta, esan dozun legez, kanpoan be ibili gara eta jentea pozik ikusi dogu. Holako musikea entzuteko gogoz dago jentea eta gurea kontzertua baino gehiago ikuskizuna da.

7.- Jazkerea be modernoa darabizue, estetika berezia da zuona, jantzi, lepoko, makillaje eta bestelakoakaz. Hori guztia ez da kasualidadea izango, ondo pentsautakoa baino...

Bai edo. Geurea dogun tradizinoa gura izan dogu jantzi, gure estetikea nabermendu gura izan dogu, jantzi, lepoko eta holakoakaz baina abarketa, alkondara zuriak eta mahonezko prakak be erabilten doguz. Lepoko, eraztun, jantzi, orrazkera eta holakoak apropos erabilten doguz, estetika hori, begietatik sartzen dan hori geurea dalako.

8.- Zazpi zarie taldean: Eneritz Aulestia, Alaitz Eskudero, Leire Etxezarreta, Irati Gutierrez, Maria Lasa, Amets Ormaetxea eta zeu Garazi Otaegi, danak gipuzkoarrak. Zergaitik ez dago bizkaitarrik?

[Barreka] Umetatik ezagutzen gara eta Neomak proiektuari ekin aurretik talde bat ginan; proiektua mimo handiz landu dogu eta oso gustora gabiz emon doguzan pausoakaz.

9.- XXI. Mendekua kantuaren berbak Oihana Arana eta Haizea Aranarenak dira baina ganerakoak zuonak dira. Pozik zagozie kantu honegaz?

Bai, oso pozik. Kantu horren bueltan, lanketa prozesuan genbiltzanean, danok geunkazan ideak sartzeko eta zein hartu ez genekianeanez, konponbidea izan zan Oihana Aranari eta Haizea Aranari emotea ardurea; hizkuntzeagaz eta ideakaz trebeak dira, olgeta hori sano gustetan jake eta guk gitxieneko datu batzuk emonda, gusto handiz egin euskuen lana. Oso eskertuta gagoz idea batzuk gogoan hartuta bikain egin dabelako. Indar handiko kantua da, aldarrikapena dago tartean eta ez da kasualidadea diskoan aldarrikapena egotea (Alkartasuna, kolektiboaren eta sortzaileon indarra, gure gorputzetatik hasita dator iraultzea...).

10.- Diskoaren azalean emakume bat agiri da. Baditu izen abizenik?

Bai. Arrasatearra da, Xeli Arregi. Proposamena egin geuntsanean, gustora hartu eban eta aurrera egin genduan. Gainera, Neomak taldean hiru arrasatearrak dira eta diskoaren estetikea, azalaren gainean pentsetan hasi ginanean, danok argi geunkan geure irudirik ez sartzea; gure oinarrian dagoana, gure amoma eta holakoak etorri jakuzan burura eta bide horretatik egin genduan aurrera; emakume heldua gura genduan portadarako baina gaur egungo txipriztinakaz, tatuajea, makillajea, jantziak eta erabilten dituana.

11.- Pello Heriz gitarristea, Haritz Harreguy eta Alejandro Jimbo Páezen babesa eta lana erabagiorra izan da diskoan? Ze ekarpen egin dabe?

Handiak dira hirurak eta sano pozik gagoz; euren ekarpena sekulakoa izan da eta diskoan igarten dala esango neuke.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu