Lizar Begoña: 'Nobela formatuak gai pilo batez berba egiteko aukerea emongo deust'

Dabi Piedra 2022-09-26 08:02   Barriketan

Idazlea.

Poesia landu dau orain arte Lizar Begoña idazle sopeloztarrak, eta liburu bi ditu argitaratuak: Aro beilegia (Balea Zuria, 2020) eta Gepardo japoniarrak (Susa, 2022). Norabidez aldatu eta lehenengo nobelea idazten dabil orain, bere burua beste formatu batean probau eta horrek emoten deutsazan aukera barriak jorratzeko asmoz. Olerkietan detaileei begiratzen deutse, eta nobelan ikuspegi zabalagoa beharko dauela kontau deusku.

Nobeleari ekiteko bultzada ederra izango da Igartza Saria, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpreseak urtero emoten dabena. Aurtengo epaimahaiak Lizar Begoñaren proiektua aukeratu dau eta idazleak urtebete inguru izango dau behin betiko testua aurkezteko. Itzalkinak eguzkitan izenburupean, Benidormeko kiosko batean kokatuko dau kontakizuna.

1.- Igartza Sariak bultzadea emongo deutso zure ibilbide literarioari?

Presino barik hasi nintzan testua lantzen, gustuagaitik. Pertsonaia baten inguruan idazten hasi nintzan, asmo zehatz barik, baina begiradea eleberrian jarrita, poesia ez dan formatu batean neure burua ikusteko. Igartza Sariaren barri baneukan, eta pentsau neban aukera ona izan ahal zala proiektuari bultzadea edo laguntzinotxua emoteko. Saria irabazita, orain epe bat daukat dana amaitzeko, datorren urtean entregau behar dot. Ganera, era honetako sari batek ate edo leiho asko zabaldu ahal deustazala uste dot.

2.- Poesia idazteagaitik ezagutzen izan zaitugu orain arte, baina Itzalkinak eguzkitan nobelea izango da. Ze aukera barri emoten deutsuz salto horrek?

Orain arte poesia idazten ibili naz, eta bada saltoa bai. Beste formatu bat da, erritmoa diferentea da, perspektibea be bai. Uste dot eleberri bat idazteko distantzia handiagoa hartu behar dodala, istorioa osotasunetik ikusi. Poesian, neure kasuan, kontrakoa egiten dot, detaileei begiratu, lupa bategaz ikusiko baneu lez.

Nobelearen formatuak modua emoten deutsu ate asko zabaltzeko, gai pilo batez berba egiteko. Nik aukeratu dodan kokalekua oso zehatza da, Benidormeko kiosko bat da nobelearen ardatza, baina horren bitartez beste gauza asko kontau neikez, konstelazino bat sortu dot kiosko horren inguruan. Egunerokoan daukadazan hainbat gogoeta bertan adierazo ahal izango dodaz.

3.- Istorioaren kokalekua deigarria da, Benidorm; zehatzago, hango kiosko bat. Zer dauka literariotik inguru harek?

Begitantzen jat alderdi estetiko eta eszenografikotik leku interesgarria, eta sinbologiaz be bai, jenteak zelan ikusten dauen Benidorm. Turismo masiboa dabilen lekua da, hondartzea dau parean, itsasoko bidaiak... Giroa kistch dala pentsetan dot. Martin Parr argazkilariaren erreferentzia batzuk hartu dodaz, Benidormeko turismoaren loraldia erretratuetan batu ebalako, eta istorioari eszenografia emoten deutso horrek.

Nik neuk, leku koloretsu lez imajinetan dot Benidorm, kolore biziak, souvenirrak, kolore guztietako itzalkinak eta toallak... Ez dakit berbaz ondo azaltzen, baina testuari estetika oso jakin bat emoten deutso.

4.- Kiosko bateko behargin bi dira nobelako protagonistak, bata beteranoa eta bestea gaztea. Ze kontraste bilatuko dozu?

Belaunaldi bitako beharginak aukeratu dodaz, aukerea emongo deustalako perspektiba edo prisma desbardin bi erakusteko. Batetik, 60 urteko emakumeak Benidormen egon dan turismoaren hazkundea ikusi dau, boom-a, eta gaur egun kioskoaren negozioa gainbeheran dagoala ikusten dau, urrezko sasoiak bizi eta gero. Historian musturra sartzeko modua emongo deust. Beste protagonistea neure edade bueltakoa da, aukerea emongo deust gaur egungo belaunaldien ikuspegitik be gai ugari jorratzeko, esate baterako, digitalizazinoarena.

5.- Urtebete daukazu proiektua nobela oso bihurtzeko. Non jarriko dozu arretea idaztean?

Faktore asko izan beharko dodaz kontuan, eta hainbat fase izango ditu prozesuak. Orain personaiak lantzen nabil, istorioa euren begietatik ulertzen, eta kokalekua be ondo landu nahi dot. Benidormen eta turismoaren inguruko saiakerak irakurten nabil. Baina, batez be, personaiak landu nahi dodaz ondo-ondo, ahaleginduko naz euren azalean sartzen, hori izango dalakoan aukerarik inteligenteena. Eurakandik idatzi beharko dot nobelea eta ez banaz euren azalean sentiduten, beharbada, ez dodaz sentimenduak ondo bideratuko, horregaitik zentrau nahi dot personaiak lantzean.

6.- Poesiatik ezagutzen izan zaitugu orain arte. Ez da aspaldi Gepardo japoniarrak bildumea argitaratu zenduala; irakurleen eretxiak jaso dozuz?

Ni nahiko aseta lotu nintzan lanagaz, egin nahi neban testua idatzi neban, beraz, pozik, zalantza eta inseguridade batzuk izan arren. Irakurleakaz feedback ona izan dot, egia da igual niri barri onak baino ez jatazala heltzen. Kritika txarrak ez deustez arpegira esaten, horreek be entzutea gustauko litzakidan arren. Baina momentuz kritika onak izan dodaz. Poesian batzuetan pasetan da idatzitakoa ez dala guztiz ulertzen eta hori bai, esan deuste batzuek, ez dala ondo ulertzen edo gatxa dala logikea topetea. Neurri batean neuk bilatutakoa da ulertzen gatxa izatearena.

7.- Zure lehen liburuan (Aro beilegia), beharbada, garbiago egoan esan gura zenduana?

Poesia idazten dodanean beti kontuan hartzen dodan gauza bat da formearena. Aro beilegia-gaz konparauta, oraingo honetan apur bat gehiago esperimentau dot alor horretan: lehen egitera ausartzen ez nintzan gauza batzukaz aurrera egin dot eta forma aldetik arrisku gehiago hartu dodaz.

8.- Nobela barrirako turismoaren inguruko saiakerak irakurten zabizala esan dozu. Poesiarako non bilatzen dozu inspirazinoa?

Nire poema guztiek ez dabe erreferente zehatz bat atzean, baina irakurketea da nire inspirazino-iturri handi-handi bat. Aitatzekotan, Ursula K. Le Guin-en liburu batek inpaktu handia eragin eustala esan behar dot eta Gepardo japoniarrak-en badago horren isladea. Jorge Oteizaren Itziar elegia poema-liburua be presente dago, Bernardo Atxaga... Bestetik, pelikula batzuk be erreferente dira niretzat, gustoko dot Ingmar Bergman zuzendaria. Egia esan, hainbat iturritatik hartzen dot inspirazinoa, ez naz lau autoregaz lotzen, ahalegintzen naz behar dodanaren arabera aldatzen.

9.- Arte Ederrak ikasitakoa zara. Formakuntza horrek badau eraginik zure obran?

Modu batean edo bestean badau eragina, bai. Arte plastikoen inguruko saiakerak eta halakoak sarri irakurri dodaz ikasketak egin artean, eta eragin hori ezin dot ganetik kendu.

Argazkiak: Lizar Begoña, Beasaingo Udala eta Elkar.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu