II. Señora Sariketea maiatzaren 14an hasiko da, Hendaian

Bizkaie! 2022-05-02 08:46   Bertsolaritzea

Saio guztietako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian erosi daitekez.

Hamalau bertsolarik parte hartuko dabe emakumeen eta hegemonikoak ez diran ganerako identidadeen ikusgarritasuna gura dauen lagunarteko txapelketan, emakumeen eta bestelako identidade subalternoen taularatzea helburu dauen Señora Sariketearen bigarren aldia martxan da: maiatzaren 14an jokatuko dabe lehenengo kanporaketea (Hendaian), 21ean bigarrena, Laudion (Araba) eta bagilaren 4an izango da final handia, Leitzan.

Lehen kanporaketan, Josune Aramendi Perez, Amaia Iturriotz Etxaniz, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Aner Euzkitze, Paule Loizaga Legarra eta Ekhiñe Zapiain Arlegi izango dira, Hendaiako Enbata gaztetxean, 17:00etan.

Bigarren kanporaketan, Leire Vargas Nieto, Irati Anda Villanueva, Andere Arriolabengoa Bengoa, Ane Beloki Lopez, Ane Labaka Maioz eta Sarai Robles Vitas igoko dira oholtzara, Laudioko Faktorian, 18:00etan.

Finala, barriz, Leitzako Herri Aretoan izango da, 17:00etan. Kanporaketa bakotxetik sailkatutako bertsolari bik abestuko dabe, baita gonbidatu bereziak diran señora biak be.

Eguna heldu aurretik iragarriko dabe zeintzuk diran ohorezko beste parte-hartzaile biak. Saio guztietako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian erosi daitekez dagoeneko.

Zer da Señora Sariketea?

Igaz egin eben hainbat bertsolarik eta bertsozale feministek Señora Sariketearen lehenengo aldia, tokiko herri eragileen eta mobimendu feministako kideakaz alkarlanean, bertso plaza barriak sortu eta emakumeei zein zapaldutako identidadeei ikusgarritasuna emoteko asmoz. Belaunaldien arteko aliantzak sendotzea dabe helburu, ahalduntze kolektiboaren bidetik, beti be, lurraldetasuna aintzat hartuz.

Baina, zergaitik señora berbea? Andre zaharragaz eta bakardareagaz lotutako kontzeptuari bueltea emon gura izan deutselako; Maider Arregi bertsolari eta antolatzaileak ondokoa adierazo dau: Emakume indartsua da señora bat, ahaldunduta dagoana; berbearen eraldaketa hori lortzea da asmoa.

Kateorratza, aurtengo irudia

Kateorratz bat. Horra aurtengo sariketeak hautatutako sinboloa, izan be, señora guztiak ordezkatu leikezan tresnea da: Makarra edo gaiztoen txapetan dago, punkyen belarritakoetan eta edadekoen zapietan. Holan, zorrotza da kateorratza eta danak alkartzeko balio leike aldi berean.

Diseinuaren eta sariketearen inguruko informazino guztia Twitter eta Instagram sare sozialen bitartez eskuratu daiteke. 

Bertso-bazkaria



Astegoienean batu dira II. Señora Sariketako lagunetako asko Arrazolako Amillena Bentan. Jone Uriak eta Ane Zuazubiskarrek kantau eben eta, gaiak, barriz, Danele Sarriugartek eta Ainhoa Urienek jarri zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu