Arratia, Txorierri eta Bilbora bidean da 22. Korrika

Bizkaie! 2022-04-06 09:38   Euskerea berbagai

Nafarroan eta Araban ibili da aurreko orduetan.

Bizkaira bueltauko da 22. Korrika gaur, hilak 6, ibilbidearen erdia bete barri dauela. Atzo, martitzena, alderik alde zeharkatu eban Nafarroa, eta goizaldean Arabako hainbat herri bisitau ditu. Aurreikuspenen arabera, eguerdi aldean sartuko da Korrika Bizkaian, eta gaur eta bihar ibiliko da hemen herririk herri.

Hain zuzen be, Gorbeiaren begiradapean dabiz korrikalariak orain: Murgiako lur zabaletatik Ubidera egingo dabe laster, Arratiako bailarea hegoaldetik iparraldera zeharkatu aurretik. 17:00ak baino lehentxuago, Larrabetzutik sartuko dira Txorierrin, Erandiora heldu arte.

Iluntzea Bilbon pasauko dau lekukoak, kalerik kale eta auzorik auzo. Ia gauerdian urtengo dau Barakaldorantz, Ezkerraldea eta Meatzaldea helburu. Bihar goizaldean, Bizkaiko Zubitik pasauko da Korrika itsasadarraren eskumaldera, Uribe Kostara.

Bilboko ibilbidea aurtengo edizinoko luzeenen eta jentetsuenen artean dago. Ordutegi ofizialaren arabera, Elorrieta eta San Inazio auzotik sartuko da uriburuan, 19:30ak pasautxuan. Ondoren, Otxarkoaga (20:26), Santutxu (20:40), Zazpi Kaleak (22:06), San Mames (23:19) eta Zorrotza (23:40) datoz, besteak beste.

Bilboko Udalak aurreratu dau trafikoan aldaketak eragingo dituala Korrikak, urian lau ordu baino gehiago egingo dituan ezkero (irakurri trafiko aldaketak zehatz hemen).

Era berean, erakunde eta alkarte ezagunen kilometroak izango ditu Korrikak Bilbon: Udaleko ordezkariek, Juan Mari Aburto alkatea buru, udaletxearen aurrean hartuko dabe lekukoa; Eusko Jaurlaritzeak Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren txandea dau San Inazion (Bingen Zupiria sailburua lekukoagaz) eta Aniztasunarena Unibersidadeen etorbidean; Bilboko Konparsak Unamuno plazan dira lekukoa hartzekoak; Bizkaiko Bertsozale Alkartearen izenean, Nerea Ibarzabalek eta Unai Iturriagak eroango dabe, Plaza Biribilean; Athleticen kilometroa San Mamesen aurrean izango da.

Argazkiak: Korrika.eus

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu