Hamarkada biren ostean, bueltan da Lorelei

Bizkaie! 2022-10-17 10:05   Musikea

Ekografiak diskoa plazaratu dau.

Mikel Gorosabel eta Asier Serrano (argazkia: Kultursharea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mende laurena bete da Lorelei taldeak lehenengo diskoa plazaratu ebala, Bada hiri gorri bat; eta pare bat hamarkada pasau dira bigarren eta orain arteko azkenak argia ikusi ebanetik, Tatuatu zenidan zerua. Asier Serrano eta Mikel Gorosabel barriro batu dira, eta Lorelei bizibarritu dabe. Ekografiak diskoa (Elkar) da emoitzea.

Orain dala bi edo hiru urte hasi ziran barriro alkartzen Loreleiko kideak, zuzeneko kontzerturen bat edo beste emoteko asmoz. Pandemiak asmo guztiak bertan behera itxi zituan, baina. Ondoren, Mikel Gorosabelek Asier Serranori proponidu eutsan disko barri baterako kantuak egitea.

Bigarren ahalegin horretan bai, Loreleiren berpizkundea etorri zan. Serranok azaldu dauenez, ebakuntza bat pasau barri, ezertarako gogo barik egoan Gorosabelen proposamena heldu jakonean. Salbazinoa izan zan harentzat, kantuak idazten hastea izan zalako indarbarritzeko biderik onena.

Hortaz, Gorosabelen eskuzabaltasuna eskertu dau Serranok. Gogo barik lehenengo kantua idazten hasi, eta dozena erdi baino gehiago sortu zituan astebete inguruan. Medikamenturik onena izan zan sorkuntzea Serranorentzat. Orain, adiskidetasunaren erakusgarritzat dau handik jaiotako Ekografiak disko barria, baita kontzertuei berrekiteko atxakia be.

Zortzi kantu dakarz Loreleiren hirugarren diskoak. Serranok, horreek guztiak idatzi ez eze, kantau be egiten dau. Ikuspuntu personaletik idatzi dau, baina kantuetan azaltzen dituen minek badabela ikutu unibersala uste dau.

Gorosabelen ardurea izan dira melodiak eta instrumentazinoa. Gitarra hutsezkoak dira pieza batzuk, pianoa be sartu dabe beste batzuetan. Instrumentu gehiagodunak be badagoz, pop eta rock estiloetakoak. Diskoaren azala eta diseinua Nagore Martinezek egin ditu.

Zuzeneko kontzertuei jagokenez, oraindino goiz da hitzordu zehatzen barri emoteko, baina Loreleikoek aurreratu dabe abendu edo urtarril bueltarako oholtzan egon nahi dabela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu