Nekane Balluerka: 'Unibersidade publikoek erantzunkizun handia dabe gizartean'
2022-06-06 08:03 BarriketanEuskadi Ikerkuntza Sariaren irabazlea.
Gizarte Zientzien eta Humanidadeen arloko profesionalen lana autortzen dau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urte bakoitietan Ikerkuntzako Euskadi Sarien bidez, eta 2021eko irabazlea Nekane Balluerka Lasa izan da. Epaimahaiak adierazo dau ekarpen nabarmenak egin dituala Balluerkak Diseinuen eta Datuen Analisian, Gizarte eta Osasun Zientzietan ikerketak jorratzeko, baita neurketa-tresnak kultura artean egokitzeko metodologian be. Lidergo zientifikorako dauen gaitasun bikaina, bere ikerketek izan daben eragina eta arlo instituzionalean egin dauen bidea be aitatu ditu.
Psikologian doktorea da Nekane Balluerka, UPV/EHUn, eta egonaldiak egin ditu Arizona State University-n, University of Californian eta Manchesterreko Unibersidadean. 2009tik, Portaera Zientzien Metodologiako katedraduna da UPV/EHUn. Unibersidade publikoko errektore izan zan 2017tik 2021era. Ikerkuntzan zein UPV/EHUren gidaritzan, bidelagun bikainak izan dituala kontau deusku, eta, beraz, saria danena dala.
1.- Euskadi Ikerkuntza Saria emon deutsue, zer dakartzu halako sari batek?
Sari honek poz handia ekarri deust. Euskal Herriko Unibersidadean egindako ibilbide luze bati emoten jakon errekonozimendu lez hartzen dot eta ez dot uste persona bati bakarrik emoten jakon saria danik, nigaz urte guztiotan zehar lan egin daben personei be bajagokela begitantzen jat eta hori oso pozgarria da. Ganera, aurrerantzean ilusino eta gogo handiz lan egiten jarraitzeko estimulu bat da.
2.- Epaimahaiak nabarmendu dau, besteak beste, ikerkuntzan lider izateko gaitasuna dozula eta zeure arloko alkarteak bultzatu dozuzala. Ikerkuntzan zenbateraino da garrantzitsua adituen arteko alkarlana?
Aurreko galderan esan deutsudan lez, adituen arteko alkarlana ezinbestekoa da ikerketan. Ikerketa lana talde lana da. Ganera, talde lan horretan hainbat herrialde eta diziplinatako adituek parte hartzen badabe, ekarpena hobea izango da. Nire taldeak, Qualiker izenekoak, Estaduko eta nazinoarteko beste talde batzukaz batera lan egin dau eta alkarregaz egindako artikuluak argitaratu doguz. Afrikar esaera zahar batek zera dino: Bizkor joan nahi badozu, zoaz bakarrik; urrunera heldu nahi badozu, zoaz lagunduta.
3.- Ezagutzearen transmisinoa be behar-beharrezkoa da?
Jakina, senior izeneko ikertzaileon erantzukizuna da jente gaztea gure taldean sartu eta formakuntzea emotea. Hori doktorego tesien bidez egiten da neurri handi batean. Ikertzaile gazte horreek euren ibilbidea egin behar dabe eta kateari jarraipena emon, gero eta erantzunkizun gehiago hartuz.
Bestalde, ikerketearen transferentzia be ezinbestekoa da. Ikertzaileok geure lana gizarteratzen saiatu behar gara. Ez da nahikoa kalidade oneko ikerketak egitea. Unibersidade publiko batek gizarteagaz erantzunkizun handia dau eta egiten dauenaren barri emon behar deutso gizarteari. Adibidez, Euskal Herriko Unibersidadeko kultura zientifikoko katedreak lan ikaragarria egiten dau zentzu horretan.
4.- Zure ibilbide akademikoa psikologiari lotuta dago. Zer dala eta aukeratu zenduan bide hori?
Niri beti begitandu jat oso interesgarria gizabanakoaren portaerea aztertzea eta psikologiak horretarako aukerea emoten deutsu. Bestalde, gizakiaren ondoizate psikologikoa bai norberaren eta baita gizartearen osasunerako be oso garrantzitsuak dirala uste dot. Psikologiak zeresan handia dauka ondoizate hori alderdi desbardinetatik bultzatzeko.
5.- Psikologiaren barruan, ze alderdi jorratzen dozuz edo zeintzuk dira gehien interesatzen jatzuzanak?
Nire lan eremu nagusiak hiru dira. Lehenik, testen eraikuntzea eta kulturen arteko egokitzapena, honegaz persona bakotxa jagokon kulturan eta hizkuntzan modu egokian ebaluau deien bilatzen dogu. Testak ez badira fidagarriak eta ez badabe baliozkotasunik, diagnostiko desegokietara eroango gaitue eta horrek ondorio latzak izan leikez persona baten bizitzan.
Bigarrenik, ikerketarako erabili beharko litzatekezan diseinuak eta datu analisirako teknikak dagoz. Azken honi jagokonez, maila anitzeko analisi teknikak diralakoak dodaz aztergai. Fenomeno psikologikoak ezin dira maila bakar batean aztertu eta hurrerapen estadistikoak hori kontuan hartu behar dau. Adibidez, anorexia lako elikadura nahaste bat ezingo geunke aztertu norberaren arazo psikologiko bat izango balitz lez, familiak eta gizarteak be eragin handia dabelako.
Hirugarrenik, edade ugaritako kolektiboetan gaitasun sozio-emozionalak garatzeko interbentzino programen diseinuan nabil, baita honeen inplementazinoan eta ebaluazinoan be.
6.- Azken aldian buruko osasuna gehiago aitatzen da, beharbada pandemian bizi izandako egoerek bultzatuta. Psikologiak egin leikezan ekarpenen errekonozimendu handiagoa dakar horrek?
Nire ustez, psikologiak ekarpen handia egin dau urte askoan eta egiten jarraituko dau aurrerantzean. Baina egia da psikologoagana joatea estigmatizauta egon dala eta egoten jarraitzen dauela hainbat personaren artean. Pandemiak agirian itxi dau osasun mentalaren garrantzia eta psikologook osasun hori jagoteko ekimen ugari aurrera eroan genduzan, bai itxialdi sasoian eta baita pandemia guztian zehar be. Nire ustez, osasun publikoan askoz psikologo gehiago egon beharko litzatekez gizarteak benetan behar dauen zerbitzua eskaintzeko. Europako herrialde gehienakaz alderatuz, Espainian osasun publikoan oso psikologo gitxi dagoz biztanle bakotxeko.
7.- Psikologian, gaur egun, non ikusten dozuz hutsune handienak? Hau da, non egin behar da ahalegina?
Ikerbasqueren azken txostenean ikusi geinken lez, ikerkuntzan aurrerapen handiak egin dira azken urteetan psikologiaren eremuan eta UPV/EHU da Euskadin ikerketa gehien egiten dauen erakundea. Beharbada, egiten dan ikerketearen eta psikologiako profesionalen artean hurrerapen handiagoa beharko geunke, eta ikerketearen transferentzian edo gizarteratzean ahalegin handiagoa be bai. Eta aurreko galderan esan dodan moduan, psikologo kopurua asko handitu beharko litzateke osasun publikoan.
8.- UPV/EHUko errektore be izan zinan 2017tik 2021era. Pandemiak bete-betean atrapau zintuan, eta horrek dana baldintzatzen dau. Halanda be, zelan gogoratzen dozuz lau urteok?
Lau urtean zehar esperientzia asko bizi izan genduzan eta ekimen asko martxan jarri. Une gogorrak eta une goxoak bizi izan genduzan, baina oro har gomuta ona daukat. Nire alboan talde bikaina izan neban, ikerketan izan dodan eta orain dodan lez, eta talde horretako persona bakotxak bere taldea eukan. Horrenbestez, persona asko izan nebazan neugaz batera UPV/EHUren alde egunero lan egiten.
Pandemia heldu zanean bertigo sensazinoa izan neban baina komunidade unibersitarioaren lan eskergari esker, UPV/EHUk ondo erantzun eutsan itxialdiari eta oso harro eta eskertuta nago.
9.- Nazinoarteko rankingetan eta aitamenetan gero eta sarriago agertzen da UPV/EHU. Nazinoartekotzean ahalegin handia egin eban zure lantaldeak?
Gure taldeak ahalegin handia egin eban eremu askotan, eta baita nazinoartekotzean be. Adibide batzuk aitatzeko, Europako unibersidadeen partzuergo bat sortu genduan Europako beste zortzi unibersidadegaz eta guztiek oso posizino ona dabe Shangaiko rankingean, hau da, unibersidade guztiok egon nahi dogun rankingean.
Bigarren adibidea da 100 postu igon genduzala Shangaiko rankingean eta horrek munduko unibersidade onenen % 1,5eko taldean kokatzen gaitu. Hori oso ona da, zeren nazinoarteko ospe hori ikasleei be helarazoten jake.
10.- Errektorearen ardurak atzean itxita, orain ze proiektutan zabiz?
Une honetan proiektu desbardinak doguz eskuartean. Alde batetik, hainbat test egokitzen gabiz gaztelaniatik euskerara eta ingelesetik euskerara zein gaztelaniara. Batzuk aitatzearren, jokabide arazoak eta arazo emozionalak neurtzen dituan SENA testa, funtzionamendu intelektuala neurtzen dauen WISC-V testa, interneten erabilera problematikoa neurtzeko GPIUS testa edo buruko osasun arazo larriak dituen personen errekuperazinoa neurtzen daben MARS-12 eta RPI izenekoak.
Bestalde, nerabeen eta gazteen gaitasun sozio-emozionalak handitzeko programa bat diseinau dogu eta martxan jarriko dogu. Azkenik, dementzia garatzeko arriskuan dagozan edadekoen kasuan gaixotasun hori prebeniduteko eremu anitzeko programa baten diseinuan parte hartu dogu beste erakunde batzukaz batera, CITA Alzheimer fundazinoaren koordinazinopean. Guri, Qualiker taldeko kideoi, jagoku programearen osogai sozioemozionalaren diseinua, inplementazinoa eta ebaluazinoa. Azken ekimen hau goian aitatu dogun adituen arteko alkarlanaren adibide bat da.
Argazkiak: UPV/EHU.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!