Ibon Noya: 'Kalekaren oinarria da ikuslea jaialdiaren parte izatea'
2022-07-05 07:58 BarriketanKaleka Jaialdiko arduraduna.
Garagarrilaren 8an, 9an eta 10ean egingo dabe Lekeition 32. Kaleka, Kaleko Arteen Nazinoarteko Jaialdia. Pandemiak baldintzatutako aurreko edizino biak atzean itxita, aurtengoa indar betean dator barriro, herriko kale, plaza eta parkeak hartzeko prest. Hamalau konpainiaren ikuskizunak dagoz egitarauan, dozena bat Sail Ofizialean eta beste bi Scratch atalean. Kalekaz Blai atalak, ostera, Bambolea konpainia izango dau protagonista. Bestetik, Lekittoko Deabruak taldeak 10. urteurrena ospatzeko aprobetxauko dau festibala.
Lekeitioko Udaleko kultur teknikaria eta Kalekako arduraduna da Ibon Noya. Kontau deuskunez, publikoari askotariko ikuskizunak eskaintzea da euren helburua, estiloari zein konpainien jatorriari jagokenez. Era berean, Lekeitioko txoko ezezagunak erakutsi nahi ditue, eta aurten Abaroa eta Uribarren parkeetan ipiniko dabe arretea.
1.- Aurreko urte bietan pandemiak eragin sakona izan eban, aurten Kaleka berbiztuteko urtea dala dinozue.
Kalera bueltauko da Kaleka, jaialdiaren berezko lekua kalea da, ikuskizunek ez dabe agertoki jakinik eukiten, Lekeitioko kale eta plazetan egiten da guztia. Aurreko urte bietan gatxa izan zan jaialdia bere horretan egitea, muga asko izan genduzan, eta egia da kalean egin zirala saioak, baina lekuak hesituta, eta Kalekaren filosofia beste bat da, herriko kaleak eta txokoak erakustea, hori ez zan bete. Aurten barriro izango dogu leku ezagunak eta horren ezagunak ez diranak publikoari zabaltzeko modua.
Dagoeneko 32. edizinoa beteko dau jaialdiak, eta oinarrietara bueltau nahi dogu, espero dogu hiru egunez izango doguzan hamalau ikuskizunek kaleak hartzea eta jente guztiari herria erakustea.
2.- Lekeitiarrek maite daben jaialdia da Kaleka. Gogoz sumatu dozuez herritarrak?
Bai, batez be azken urte biotako hutsuneagaitik, ze muga handiakaz egin genduzan aurreko edizino biak eta ez da bardin. Barriro era honetako eskaintza handi bat herrira ekarriko dogunez, jenteak gogoz hartu dau. Kontuan izan behar dogu eskualdeko jaialdirik handienetakoa dala, batez be kaleko arteari jagokonez, gauza barriak ekarten doguz, normalean ikusten ez diranak, estreinaldiak tartean. Udako eskaintza kulturala zabaltzeko modua be bada guretzat.
3.- Lekittoko Deabruak taldeak hamar urte bete ditu, eta 10 urte, 11 sugar izeneko ikuskizunagaz ospatuko dabe Kalekan. Zelakoa izango da?
Lekittoko Deabruek beti egiten ditue ikuskizun bikainak Kalekan, baina aurten, hamargarren urteurrena izanda, uste dogu normalean baino handiagoa izango dala. Kontuan izan behar dogu, orain dala hamar urte, 2012an, Lekittoko Deabruen lehenengo ikuskizuna hemen izan zala, Kalekan. Urtero-urtero zeozer barria ekarten izan dabe Kalekara, eta aurten horreek danak bateratuko ditue saio bakarrean. Herriko plazan, portuan eta parte zaharrean kalejirea egingo dabe eta ikuskizun estatiko bat be ipiniko dabe. Sua izango da protagonista, piroteknia eta argiak. Berezia izango da, Lekeitioko taldea dalako eta ikuskizun parebakoa emongo dabelako, begietatik erraz sartzen dana, iluntasunaren eta argien artean sortzen daben giroa erakargarria da. Guretzat ohorea da era honetako ikuskizun bat programau ahal izatea. Jaioten ikusi genduan taldea eta urteurrena be geugaz ospatuko dabe, zikloa zarratuko balitz lez.
4.- Lekittoko Deabruek eta Kalekak alkar elikatzen dabe?
Batak besteari oihartzuna emoten deutso, alde bientzat da mesedegarria. Euren izenean bertan Lekeitioren izena daroe eta beste plaza batzuetara zabaldu dabe. Alkar elikatzen dabe Deabruek eta Kalekak. Piroteknia beti da ikusgarria eta publiko asko erakarten dau, guretzat ohorea da eurakaz dogun alkarlana.
5.- Hamalau ikuskizun dakarz 32. Kalekaren egitarauak. Baina deialdi edegira 437 proposamen aurkeztu ziran, ez da erraza izango aproposenak aukeratzea...
Sail Ofizialerako eta Scratch atalerako egiten dogu aukerea, eta ez da bape erraza horrenbeste proposamenen artean aukeratzea. Ahalegintzen gara aurreko urteetan gurean egon ez diranak ekarten, barritasuna emoteko. Bestetik, egitaraua askotarikoa izatea be bilatzen dogu, hau da, ikuskizun bakotxak arlo diferente bat jorratzea, kale artearen barruan: batzuek piroteknia, beste batzuek malabareak... Eduki aldetik danetarikoa ekarten ahalegintzen gara eta jatorri aldetik be bai. Zoritxarrez, pandemiagaitik gatxa da atzerriko taldeak ekartea oraindino, hor birusaren eragina igarten da, baina, behinik behin, Espainiako eskualde askotakoak bai, egongo dira. Jatorri aldetik aniztasuna egon ezkero, publikoak ikusi leikez hemendik hur gitxitan egiten diran ikuskizunak, harritzeko aukerea handitzen dau horrek.
6.- Lehen aitatu dozu herriko txoko ezezagunak publikoari erakusteko asmoa dozuela. Zeintzuk izango dira?
Herriko plazea izaten da gune nagusia, zabalena dalako, portua eta talea be bai. Baina leku ezezagunagoetara jotea be gustaten jaku, esate baterako, parkeetan egingo doguz aurten pare bat ikuskizun. Lekeition parke ederrak daukaguz, baina normalean ez da ikuskizunik edo ekitaldirik egiten. Abaroa eta Uribarren parkeak dagoz egitarauan. Abaroakoa herri erdi-erdian dago, baina ez da jente asko joaten, pixka bat ezkutuan dagoalako. Parke txikitxu bat da, baina testuinguru polita emongo deutse ikuskizunei. Bisitariei zein herritarrei leku horreek erakusteko balio izango dau eta jakin deien herrian leku politak daukaguzala, askotan ez doguzanak erabilten.
7.- Aurreko urteetan lez, hiru ataletan banatu dozue Kaleka: Sail Ofiziala, Scratch eta Kalekaz Blai. Egitura horrek funtzionetan dauela ikusi dozue?
Uste dogu ikuskizunak hiru alorretan banatuta egotea egokia dala artistentzat zein publikoarentzat. Sail bakotxak bere izaerea dau. Sail Ofizialean ikuskizun amaituak egoten dira, deialdi edegiaren bidez aukeratzen doguz; Scratchen kasuan, ostera, garapen fasean dagozan proiektuak batzen dira. Konpainiak etorten dira amaitu bako ikuskizunakaz, eta publikoaren aurrean erakutsi leikiez. Horri esker, feedback-a jasoten dabe, jentearen ekarpena, prozesuan lagunduko deutselakoan. Scratchera datozanek egonaldia egiten dabe, eurak be jaialdiaren parte bihurtzen dira. Aurten konpainia bi izango doguz asteburu osoan geugaz, La Suricata eta Ino Loca. Euren arteko hartu-emonak sendotu ahal izango ditue, baita sektoreko profesionalak ezagutu be. Modu horretara, sortzen dabizan ikuskizunetan kanpoko adituen eretxiak jasoko ditue, esperientzia aberasgarria da.
8.- Kalekaz Blai atalean, aurten, Bambolea konpainia izango da. Zer da hori?
Beste atal bietan publikoaren parte-hartzea handia bada, zer esanik ez Kalekaz Blain. Jenteak bete-betean parte hartzeko ekintzak izaten dira, beti ekarten dogu tailerren bat edo antzeko zeozer. Aurten, Bambolea izeneko taldearen Circus Feria izango dogu, zirku-tailer baten modukoa da. Gauza bat da kaleko arteak ikustea eta beste bat kaleko arteen parte izatea, ikastea. Zirkuko gauzak ikusi eta ikasi ahal izango ditu jenteak, kaleko arteetara publikoa hurreratzeko modua da, ikusi deian zirkua be lanbide duina dala eta eurak be parte izan leitekezala.
9.- Lekeitiarrek ondo baino hobeto dakie zer dan Kaleka. Beste herrietakoak zelan animauko zeunkez jaialdira joan daitezan?
Nazinoarteko jaialdia da hau eta dagoeneko 32 urteko ibilbidea dau. Era askotako ekintzak topauko ditu ikusleak hemen, ez antzerkia bakarrik, baita kaleko arteetako beste alor batzuetakoak be. Danak dira oso ikusgarriak, tartean doguz piroteknia zein gogoetea eragiteko jarduerak, tailerrak, barre egitekoak... Entretenimenduaren bidez herria ezagutzeko beste modu bat da. Hiru egunez, goizetik gauera, geratu barik ibiliko gara. Uste dogu ikusleak jaialdiaren parte sentiduko dirala, ze hori da Kalekaren oinarria, ikuslea parte izatea, parte hartu behar dau.
10.- Beste alde batetik, pasa dan astean, Ane Maruri izan zan protagonista Lekeition, San Pedro eguneko Kaxarrankan jantzan egin eban lehenengo emakumea. Egun historikoa izan zan.
Oso pozik gagoz, pentsau, Kaxarrankearen historia ezagutzen dogunetik, XV. mendetik, beti gizonezkoek egin dabe jantzan, aurten lehenengo bidar emakume batek. Uste dogu bardintasunerako pausu handia dala, beharbada lehenago egin behar zana. Momentu aproposa izan da hau, pandemiaren urte gatxen ostean. Orain arteko jantzariak [Asier Uskolak] ezin izan dau aurten jantzan egin, eta horregaitik izan da aldaketea. Ane Marurik San Pedro egunean eskaini euskuna parebakoa izan zan, emozinoz betetakoa. Berarentzat lehenengo aldia zan kaxa ganean San Pedro egunean, eta emozino handiz bizi izan eban dana.
11.- Herritarrek zelan hartu eben Ane Maruri?
Aspalditik espero zan gauzea zan, zurrumurruak be baebizan herrian, emakume bat izango ete zan. Laneguna izan arren, jente piloa egon zan, sekulakoa izan zan, herritarrek pozik hartu dabe aldaketea. Ane kaxa ganean ikusi ebenean, batzuek negar egin eben, momentu polita izan zan.
12.- Egunotako beste protagonista bat Miren Agur Meabe idazlea izan da, Lekeitioko Ohorezko Herritar eta Alaba Kuttun izentau dau Udalak. Zer dala eta egin jako autortza hori?
Erreferentea da herriarentzat eta euskal literaturearentzat. Arrakastea zer dan baloretea sarri ez da erraza izaten, baina Miren Agur Meaberen ibilbidea ederra izan dala ziur esan geinke. Ganera, azken urtean jazoera nabarmen bi egon dira, Udala izendapena emotera bultzatu dabenak. Batetik, euskaltzain oso egin dabe Miren Agur Meabe; bigarrenik, Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi dau poesiaren arloan, Nola gorde errautsa kolkoan liburuagaitik. Lorpen horreek biek biribildu egiten dabe bere ibilbidea, aurrerantzean be segiduko dauela espero dogun arren.
Guk dakigunez, hiru lagunek baino ez dabe Lekeitioko Udalaren izendapen hau eskuratu, eta beste biak gizonezkoak izan ziran, orain dala 30 urte baino gehiago. Horrenbeste urte eta gero, Miren Agur Meabe Ohorezko Herritar egitea aproposa da, Lekeitioren izena panorama zabalera eroan dauelako. Izendapena emoteko ekitaldira herritar asko etorri ziran, aretoa bete egin zan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!