Peru Abarrategi da 2022ko Arabako txapelduna

Bizkaie! 2022-06-13 07:53   Bertsolaritzea

Irabazlea eta Manex Agirre Euskal Herriko Txapelketarako sailkatu dira.

Peru Abarrategi (argazkiak: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizko Europa Jauregian jokatu da 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala, oholtzan sei bertsolari dirala eta 600 zale ingururen aurrean. Finalisten artean lau aramaioar egon dira, eta hara joan da txapela: Peru Abarrategi izan da txapeldun.

Serapio Lopezek jantzi deutso txapela irabazleari. Txapelketan makina bat aldiz ikusi dogu Lopez kantuan, eta oholtzatik aparte be Arabako bertsolaritzeari sekulako bultzadea emon deutso. Horregaitik, Arabako Bertsozale Alkarteak omenaldia egin nahi izan deutso, txapela janzteko ohorea emonez.

Arantxa Sobrino aurkezleak eta Aintzane Irazusta gai-jartzaileak gidatu dabe Gasteizko saioa. Lehenengo faseko ariketak amaituta, Peru Abarrategi eta Manex Agirre pasau dira buruz burukora. Estu joan da saioa, baina epaileek Abarrategiren alde egin dabe azkenean. 608 puntu emon deutsez, eta Agirreri 602,5.

Lehenengo eta bigarren geratzeagaitik, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian kantetako txartela eskuratu dabe Abarrategik eta Agirrek. Udagoienean izango da hori.

Buruz burukora pasau ez diranen artean, Oihane Perea izan da onena, hirugarrena sailkapen nagusian (413,5). Aurreko edizinoko txapelduna izan zan Perea, baina oraingoan ezin izan dau txapela jantzi. Ganera, belaunaldi gazteagoei lekukoa emoteko asmoz, txapelketa gehiagotan parte hartuko ez dauela iragarri dau.

Laugarren Iñaki Viñaspre izan da (410,5 puntu), eta bosgarren Xabi Igoa (402). Seigarren lekua Paula Amilbururentzat izan da (384).

2022ko finalean sariak banatu ditue Araban euskerea eta kulturea bultzatzen daben eta bertsolaritzearen inguruan alkarlanean dabizan eragileek. Hortaz, oholtzan izan dira Arabako Alea, Legutioko Gazte Asanbladea, Ttiki Ttaka Arabako Errioxako Euskaldunon Alkartea, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Zalduondoko Kultur Alkartea eta Mendialdeko AEK. Bertsolariei emon jaken oroigarria Olatz Perea Perez de Mendiolak egin dau.

Hona hemen Peru Abarrategi txapeldunaren azken agurra:

Eskakizun txikitxo bat

aterako dut plazara

nahiz Aramaioxo ta Oion

ez den berdin beharbada

probintzi txiki honek du

bere-berea euskara

batzuek ahaztu arren

gu ere euskaldun gara

beraz konplexu guztiak

doazela pikutara

ama berdinak erditu

baditu zazpi alaba

merezi duen moduan

zaindu ezazue Araba

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu