Verde Prato: 'Ahotsa da nire instrumentu preziaduena'
2022-05-09 08:03 BarriketanMusikaria.
Musika Independentearen MIN Sarien galan, 2021eko euskerazko diskorik onenaren MIN-Etxepare Saria emon deutse Verde Pratori, zazpi kantu dakarzan Kondaira eder hura lanagaitik. Doinu herrikoiak eta musika elektronikoa buztartzen dituan disko berezia da, tradizinoa eta garaikidetasuna bat eginda topauko doguz bertan. Ahotsa da gehien nabarmentzen dana. Kantuen bidez istorio bat kontetan jaku, zazpi ikuspegitatik: Mutilaren kanta, Neskaren kanta, Lagunen kanta...
Ana Arsuaga tolosarra dago Verde Prato izenaren atzean. Gaur egungo euskerazko musikagintzako ahotsik barritzaileenen eta freskoenen artean dago berea, eta herri-musikeari aire barria emoteagaitik nabarmendu da bakarkako ibilbidean. Tradizinoa zein jokerarik barrienak, danetarik entzuten dau inspirazino bila. Hori gitxi ez, eta arte plastikoetan be badabil; berak eginak dira Kondaira eder hura diskoko ilustrazinoak.
1.- MIN-Etxepare Saria irabazteak zer dakar zure ibilbidean?
Alde batetik izena emoten deutsu, komunikabide askotan agertzen zara eta jenteak beste jarrera bat hartzen dau zure musikeagaz. Jente askok aitatu deust sariarena, lehenago sekula be ez dabe ezer esan nire musikearen inguruan, baina orain konturatu dira zer egiten dodan. MIN Sariek badabe halako prestigio edo izen bat, beharbada komunikabideetan agertzen diralako, eta horrek ondorio onak ditu, kontzertuetara jente gehiago etorten dalako edo kanpotik gehiago deitzen deutsuelako. Azkenaldion egn dodaz kontzertu batzuk Euskal Herritik kanpo, baina orain beste maila batean nago, programatzaileek be hobeto ezagutzen nabelako edo nire lana serioago hartzen dabelako.
Beste alde batetik, halako sari bat jasotea bada nire lanari balioa emoteko modu bat, niretzat inportantea da hori, hona heldu arteko lan profesionalaren autortza moduko bat dalako.
2.- Musikari independenteen sariak dira. Fokuetatik aparte artistek egin behar dozuen lan gogorraren eta sarri bizi dozuen prekariedadearen erakusgarri be badira sariok?
Oholtzara igotean hori aitatzeko aukerea ikusi neban. Danok dakigu, ez da sorpresea, kultura mundua prekarioa dana, baina hori egongo ez balitz lez jokatzen dogu sarri. Gatxa da mundu honetan aurrera egitea, eta ez bakarrik ekonomiak batzuetan ez deutsulako emoten. Inbersino handia egin behar da beti, bideoklipetan, grabazinoetan, ikuskizunak sortzen... Gauza asko pagau behar dira eta, trukean, kontzertuetan ordaintzen deutsuena baino ez daukazu. Nire mailan, behinik behin, mundu prekarioa da musikea, beharbada famatuagoak diranak ez dira hain estu ibiliko.
3.- Verde Prato proiektuan ahotsa nabarmentzen da, kantua da ardatza. Beti izan dozu kanturako zaletasuna?
Ahotsa da nire instrumentu preziaduena. Ahotsak modu berezian emozionetan nau, baita entzulea nazenean be. Berezitasun hori izango da, seguruenez, instrumentu humanoa dalako, ahotsaren ñabardurak, dardarak, emozinoak igarten dira, asko erakarten nauen ezaugarria da, tresna poteretsua da. Beti gustau izan jat abestea; aurreko proiektu eta taldeetan be kantau izan dot eta Verde Praton ahotsaren aukerak guztiz garatu nahi izan dodaz.
Erregistro aldetik gauza asko egiten dodaz ahotsagaz, leku askotara eroaten dot ahotsa oktabei edo koloreari jagokonez, niretzat interesgarria da probetea. Askotan esaten deuste intimistea dala nire estiloa, leuna nahi badozu, baina ahalegintzen naz hortik urten eta pixka bat punkiagoa izaten. Adierazkortasun handiko instrumentua da ahotsa, moldakorra.
4.- Ahotsa eta elektronikea batuta, ezaugarri berezidun diskoa da Kondaira eder hura, musika herrikoiaren zein garaikidearen ikutuak dituana. Zerk eroan zaitu horra?
Lehenengo esan behar dot dana ez dala nahita bilatua, gauza batzuk berez urteten dira. Disko honen kasuan, musika herrikoia eta doinu zaharrak iturri oso garrantzitsuak dira, inspirazinoa topetako aproposak. Ni Tolosakoa naz, han beti kantau izan da asko inauterietan, familian, gabonetan eta halakoetan. Ahotsa funtsezkoa da halako kantuetan eta niretzat hor bada indar bat, persona bat mahaitik altzau eta kantuan hasten da, deigarria egiten jat hor sortzen dan indarra. Duda barik horrek arrastoa itxi dau nire barruan eta disko honetan azalera urten dau, entzungarri dago. Ahotsaren doinu horreek, betidanik barruan eroan dodazanak, hor dagoz, modu minimalista batean. Kantuetan esaten diranetan edo esateko moduetan be badago eragin hori, edo gaiak aukeratzeko orduan, betiereko gai horreek: amodioa, familia... Herri-musikearen iturritik zuzenean edan dot.
5.- Kondaira eder hura diskoko zazpi kantuek istorio bat kontetan dabe. Zein da gaia?
Berbak idazteko atxakia ona izan da istorioa eta, bestalde, polita begitandu jatan pertsonaia bakotxak bere ikuspegitik kontetea, opera baten moduan. Diskoa biribiltzeko modua izan da. Bere herritik iges egiten dauen mutil bat da kontakizunaren abiapuntua eta, ondoren, pertsonaia bakotxak zer dauen esateko agertzen da kantuetan.
6.- Musika eta kontakizun herrikoien itxurakoa da Kondaira eder hura, baina ikutu garaikideak be baditu, batez be instrumentazinoan.
Elektronikeak erakarten nau, baina zentzu zabalean hartuta. Baseak edo oinarriak neuk egin dodaz, garaikidetasun bat emon nahian, eta horrek be badau garrantzia. Azken batean, nik ez neban musika tradizionala huts-hutsean egin nahi, buelta bat emon nahi neutsan. Ulertzen dot diskoak gogora ekarten dauela herri-musikea, baina hortik aparteko zeozer bihurtu nahi izan dot, hango eta hemengo eraginak sartu eta nahastau, gauza barri bat sortzeko.
Dana dala, ikutu hori emoteko orduan ez dot bide bakar bat segidu. Batzuek esaten dabe new wave, dream pop, post-punk eta halakoak dagozala diskoan, baina badagoz beste doinu batzuk be, reggaetoia, bossa nova... Mugarik eta aurreretxirik ez izaten ahalegintzen naz. Momentu bakotxean apropos ikusten dodan guztia sartzen dot.
7.- Askotariko eragin horreen artean, inspirazinoa bilatzeko orduan, badago modu berezian segitzen dozun talde edo artistarik?
Asko eta asko dagoz. Herri-musikan asko bilatzen dot. Bestetik, inork ez dau aitatzen, baina flamenkoaren eragina hor dago. Oso antzeko zentzuan lan egiten dot nik, emozinoak agirian, flamenkoan lez, eta berbetan be antzekotasunak dagoz, kontu anekdotikoetara jo beharrean, betiko gaietan sartzen naz. Hortik aparte, mila talde eta estilo aitatuko neukez, ezin dot bakarra aukeratu. Niri musikea gustetan jat. Egia da momentu batzuetan estilo jakin batzuetan oinarritu nazela, esate baterako, Serpiente taldean ibili nintzanean dream pop eta antzekoak asko entzun nebazala. Orain, bestetik, musika elektronikoa asko entzuten nabil, baina danetariko erreferentziak izaten ahalegintzen naz.
8.- Bideoklipetako eszenografia, diskoaren alderdi bisuala eta halakoak asko lantzen dozuz. Arte plastikoetan be lan egiten dozu, horrek eragina dau?
Mundu biak oso lotuta ikusten dodaz, ni bietan nabilelako eta naturala da musikan alde estetikoa jagotea. Nire lagun asko arte plastikoetatik datoz eta lan ugari egiten dodaz eurakaz. Adibidez, Maria Muriedasek hartu dau parte diskoko bideoklipetan eta argazkietan, beragaz aspalditik nabil alkarlanean. Oinarrizkoa da produktu bat zentzu guztietatik lantzea.
9.- Sortzeko eta zeozer kontetako orduan desbardinak dira musikagintzea eta arte plastikoak?
Bereiztuta dagoz, bakotxak bere mundu propioa dauelako, bere kodea. Dana dala, ni persona bera naz pinturan zein musikan, orduan momentu batean interesa gai jakin batean badot, formatu batean zein bestean agertuko da, modu diferenteetan izan arren.
10.- Izen bi erabilten dozuz: musikan Verde Prato, arte plastikoetan Ana Arsuaga.
Pixka bat bereiztu nahi dodaz alor biak. Ganera, musikan sekula be ez dakizu etorkizunean non egongo zaren edo zer egingo dozun, batzuetan bakarka, beste batzuetan talderen batean. Horregaitik, momentu honetako bakarkako proiektu musikalari izen berezi bat emotea idea ona begitandu jat.
11.- Orain bakarkako proiektuan zabizan arren, talde ugaritan be ibilita zagoz, lehen aitatu dogu Serpiente. Atzean itxi dozuz horreek?
Bai, konfinamenduaren ostean amaitutzat jo genduan, ze proiektu bakarra aurrera eroatea gatxa bada gaur egungo musikan, pentsau bat baino gehiago badaukazuz. Danon artean erabagi genduan bakotxak bere aldetik jotea, pena handiz. Oraingoz, Verde Prato proiektuan pozik nabil, honegaz jarraitu nahi dot eta ia nora eroaten nauen.
Argazkiak: Verde Prato eta Maria Muriedas.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!