Bilboko 9. Berbagunean 1.100 lagun batuko dira

Bizkaie! 2022-11-02 12:42   Euskerea berbagai

Zemendiaren 9an da hitzordua, Azkuna Zentroan.

Azkuna Zentroan izango da 9. Berbagunea, eta hantxe egin dabe aurkezpena (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urian euskerearen erabilerea zabaltzea eta normalizetea da Berbagunearen asmoa. Bilboko Udalak aurreratu dauenez, eguaztenean, zemendiaren 9an, egingo dabe ekimenaren 9. edizinoa, Azkuna Zentroan, eta 1.100 lagun inguru batzea aurreikusi dabe, goiz eta arratsaldeko txandetan, gai ugariren inguruan euskeraz berba egiteko.

Edade eta ezaugarri guztietako euskaldunak batzea izango da 9. Berbagunearen erronkea. Hortaz, izena emoteko deia egin dabe Udalak eta Bilboko euskaltzaleek. Mahaiaren bueltan alkartuko dira parte-hartzaileak, taldeka, era askotako gaien inguruan euskeraz berba egiteko: liburuak, kirola, aisialdia...

Euskeraz berba egiteko gauza diran euskaldun guztiei zabalik dago deialdia, ondo-ondo berba egiten dabenei zein ikasten dabizanei. Euskerea erabilteko eta beste euskaldun batzuk ezagutzeko aukerea emoten dau Berbaguneak, Bilbon sarritan ez dalako erraza euskeraz bizi izatea.

Parte hartzea doban da, baina aldez aurretik izena emon behar da (hemen).

Lau txandatan banatuko dabe eguna: lehenengoa, goizean goiz, 09:30etik 11:00etara izango da; bigarrena, 11:00etatik 12:30era; eta hirugarrena, 12:30etik 14:00etara. Arratsaldean izango da azkena, 17:00etatik 18:30era. Txanda bakotxean 300 bat parte-hartzaile egongo dira, seiko taldeetan banatuta. Taldeok 20 minuturik behin aldatuko dira.

Mahaietako alkarrizketak animetako eta gaiak emoteko dinamizatzaileak egongo dira. Era berean, jente ezagunak hartuko dau parte: kulturgileak, kirolariak, politikariak... Era horretara, erakargarritasuna emongo jako ekintzeari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu