Iñigo Astiz: 'Gauzak egiteko gogoa izan da Eureka Domekaren motorra'
2022-09-05 07:57 BarriketanErandioko Gautxoriak alkartekoa.
Iraileko domeka arratsaldeetarako plan bikaina dakar Erandiora II. Eureka Domeka zikloak, euskerazko sormenean eta kulturgintzan oinarrituta. 2021ean, pandemiako murrizketek behartuta, aire zabalean egin eben lehenengoz ekimena, baina jentearen erantzun ona ikusita, aurten be Itsasadarraren ertzean izango dira hiru saioak: Anari (hilaren 11n), marrazketa inprobisadua eta bertsoak (18an) eta Porrumentzioren kontzertua (25ean).
Gautxoriak kultur alkartea da Eureka Domeka zikloaren bultzatzailea. Bertako kide Iñigo Astizek kontau deuskunez, ez datoz Erandioko kulturgintzan hutsunea betetera, gustoko dituen sortzaileen proposamenak baino ez dira eurenak, baina publiko zabalak be gozau egingo dauela uste dabe. Domeka arratsaldeen geldotasunaren kontrako plana badabe, behinik behin, erandiotarrek eta herrira hurreratzen diranek.
1.- Domeka arratsaldeak ez dira izaten kultur ekitaldietara jentea erakarteko momenturik aproposena, baina zuek hurrengo hiru domeketarako plana dakarzue.
Horregaitik aukeratu dogu Eureka Domeka izena, deskubrimendua izan zalako. Igaz hasi ginan hau atontzen, gustu hutsez, jentea alkartzeko zeozer egin nahi gendualako. Hasi ginan eguna aukeratzen, astelehena, martitzena, eguaztena, eguena... Zein izango ete zan aproposena, eta gutako batek esan eban, zergaitik ez domeketan? Lurralde ezezagun bat deskubridu izan bagendu lez, eureka! esan genduan. Domekak existiduten dirala konturatu ginan, kulturgintzearentzat lurralde barri bat topatearen parekoa izan zan. Grazia egin euskun, baina Eureka Domeka izena behin betiko bihurtu zan.
Domekea sarri izaten da astegoienaren anaia ahaztua, eguenetik zapatura mundu guztiak programetan ditu hamaika gauza eta domekea zoko batean geratzen da. Horri bueltea emon deutsagu.
2.- Programazino hetereogeneoa, askotarikoa, atondu dozue: musikea, marrazkigintzea zein bertsoak topau geinkez egitarauan. Zeren arabera aukeratzen dozuez artistak?
Nora Aurrekoetxeak Berria egunkarian behin emondako titularra dot gogoan, desireak ez dau estatus sozialik. Ba, gure asmoa horri erantzutea da, hau da, desireak gidatutako programa bat da. Zer nahi dogu? Ba horixe egin dogu, buelta gehiegi emon barik. Hori bai, hiru baldintza nagusi hartzen doguz kontuan: euskeraz izatea, formatu txikikoa eta artistea Erandiora etorteko prest egotea. Baldintzak beteten dituenen artean, geure gustuko proposamenak aukeratzen doguz. Desirea alde guztietara zabaltzen dan zeozer danez, ba programazinoa be danetarikoa da.
3.- Aire zabaleko ekitaldiak dira. Horrek badakar arriskua, euria eta haizea egin leikez.
Gure alkartearen asanblean aho batez ebatzi genduan egun horreetan ez dabela euririk egingo. Ikusiko dogu eguraldiak gure erabagia errespetetan dauen. Igaz, behinik behin, lau ekitaldi antolatu genduzan eta lauretan eguraldi bikaina subertau jakun. Balorazinoa oso ona izan zan eguraldia be oso alde izan gendualako eta espero dogu aurten be holan izatea. Bromak albo batera itxita, kalean egiteak beti dau arriskua, baina euria egin ezkero, gure lokalean izango dira saioak.
Esan behar da, hau guztia pixka bat hobeto azaltzeko, 2021eko edizinoko ekitaldiak kalean egitearena ia-ia derrigorrezko erabagia izan zala, ze pandemiaren kontrako neurriak indarrean egozan. Areto barruan egin izan bagendu, aforoa hogei lagunekoa baino ez zan izango, horrek ez euskun aukerarik itxi. Baina ondo urten ebanez, aurten be aire zabalean egingo dogu, murrizketak amaitu diran arren.
4.- Irailean egitea pentsau dozue, kulturzaleak oporretatik bueltan egongo dira honezkero.
Bilboko Aste Nagusia eta Erandioko jaiak amaitu barri dira eta hori aprobetxau dogu. Uda ostean mundu zaharra oraindino ez da guztiz hil, barria ez da jaio, tarteko lurralde bat da. Erandion, behinik behin, motel antzean geratzen da herria jaien ostean eta egunerokotasuna bueltan dan sasoi honetan. Bizipoza zabaltzeko modua da gure zikloa, edonork gozau ahal izango dau. Batzuk beren-beregi etorriko dira gure ekitaldietara, baina beste askok kasualidadez egingo dabe topo, paseoan dabizala.
5.- Euskerearen aldeko apustu garbia be egin dozue.
Honelako kultur ekitaldiek dakarren gozamenari euskerea gehitu deutsagu. Nahi doguna da jenteak euskerea plazerragaz lotzea. Erandio ez dago udalerri euskaldunenen artean, eta horregaitik garrantzitsua begitandu jaku.
6.- Jenteak gustura hartu eban zuen proposamena igaz.
Sekulako egarria egoan, orokorrean, kulturgintzea geldirik egon zalako pandemian. Horrek gure alde jokatu eban eta eguraldi onak be bai. Emonaldiak kalidade handikoak izan zirala be kontuan izan behar da. MICE etorri zan, marrazketa inprobisaduko saio bat be izan genduan, Westfalia Show System izan zan hurrengoa eta, azkenik, bertso saioa. Gasolinoan egon ziran bertsolariak, eta ikusleak itsasadarraren ertzean. Gozamena izan zan, oso polita. Nik uste dot herriko jentea ez zala etorten zeozer konkretua ikusten, gehiago zan aurreko domekakoa gustau eta barriro etorten zirala, ea zer egoan. Urrunagotik bai, etorri zan jentea ekitaldi zehatz bat ikusteko interesa eukalako. Sorpresea izan zan marrazketa inprobisaduak eragin eban ikusmina, horregaitik egingo dogu barriro aurten.
7.- Bigarren saioa, hilaren 18koa, da marrazketa inprobisaduarena, baina bertsoakaz buztartuko dozue.
Normalean, marrazkiak amaituta ikusten doguz, baina ez dakigu marrazkilariak orri zuriaren aurrean zer egiten dauen. Bizkortasun mental ikaragarria dabe, esaten deutsazu edozer marrazteko, adibidez persekuzino bat, eta batek marrazten dau katua, beste batek sagua, baina ikusten zoaz persekuzinoa zelan doan bizia hartzen. Jenteak barre egingo dau, ganera. Unai Iturriaga ipiniko dogu aurkezle eta bertsoak botetan eta marrazten Joseba Larratxe eta Eider Eibar ibiliko dira.
8.- Aurretik, irailaren 11n, Anari dator Erandiora. Zelako kontzertua izango da?
Badakigu bakarka igongo dauela oholtzara, baina hori da dakigun guztia. Nahiko argi dogu kontzertu ona izango dala, Anariren ibilbideak bermea emoten deuskulako. Porrumentzio ezezagunagoa da, irailaren 25ean etorriko da. Gustetan jakuz bere kantak eta jarrerea eta hemendik hur bizi danez, uste dot Bilbon, ba lekua egin deutsagu, beste ahots batzuek be lekua izan deien, hain ezagunak izan ez arren.
9.- Gautxoriak kultur alkartekoak zagoze Eureka Domekaren atzean. Hutsunea ikusten dozue Erandioko eskaintza kulturalean?
Hutsunea baino, zeozer egiteko aukerea ikusten dogu. Eureka Domeka ez da herriko programazino kulturalaren irakurketa kritikotik jaiotako zikloa, kultur alkartean batzen garenon desiran oinarritutako zeozer baino. Erandioren ezaugarrietako bat da Bilbo ondoan egotea, orduan, Bilboko eskaintzea eskura dogu eta Erandion bertan be badagoz antzerkia, kontzertuak... Kultur egarriz dagoenak badauka non topau, baina guk aukerea ikusi dogu geure hazitxua ereiteko. Gauzak egiteko gogoa izan da honen guztiaren motorra, edo gauzak egiten hastekoa, ze pandemiagaitik edozer gauza egitea oso gatxa izan da eta panorama nahiko geldirik egon da. Ilusinoa biztu eta dana barriro martxan jarri nahi izan dogu.
10.- Zelako alkartea da Gautxoriak?
Alkarte bizia eta askotarikoa da. Berbaldiak eta tailerrak antolatzen doguz, herriko alkarte eta mobimendu sozialei aterpea emoten deutsegu... Buruhandien konparsea be badogu, pentsau. Orain dala urte asko, sortu zanean, aisialdiko alkartea zan, gazteei begirakoa eta gizartean eragiteko asmoz. Gero, taldekideon desirek gidatuta, halako izaki mutante bat bihurtu da, zeozer egiteko gogoa dauenak ekiteko espazioa topauko dau gurean. Alkarte normala baino, turbina baten modukoa da, beti mobiduten eta eragiten. Momentuan momentuan dabilen jentearen eta gogoaren arabera egokitzen dogu geure jarduna, eta uste dot horrek egiten dauela alkartea berezi eta erakargarri.
11.- Erandio osoa da zuen eremua?
Bai, udalerri osoa. Egia da egoitzea Altzagan daukagula eta batez be han ibilten garela. Erandioren barruan Erandio asko dagoz, auzo bakotxak bere ezaugarriak ditu. Geure buruari ez deutsagu jarten auzo guztietara heltzeko betebeharra, bizi garen inguruan eragiteko modua da alkartea.
12.- Badator, hortaz, Eureka Domeka. Zelan animauko zeunkez kulturzaleak Itsasadarraren ertzera hurreratu eta zuen saioez gozetako?
Deskubimendu handi bat egin dogula esango neuskie, eta nahi badabe datozala eta erakutsiko deutsegu. Deskubrimendu horren izena domeka da eta kultur programa interesgarria atondu dogu.
Argazkiak: Iñigo Astiz eta Erandioko Gautxoriak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!