20. Azkena Rock Festival bagilaren 16, 17 eta 18an
2022-06-14 12:47 MusikeaUrteurrena dala eta, aurten, Azken Rock Festivalek egun bat gehiago izango dau.
Mendizabalan, Gasteizen, aurtengo edizinoa oso berezia izango da, izan be, rockaren amabitxi Patti Smith izango da gure artean eta ezin ahaztu The Offspring, The Afghan Whigs, Social Distortion, Emmylou Harris, Suzi Quatro, Fu Manchu, Drive-By Truckers, Jerry Cantrell, The Toy Dolls, Michael Monroe, Soziedad Alkoholika edo Morgan.
Urteurrena dala eta, aurten, Azken Rock Festivalek egun bat gehiago izango dau, eguena eta, gainera, Trashville karpako programazinoa be eskainiko dabe: agertoki horretan izaten dira kontzertu bizienak eta kasu honetan, Cramps taldea gogorarazoten dauen munduko bandarik garrantzitsuenak joko dau, Teenage Werewolves taldeak, baita Micky y Los Colosos del Ritmo nekaezinak eta Lord Diabolik retro-garage-punk bikotea be. Era berean, barikuko zerrendan Surfbort sartu da, 2019ko edizinoan kontzerturik basati eta gogoangarrienetako bat emon eban taldea.
DJ ugari be etorriko dira: Zombierella, Eneida Fever!, Tito Ramone, Runaway Lovers DJs, Alex Dbdb, Wendy Pelayo, Cheries Djs, Adrián vs. Santo eta Estrella Electrónica.
Bien bitartean, agertokietatik kanpo be izango da zer ikusia, izan be, Mendizabalako zelaietan programazino berezia atondu dabe: Wall of Death taldearen ikuskizuna, klasikoa, motorzale akrobatak horma bertikaletan gora ziztu bizian igoten diran bitartean talde bat zilindroaren erdian zuzenean joten ikusteko aukerea baitago. Jarduera gehiago be izango da eta, aurten, lehen aldiz, autotxokeak ekarriko ditue jaialdira, rock n’ roll-aren erritmoan, oraindino iragarri bako ezustekoen aurrerapen modura.
ARF Andre Maria Zuriaren plazan
Ezinbestekoak dira Andre Maria Zuriaren plazako kontzertuak. Bariku goizean, Alexis Evans Frantziako soularen izarrak jantzan jarriko ditu ikus-entzule guztiak.
Zapatuan, gaur egungo rockabillyaren goi-mailako ordezkari bat izango dogu protagonista: Kim Lenz. Rolling Stone aldizkariaren edizino amerikarrean esan ebenez, Elvis emakumea izan balitz, segurutik Kim Lenz-en oso antzekoa izango litzateke, baina egia esan behar bada, Kim Lenz-ek ez dau inogaz konpau beharrik.
Araba ARF Tour
20 egun baino gitxiago falta dira jaialdia hasteko, baina badakigu itxaronaldiak luze joko dauela, urte bi Mendizabalara hurreratu barik egon ostean; beraz, atariko moduan, Araba ARF Tour programa barria sortu dane: Lau kontzertu, doban, Arabako herri bitan, Arabako Foru Aldundiaren eskutik, Azkena Rock Festival jaialdirako bideari ateak zabaltzeko: Guardian, Sotomonte entzuteko aukerea izango da, Jokin Salaverria getxoztarraren bakarkako proiektua eta Entropía, Gasteizen sortutako space rock eta doinu psikodelikoen taldea eta Ribabellosako plazan jo dau Outgravity talde gasteiztarrak; horrezaz gan, ezin ahaztu John Dealer & The Coconuts taldea, euskal punk rock-a Legazpitik.
Sarrerak
Bonua: 145€
Bonua + kanpina: 160€
Kanpina 4 gau: 15€
Eguneko sarrerea: eguena: 45€ eta barikua eta zapatua: 65€
Sarrerak: www.azkenarockfestival.com eta www.seetickets.com/es
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!