Eureka domeka! zikloa egingo dabe Erandion

Bizkaie! 2022-08-30 12:36   Kulturea

Kontzertuak eta marrazketa inprobisadua dagoz egitarauan.

Igazko saioetako bat (argazkia: Gautxoriak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igazko lehenengo edizinoak izandako arrakastea dala eta, Erandioko Gautxoriak alkarteak barriro antolatu dau Eureka domeka!, proposamen kultural bereziak Itsasadarraren ertzera eroango dituan zikloa. Irailean egingo ditue hiru saioak, 11n, 18an eta 25ean, arratsaldeko 18:00etan hasita.

Lehenengo hitzordua, hilaren 11koa, Anari musikariaren kontzertua izango da. Hirugarren saioan be, 25ekoan, kontzertua atondu dabe Gautxoriak alkartekoek, Porrumentzioren eskutik.

Irailaren 18an, ostera, marrazketa inprobisadua bertatik bertara ikusi ahal izango dabe erandiotarrek zein herrira hurreratzen diranek. Eider Eibar eta Joseba Larratxe marrazkilariak ibiliko dira momentuan momentukoa koadernoan agertzen. Ganera, bertsoz lagunduko dabe saioa, Unai Iturriagak ipiniko ditualako gaiak. Iturriaga bera be marrazkigilea da. Antolatzaileek barreak agindu ditue, sorpresea eta umorea buztartuko dituan saioa izango dalako.

Aire zabalaz eta kulturgintzeaz gozetea da Eureka domeka!-ren helburua eta horregaitik Erandioko malekoian izango dira hiru saioak, Itsasadarraren ertzean, gasolinoaren alboan. Euria egingo baleu, Gautxoriak alkartearen egoitzan egingo leukiez emonaldiak. Baina ez dau euririk egingo, erabagita dago, ziurtatu dabe.

Oraingoan be, herria biziarazotea eta euskerea plazerragaz lotzea dira gure sakoneko asmoak, ganeratu dabe Gautxoriak alkartekoek. Bide batez, iraileko domeka arratsaldeak pasetako proposamen barritzailea izango dabe erandiotarrek esku-eskura.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu