Guggenheim Museoaren bildumearen ikuspegi zabala
2022-10-19 09:38 Kulturea25. urteurrenaren kontura dator Sekzioak/Intersekzioak erakusketea.
Mende laureneko ibilbidean, gitxitan hartu dau Bilboko Guggenheim Museoak oraingo erakusketearen parekorik, obren kantidadeari eta ugaritasunari zein erabilitako espazioari jagokonez. Baina, duda barik, 25. urteurrena ospatzeko modurik onena da Sekzioak/Intersekzioak erakusketea, museoaren bildumearen errepaso zabala egiten dauelako, eraikinaren hiru pisuetan. BBK da babeslea.
Erakusketa bat eta, aldi berean, hiru dira Sekzioak/Intersekzioak. Izan be, pisu bakotxean gai bat landu dabe, eta modu autonomoan ulertu leitekez. Edozelan be, museoaren jaubetzako bilduma oparoa ikuspegi barritzaile batetik ezagutzeko ibilbidea egin leike publikoak, Frank Gehryk diseinautako arkitektureagaz buztartuta. XX. mendearen bigarren zatiko artearen piezarik esanguratsuenetako batzuk ipini ditue.
Ikusgai dagozan obra batzuk gitxitan erakutsi dira jentaurrean. Oraintsu zaharbarritutako formatu handiko obra batzuk barriro ikusteko modua be emoten dau erakusketeak.
Ibilbidea hirugarren solairuan hasten da, Historiaren mugarriak izenburupean. Artea eta arkitekturea nabarmentzeko asmoz, gorengo pisuko areto argitsuetan topauko doguz II. Mundu Gerrearen osteko hamarkadetako artean mugarri izan ziran hainbat pieza: De Kooning, Rothko, Lee Krasner, Cristina Iglesias, Basquiat, Tàpies, Oteiza eta Chillida, beste askoren artean.
Belaunaldi eta mobimendu artistikoen arteko loturak, batak besteagan izandako eraginak... Hori guztia kontestu historiko jakin batean kokatuta. Ganera, Guggenheimek bildumarako azkenaldion erositako obra barria be hirugarren pisuan dago, El Anatsuiren Itsaso gorakorra.
Bigarren pisuan Narratibagintza da gaia. Esanguren geruzen bidez, obra narratiboek kontetan dituen danetariko istorioak nabarmentzen dira, gaur egungo artistek narratibearen eta barrikuntzearen alde daben konpromisoaren ikuspegitik. 1957tik 2019ra bitartean hogei artistak sortutako lanak ikusi leitekez: pinturak, eskulturak, argazkia, instalazinoak... Besteak beste, Kiefer, Alex Katz, Yoko Ono, Barceló eta Schnabel dagoz bigarren solairuan.
Azkenik, lehenengo pisura helduko gara, Bizitza materiala atalera. Teknologiek eta informazinoak izan daben bilakaerearen ondorioz, mundu barria sortu da azken hamarkadetan eta arte globalak horri zelan erantzun deutson erakusten da. Naturako oinarrizko elementuen zerrendatzea dakar, bakotxaren erabilera, nahasketa eta indarrei erreparatuta.
105. aretoan dago Bizitza materiala atalaren zatirik handiena, eta artisten artean Doris Salcedo, Gerhard Richter, Mona Hatoum, Itziar Okariz eta Rodney Graham dagoz. 103. aretoan, ostera, Yayoi Kusama artista eta idazle japoniarraren obrea dago ikusgai. Hau ez da bildumearen parte, baina museoak epe luzerako jaso dauen mailegua da.
Sekzioak/Intersekzioak erakusketako komisarioak Lekha Hileman Waitoller, Manuel Cirauqui, Geaninne Gutiérrez-Guimarães, Lucía Aguirre eta Maite Borjabad dira. 2023ko urtarrilaren 22ra arte ikusi ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!