Asier Serrano: 'Jenteak nostalgia nahi dau eta guk sormena emon deutsagu'
2022-10-24 07:58 BarriketanLorelei taldeko kidea.
Mende laurena bete da Lorelei taldeak lehenengo diskoa plazaratu ebala, eta pare bat hamarkada proiektua desagertu zala. Asier Serrano eta Mikel Gorosabel barriro batu dira eta Lorelei bizibarritu dabe. Ekografiak diskoa (Elkar) da emoitzea. 2019an hasi ziran kontzertu batzuk emoten, baina pandemiak eten eban berbizkundea. Behin diskoa plazan, aretoetako bideari be berrekin nahi deutse.
Ekografiak sortzeko prozesua terapeutikoa dala azaldu dau Asier Serranok. Ebakuntza gogor baten osteko min artean egoala heldu jakon Mikel Gorosabelen proposamena, eta hari esker hasi zan barriro argia ikusten. Poesian zein prosan idazten ibilbide oparoa dau Serrano eibartarrak (2017ko Euskadi Literatura Saria irabazi eban) eta kantuetako berbak idazten be aspaldi hasi zan, Loreleirentzat ez eze, baita EH Sukarrarentzat be. Ekografiak-en berba guztiak dira bereak, baita ahotsa be; Mikel Gorosabel alde instrumentalaz arduratu da.
1.- Mikel Gorosabelek egin eutsun proposamena salbazinotzat jo zenduan aurkezpenean.
Orain dala hiru urte barriro alkartu ginan Loreleiren izenean birea egiteko, baina, hiru kontzerturen ostean, pandemia etorri zan eta dana bertan behera itxi behar izan genduan. Pandemia gauza orokorra izan da, gizarte osoari eragin deutsana, baina personala be bai, bakotxak bere kalteak sufridu zituan. Niri, ganera, ebakuntzea egin eusten lepoan, urgentziazkoa, eta min kronikoa geratu jatan. Zuloan sartuta egon nintzan, ezertarako gogo barik. Momentu horretan etorri jatan Mikel, esanez loturea eginda eukala Elkarregaz, eta diskoa sortzeko erronkea bota eustan, berak animau ninduan.
Egia esan, proposamena jaso nebanean, ez neukan bape gogorik, baina abestietako batek lagundu eustan neure historia kontetan, Ekografiak-ek. Ukenduaren modukoa izan zan, mina despistau egin nebalako eta urteetan pilotutako beste min batzuk arintzeko be balio izan eustalako. Handik aurrera animau egin nintzan, sortzeari ekin neutsan barriro. Pandemia hasi zanetik ez neban ezer idazten, ez musikan ez literaturan, eta diskoaren proiektuari esker hasi nintzan barriro. Oso eskertuta nago Mikelegaz.
2.- Ekografiak idaztera bultzatu zintuan mina zeure-zeurea da, baina antzeko egoeretan dagozanentzat lagungarri izan leiteke?
Norbearen mina kontetako aukerea izan da diskoa, baina, moduren batean, bada beste batzuei laguntzeko bidea be, beste batzuk identifikauta sentidu daitezan. Ekografiak-en sekretua horixe da, disko intimistea eta personala da, baina jente askogana heltzen da, min guztiez berba egiten dauelako, min unibersalez. Entzuleak hori sumatuko dauela uste dot.
3.- Ekografiek geure barrua erakusten deuskue; Ekografiak diskoak be helburu hori dau?
Argi eta garbi metaforea da ekografiena. Modu batean esanda, oihua bota eta horren oihartzuna batzen dabe ekografiek, salbazinoaren metaforea izan leitekez. Diskoaren azalean, atzealdean ekografia bat agiri da, zuri-baltzean, baina guk kolorea bilatu dogu zuri-baltz horretan. Beti egin izan dogu hori, baltzean hasi, tunelean, eta argitasunera jo. Gizakiak pasau beharreko bidea da hori.
4.- Lorelei barriro plazan dogu. Hogei urte pasau arren, taldea ez da hilda egon.
Brometan esaten dogu Lorelei gaixoa bizirik lurperatu genduala; orain, ikusi dogunez taupadak badagozala, lurra kendu eta azalera ekarri dogu barriro. Niretzat oso hunkigarria izan zan orain dala hiru urte kontzertuak emoten hasi ginanean. Hiru kontzertu baino ez ziran izan, baina, aretoak beteteaz gan, uste dot belaunaldi oso baten oihua entzuten zala, jarraitu gaituan belaunaldi batena, antzokietan kanturako prest agertu zana. Urteetan ibili jakuz zaleak galdetzen ea noiz bueltauko ginan eta inork galdetzen ez ebanean, orduan berbiztu dogu Lorelei. Pena izan zan birea eten behar izatea, jai baten moduan bizi izan genduzalako kontzertuak.
5.- Pandemia osteko berragerpen honetan disko eta guzti zatoze.
Hunkigarria da hori. Jente horri guztiari opari bat eskaini behar geuntsala pentsau genduan, kontzertuetara etorri zanari zein ezin etorrita geratu zanari. Sensazinoa geunkan zuzenekoetan orain dala hogei urteko pulsazinoak egozala, atzera begiratzea lez, baina zeozer barria be eskaini nahi izan dogu. Jenteak nostalgia nahi dau eta guk sormena emon deutsagu. Hortik dator hirugarren disko hau.
6.- Mundua asko aldatu da Loreleiren lehenengo urteetatik. Alde handia dago orduko Loreleiren eta oraingoaren artean?
Lan egiteko moduan ez dago ezelako alderik, eta Elkarrek emon deuskuzan erraztasunei esker da hori. Orain dala hogei urte, gauzak arin egiten genduzan eta grabazinoetan sormen handia egoten zan; oraingoan artisau lana egin dogu, gauzak lasai hartu doguz, diskoetxean esan euskuen ez egoala prisarik. Gaur egun, talde gehienek kantuak plazaratzen ditue, zuzenean aurkeztu, eta ondoren dator disko osoa. Gurea, ostera, disko kontzeptuala da. Lan egiteko modu organikoa dogu, bidea da interesetan jakuna eta bigarren aukera hau aprobetxau nahi dogu.
Urteakaz aldatu dan errealidade bategaz egin dogu topo. Gure hasierako sasoietan diskoetxeek bideratzen eben taldeen bidea eta orain promotoreek, managerrek eta halakoek hartu dabe zeregin hori. Pixka bat galduta sentidu gara kontu horregaz, baita sare sozialakaz be. Baina jente gaztea dogu inguruan eta egingo dogu egin beharrekoa.
7.- Erabili dozuezan gaietan egon da aldaketarik lehenengo disko bietatik oraingora?
Loreleik beti erabili izan dauen gaia gaua da, kontzeptu horren ingurukoak dira gure kantuak. Orain be agertoki hori, gauarena, erabili dogu, baina memoriatik. Hau da, lehen Loreleiren abenturak, pasadizoak kontetea bilatzen genduan, femme fatale modukoa zan; orain, gure edadeko Lorelei agertzen da, gaur egungo errealidadetik igesean dabilena. Gure kantuen berbek, surrealismo puntu batetik, gizartetik iges egitea bilatzen dabe, eta horretarako bidea fikzinoa da, literaturea.
Memoria be inportantea da guretzat. Gure lagunak omentzen doguz, galdu genduzanak, eta geure sasoiaz berba egiten dogu. Eibar agertzen da, aitatasuna, galerak, bigarren aukerak, zahartzaroaren onarpena... Aldarrikapen bat be badira gure kantuak, badogula oraindino gazte izaterik, amesetan bada be, larru-jote desbardin bat be aldarrikatzen dogu, laztanak eta gaur egungo aukerak eta gorputzak kontuan hartzen dituana. Minaren oihartzuna be agertzen da, eta berau garaitzeko metodoak. Uste dot geure belaunaldiagaz oso-oso lotua dagoan diskoa dala. Gazte izan zan horrentzat idatzi dogu.
8.- Idazlea be bazara, literatura arloko sariak irabazi izan dozuz. Kantuetako berbetan sumatuko dogu Asier Serrano idazlearen zertzeladarik?
Bai, bai. Kantuetako berbetan, oso-oso laburtuta, nire literatura osoa dago. Asier Serranoren literaturea ezagutu nahi dauenak disko honetara jotea besterik ez dau. Betikoaz egiten dot berba, baina kantuetan modu konprimiduagoan.
9.- Diskoaren diseinuan Nagore Martinez ibili da. Zein izan da bere ekarpena?
Aspaldiko laguna dogu, urteetan ibili zan taldeak eroaten, batez be jantza taldeak. Kukaigaz ibili zan, esaterako. Geuretzat be hur-hurrekoa da, eta gu animetan ibili da azken urteotan. Badagoanez gure arteko aspaldiko historia bat, lotzen gaituena, proposamena egin neutsan azaleko marrazkia berak egiteko. Aspaldi ilustrazinoan ibili barik egoan, baina onartu eban. Ez jaku jente askogaz lan egitea gustetan, lantaldea bai, baina ezagunena baino ez dogu nahi. Hurreko kolektiboa bilatu dogu, eta Nagore oso etxekoa da guretzat eta ederto ezagutzen dau guk egiten doguna.
Diseinuak eta azaleko marrazkiak badau historia bat. Niri pasau jatan lez, Nagorek be ez eban ezer sortu pandemian, baina pandemiak eragindako egoeratik urteteko bidea marrazkien bidez topau eban gero, hor be badago salbazinorako beste irakurketa bat. Gure taldeko beste partaide baten modukoa da, kontratazinoa berak eroaten deusku eta bideoklipean be itzelezko garrantzia izan dau, bera dalako Loreleiren papela egiten dauena, Lorelei gorpuzten dauen figurea.
10.- Zuzeneko kontzertuak emongo dozuez, baina gauzak lasai hartuta. Zein da plana?
Abendu-urtarril bueltan hasiko gara. Negua antzokietan pasau nahi dogu, aretoetako biran. Goiz da fetxak eta lekuak esateko, ez daukaguz guztiz lotuta. Kontratazinoa zabalik dogu orain eta espero dogu zemendirako gauzak lotuta izatea eta horren barri emon ahal izatea. Antxon Sarasua eta Loiola Madera lagun doguzala, sasoi bateko abesti guztiak eta disko barrikoak joteko asmoa dogu, uste dot Ekografiak-eko kantuak ondo lotzen jakezela aurrekoei. Soinu barriakaz agertzeko modua be izango dogu, Antxonen eta Loiolaren ekarpenari esker. Nik neuk ez dakit gitarreagaz urten ahal izango dodan, besoak lagatzen badeust bai. Ahotsez oso indartsu gagoz, eta hasieran ez neban pentsauko! Esaten neban lauron artean ez genduala kantautore bat egiten, baina diskoak bestelako indar bat emon deusku, sendotuta gatoz. Ez dot esango gaztetuta gatozanik, baina oso indartuta bai.
Ez gatoz belaunaldi barriak konkistetera, gure belaunaldiari oparia egitera baino, sasoi bateko memoriaren oparia. Kontzertuak topagune izatea nahi dogu eta pandemiak orain dala hiru urte eten eban giroa berreskuratu. Erraz izango dogulakoan nago, ez gugaitik, entzuleakaitik baino: pandemia aurreko hiru kontzertuetan oso ondo erantzun eben.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!