Bilboko Guggenheim Museoak 25 urte beteko ditu asteon

Bizkaie! 2022-10-17 11:06   Kulturea

Proiektuaren lehengo eta oraingo arduradunak batuko dira galako afarian.

Patronatuaren batzarrean parte hartu dabe agintari eta kulturgileek (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

1997ko urriaren 18an zabaldu eben Bilboko Guggenheim Museoa, eta harrezkero uriaren bizibarritzearen sinbolo eta Euskal Herriko museorik bisitaduena bihurtu da. Asteon, martitzenean, 25 urte beteko dituanez, ekitaldi ugari atondu ditue ospakizunetarako, batzuk instituzionalak eta beste batzuk herritar guztientzakoak.

Gaur, astelehena, patronatuaren batzarra eta galako afaria egingo dira Guggenheimen, urteurrenaren bezperan. Museoaren proiektuaren bultzatzaile izan ziran eragile ezagunak eta gaur egungo arduradunak batuko dira bertan, erakunde publikoetako ordezkariakaz batera. Eraikinaren diseinatzaile Frank Gehry kanadarra eta Guggenheim Fundazinoko presidente ohi Thomas Krens etorri dira Bilbora, besteak beste.

Afaria IXO taldeak eskainiko dau, eta menua Nerua jatetxeko Josean Alijak sortua da, Diego Guerrero (DSTAgE) eta Andoni Luis Aduriz (Mugaritz) sukaldarien laguntzinoagaz. Herederos de Marqués de Riscal eta Campillo upategiek eta Illy Café etxeek be euren ekarpentxua egin dabe ospakizun berezi honetan.

Egitarau kultural zabala be atondu dau museoak 25. urteurrenaren kontura. Joaquin Achucarro pianista ospetsuak zemendiaren 3an errezitaldia emongo dau. 1997ko inaugurazinoan be Achucarroren kontzertua egon zan. Abenduaren 3tik 11ra Immersions egingo dabe, eskala handiko mapping erako proiekzinoa, publikoari museoaren barru-barruan sartzen lagunduko deutsana. Doban ikusi ahal izango da, zemendian banatuko diran gonbidapenen bidez.

Era berean, EAEko herritarrak doban sartu ahal izango dira museoan, gonbidapen bidez, urriaren 25etik abenduaren 2ra. Eskabidea egiteko epea zabalik dago eta erreserba bakotxari egun eta ordu bat emongo deutse.

BBK Fundazinoagaz batera martxan jarritako ekimenaren izena Denontzako BBKartea da, Bilboko eta inguruko herritar guzti-guztiek arteaz gozau ahal izatea eta urteurrenagaz bat egitea dalako helburua. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleei esker ona helarazo nahi deutse museoko arduradunek, babesagaitik eta gizartean zuztartzen lagundu izanagaitik, horixe izan dalako erakundearen arrakastearen kakoa.

EAEkoentzako gonbidapenen kanpaineaz gan, urriaren 22an eta 23an be herritarrak doban sartzeko beste ekimen bat ipiniko dabe martxan Bilboko Guggenheimen. Astegoien horretan, nahi daben herritar guztiak sartu ahal izango dira doban museora, erkidegokoak zein hortik kanpokoak. Kasu horretan be, aurretik egin beharko da erreserbea, jente gehiegi pilotu ez daiten. Urriaren 18an hasiko dira gonbidapenak emoten, webgunean.

Sekzioak/Intersekzioak

Urteurrena gogoratzeko, Guggenheim Museoaren bildumearen erreapaso handia ikusi ahal izango da urriaren 19tik, areto guztiak hartuko dituan Sekzioak/Intersekzioak erakusketeari esker. Gaika atondutako hiru atal ditu, alkarren arteko loturak ezagutarazoz eta bere ibilbidean zehar Museoaren barrualdeko eta kanpoaldeko artelanak bestelako argitan begituteko aukerea emonez.

Holan, Museoak sortu zanetik gaur arte osotzen ibilitako bildumearen ikuspegi panoramikoa eskainiko dau, bere historian lehen aldiz pisu guztietako areto guztiak osorik hartuta. Erakusketa kolektibo handi honen gaikako ardatz nagusiak ondokoak dira: 3. pisuan Historiaren mugarriak, 2.ean Narratibagintzea eta 1. pisuan Bizitza materiala.

Hurreraketa bakotxa autonomoa da eta aldi berean alkarrizketa bat ezarten dau gainerakoakaz, geografia, tenporalidade eta interes-eremuen arteko hainbat sekzino eta intersekzino iradoki eta bildumeari buruzko ikuspegi barri bat eskaintzeko.

Komisarioak dira Lekha Hileman Waitoller, Manuel Cirauqui, Geaninne Gutiérrez-Guimarães, Lucía Agirre eta Maite Borjabad.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu