Verde Pratok irabazi dau Euskerazko Diskorik Onenaren MIN Saria

Bizkaie! 2022-04-28 09:08   Musikea

Zaharak sei sari eroan ditu Iruñean egindako galan.

Ana Arsuaga da Verde Prato | Ikusi handiago | Argazki originala

Espainiako musika independenteari autortzea egiten deutsen MIN Sarien 2022ko edizinoaren galea Iruñean egin da eta euskal musikariak protagonista izan dira oholtzan. Izan be, palmaresean Verde Prato gipuzkoarra baino sartu ez dan arren, ekitaldian euskerazko kantuak sarri entzun dira. Izaro Andres mallabiarraren laguntzaz, Amaral talde ezagunak eukeraz kantau dau; Belakok euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Chill Mafiak be hartu dau parte galan.

Euskerazko Album Onenaren kategorian emon deutse saria Verde Pratori, Kondaira eder hura diskoagaitik. Etxepare Euskal Institutuaren babesagaz dator kategoria hori.

Ana Arsuaga tolosarrak bakarkako ibilbiderako aukeratu dauen izena da Verde Prato. Zazpi kantuko disko laburra da Kondaira eder hura, baina horregaz nahikoa dau arrasto sakona ixteko, antxinako ikutudun doinu hetereogeneoak eta Arsuagaren ahots bikaina buztartuta. Kantugintzearen tradizinoa gaur-gaurko musikara ekarteko ahalegina txalotu dabe MIN Sarietan.

Kategoria horretako beste hautagaiak Chill Mafia, Idoia, Liher eta Gau izan dira. Epaimahaiak, baina, Verde Pratoren alde egin dau. Ganera, Chill Mafia talde barririk onenaren atalean be izentauta egon da, baina esku hutsik bueltau da etxera. Hori bai, etxeko publikoaren aurrean, Iruñean, Barkhatu kantua jo dabe.

Ganerako kategorietan, Zahara izan da, argi eta garbi, galako protagonista nagusia. Sei MIN Sari irabazi ditu, besteak beste, diskorik onenaren, pop diskorik onenaren eta letra originalaren ataletan. Mexikoko biratik bueltau barri, ezin izan dau Iruñera joan, baina bideo bidez eskertu dau autortzea.

Rigoberta Bandini be nabarmendu da sariak banatzeko orduan, kategoria nagusi bitan irabazi dauelako, artistarik onena eta urteko kantua (Ay mamá). Baiucaren Embruxo-k, galegozko diskorik onenaren saria ez eze, elektronika arloko grabazinorik onenarena eroan dau. Katalanezko diskorik onena Ferran Palauren Parc izan da.

Palmares osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu