Peru Abarrategi: 'Fokuetatik kanpo, gerizpetan, lan handia egin da Arabako bertsogintzan'
2022-06-20 07:58 BarriketanArabako bertsolari txapelduna.
2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako irabazlea da Peru Abarrategi aramaioar gaztea. Bigarren finala eban txapelketa honetan Gasteizko Europa Jauregian jokatutakoa eta bakarkakoan sendo agertu zan, gai batzuetan txinpartak atera zituan eta disdira gitxiagoko ariketetan lasaitasunari eutsi eutsan. Horri esker, eskarmentu luzedun lehiakideak atzean itxi zituan puntuazinoetan. Serapio Lopezek jantzi eutsan txapela.
Sei finalistetatik lau Aramaiokoak izan ziran. Buruz burukoan be, Manex Agirre herrikide eta laguna izan eban alboan Abarrategik. Bere esanetan, hori ez da kasualidadea, herriko bertsolariek mimo handiz preparau dabelako txapelketea. Bertso eskolan ez eze, hezkuntza arautuan be bertsolaritzea zabaltzen ibilten da Abarrategi eta Arabako bertsolaritzearen etorkizuna ona dala uste dau.
1.- Egun batzuk pasau dira Arabako txapela jantzi zenduanetik. Gogoetea egiteko astia izan dozu?
Egia esan, azken egunok izan dira lasaitxuagoak, baina zoramena izan da. Finaleko eguna eta hurrengo eguna, domekea, zoragarriak izan ziran, gomuta on-ona daukat. Sekula ez dot ahaztuko herrikideen harrerea Aramaion. Gero, medioei kasu egiten egun batzuk pasau dodaz, pixkat zoramena izan da, baina pausuz pausu joanda dana ondo disfrutetan ahalegindu naz. Uste dot pribilegioa dala nire edadean txapeldun izatea eta oso pozik nago.
2.- Irakaslea zara hiru ikastetxetan. Umeek be omenaldia egin deutsue, ezta?
Bertsolaritzea emoten dot hezkuntza arautuan, pasa dan astean tokau jatan azken hiru ikastetxeetara joatea, Toki Eder, Adurtza eta Lakuabizkarrara, eta oso berezia izan zan. Ikasturte osoan danetariko errealidadeak ezagutu doguz, hainbat ikasle eta irakaslegaz konpartidu doguz geure tailerrak eta orain harrera berezia egin deuste hiru ikastetxeetan, bakotxak bere moduan, oso eskertuta nago.
3.- Aurten Arabako bigarren finala izan dozu, 2019koan be egon zinan. Jarrera desbardinagaz igon zenduan oholtzara?
Lehenengo finaletik bigarrenera urte batzuk joan dira, tartean be pandemia egon dalako. Ni neu be aldatu egin naz lehenengo finaletik hona, aurten goitik hurrago ibili naz, finalaren aurreko faseetan be bai. Gero, egia da parte handi batean egunaren araberako kontua be izaten dala, finalaren egunera zelan heltzen zaren. Egun ona izan neban eta nerbioak gestionetan jakin neban, eta horren emoitzatzat hartzen dot txapela.
Esango neuke, distira gehien izan neban ariketak bakarkakoak izan zirala, lehenengo fasean zein buruz burukoan. Ofizioetan danetariko bertsoak joan ziran, baina beste batzuetan baino hobeto disimulau nebazan neure hutsak. Guztiz gustora geratzen ez zarenean botetan zabizan bertsoagaz, jakin behar da pazientzia euki eta disimulu pixka bat emoten. Horretan asmau nebala uste dot, eta, bestetik, bertso onak urten ziranean gozau egin neban.
4.- Buruz burukoan Manex Agirre izan zenduan alboan, herrikidea. Zure eredu, irakasle izandakoa eta orain kantulagun.
Ez da erraza jenteari azaltzea zer sentidu neban Manexegaz kantau nebanean. Nire bizitzako urte askoan lagundu nau, rol askotan: umea nintzanean, bertsoa gustoko nebanez, erreferentea zan, Araban egon dan bertsolari handienetako bat dalako; gero nire irakasle izatera pasau zan eta, ondoren, bertsokide eta lagun handia. Buruz burukoa berez da berezia, baina momentu hori beragaz konpartidutea itzela izan da, berak be badaki zelako estimua deutsadan. Egunotan berba politak eskaini deutsaguz alkarri eta horrek erakusten dau bion arteko loturea.
5.- Aramaioko bi buruz burukoan eta finalean, seitik lau. Herri euskaldun-euskalduna bai, baina txikia izanik, esan leiteke ondo lantzen dozuela bertsolaritzea...
Manex Agirrek eta bere edadeko beste batzuek lan handia egin eben bertso eskolea martxan jarteko, nik ezagutu nebana behintzat eurek eroaten eben. Euren ikasle izan ginan eta orain irakasle izatera be pasau gara, osasuntsu dago bertso eskolea. Ez dot gitxietsi gura, ezelan be, Arabako beste leku batzuetan egiten daben lan handia, eta herrialdeko bertsolari askok bakarka be lanketa bikaina egin dabe. Batzuk finaletik kanpo geratu dira egundoko lana egin arren, eurei aitamena egitea zor deutsegu. Baina, hori esanda, pentsetan dot kasualidadea be ez dala herriko lau bertsolari finalean egotea, mimo handiz preparau dogun txapelketea izan dalako hau, asko entrenau dogu alkarregaz. Besteena ez dot gitxietsi behar, baina gurea ez da kasualidadea.
6.- Aramaion ez eze, zuen etxean be bertsolaritzea bizi dozue, zure anaia bi be polito dabizalako bertsotan.
Ez dakit ondo nondik jatorkun, baina kontu xelebrea da gure familiarena. Gurasoak bertsozaleak dira, bultzatu gaitue mundu honetara, baina ez dakit hori dan arrazoia. Gure lehengusu bi be, Txaber eta Bittor Altube bizkaitarrak bertsotan dabiz, hareek be bertsolari onak dira. Gozadea da anaiak eta lehengusuak, alde guztietan bertsolariak izatea, alkarri laguntzen deutsagu, modu berezian bizi dogu bertsolaritzea geure etxean. Igaz, Martin anaieak Arabako Binakako Txapelketea irabazi eban Manex Agirregaz batera, aurten kanpoan ikasten dabilenez ez dau bakarkakoan parte hartzertik izan, baina bera be bertsolari fina da. Anaia bakotxak bere bidea egin deiala opa deutset nik, gozau deiela bertsoaz, ia danok aurrera egin eta etxera poztasun gehiago ekarten doguzan.
7.- Oihane Pereak txapelketak itxiko dituala esan eban finalaren amaieran. Gazteak lekukoa hartzeko prest zagoze?
Oihanek esandakoaren irakurketa bat baino gehiago egiten dodaz nik. Hasteko, bion arteko hartu-emona estu-estua da, lankideak gara. Pentsetan dot Arabako bertsolaritzeak oraindino behar dauela Oihane Perea, txapelketan, oholtza ganean... Berak badaki nire eretxi hori, berba egin dogulako. Baina, garbi dago, besteok bere erabagia errespetauko dogu. Beste irakurketa bat da Arabako bertsolaritzea momentu oso onean dagoala, lekukoa hartu geinken gazte asko gagoz. Eskolarteko txapelketan, esate baterako, bertoko bertsolari ederrak agertzen dabiz. Fokuetatik kanpo, gerizpetan, egindako lana izan da Arabakoa, baina lan handia egin da, orain ikusten dira emoitzak.
8.- Zuk eskoletan emoten dozu bertsolaritzearen barri, ume eta gaztetxuak helburu. Edade horreetakoen artean ikusten dozu interesik?
Hor be lanketa polita egiten gabiz, egia da Araban danetariko errealidadeak dagozala, oso desbardinak, baina bertsolaritzeari esker gauza bat behinik behin egiten dogu: gelaz gela goaz euskerea modu ludiko batean zabaltzen, gazteek ez deien ikusi kartzela bateko hizkuntza baten moduan, lau hormaren artean erabilteko baino ez dana. Ikasle askogana heltzen gabiz, eta asko horretatik zatitxu txiki bati jakingurea eragiten badeutsagu bertsolaritzearen inguruan, ba ontzat hartuko dogu. Lan honen guztiaren ondorioa da, ganera, Araban bertso eskola asko sortzen hasi dirala, bertsoak hainbeste indar euki ez dauen lekuetan be bai. Noraino helduko garen ez dakit, baina frutuak hartzen hasi gara, bide onetik goaz.
9.- Arabarren aldeko aldarrikapena egin zenduan finaleko agurrean: Batzuek ahaztu arren, gu ere euskaldunak gara. Gaur egun oraindino halakoak esaten ibili beharra be...
Ba, bai. Inoren kontra ez dot egin gura, leku askotan ederto jagoten gaitue eta! Baina gure lurralde honetan lan handia egin dauen jentea dago, errealidade guztiz diferenteak dagoz Araban eta danetan ibili dira eragiten. Kaña asko emon deuskue batzuetan, Arabako bertsolaritzeak konpleju asko gainditu behar izan ditu, eta mimo apur bat be behar dogula eskatu gura izan neban agurreko bertsoan. Hemen gerizpetan egin dogun lan handiak autortzea jaso behar dau, horren bidez gure konpleju guztiak baztertzeko.
10.- Gerizpeko lana aitatu dozu. Alde handia dago Arabaren inguruan dagozan topikoen eta euskalgintzan eta bertsolaritzan errealidadean egiten dozuen ahaleginaren artean?
Danok daukaguz aurreretxiak, baina jakin behar dogu arriskutsuak dirala. Arabaren inguruan aurreretxiak dituanak erraz dauka, datorrela gugana, egiten doguna ezagutzen. Arabako Txapelketa honetan bertan, maila handiko saioak egin doguzala uste dot, bati baino gehiagori begiak zabalduko jakozan.
11.- Arabako bertsolaritzearen ordezkari izango zarie Manex Agirre eta zu udagoienean, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Zenbaterainoko ardurea da?
Aukera ederra da, horreek bai plaza handiak, izen potoloak. Hortaz, dudarik ez dago, halako ardura puntu bat badakar guretzat, egunotan igarten nabil txapeldun izateagaitik fokoaren argia niri begira, eta Txapelketa Nagusiagaz bardin. Ardura hori neurrizkoa izatea da kontua, pentsau behar dot Euskal Herriko Txapelketan kantetea ez dala ohiko gauzea, eta, beraz, gozau egin behar dodala. Ahalik eta ondoen preparauko naz, lanketa sakona egingo dot, soseguz; baina gozeteaz ahaztu barik. Pena handia emongo deust txapelketaz gozetako kapaz ez banaz. Bide batez, freskotasuna emon gura deutsat txapelketeari, neure bertsokeratik.
Argazkiak: Arabako Bertsozale Alkartea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!