Pirinioen bueltan ibili da Korrika bosgarren egunean
2022-04-05 09:23 Euskerea berbagaiUriburu bi, Maule eta Donibane Garazi, zeharkatu ditu.
Edurra eta hotza atzean ixteko gogoz dagoz 22. Korrikako antolatzaile eta parte-hartzaileak, azken txanpan eguzkiaz gozetako esperantzan. Atzo, hilak 4, oraindino edurra izan eben, batez be bidearen ertzetan eta mendi tontorretan, eta horrek paisaje ederrak itxi zituan. Izan be, Pirinioetan atzera eta aurrera ibili zan lekukoa, mendaterik mendate.
Hiru herrialde eta uriburu bi bisitau zituan atzo Korrikak Pirinioen inguruko buelta horretan. Nafarroa Garaia eta Beherea, baita Zuberoa be, euskerearen aldeko aldarriz bete ziran, eta Maule eta Donibane Garaziko kaleak zeharkatu zituen korrikalariek. Erronkari eta Aezkoako ibar ikusgarriak, Donapaleu inguruko lautadak eta Zuberoako herritxuak be egon ziran atzoko ibilbidean.
Donibane Garazin, ganera, euskerea ikasteko dobako eskaintzearen aldeko adierazpena egin eben, Korrikaren bisitea aprobetxauta eta HITZEKIN. Danok euskerea doban dinamikearen kontura. Garaziko Adierazpena dalakoa AEK-ko koordinatzaile nagusi Alizia Iribarrenek irakurri dau, baina Euskal Herri osoko euskaltegiek egin dabe bat. Informazino gehiago hemen.
Gaur, apirilak 5, seigarren egunera heldu da 22. Korrika. Nafarroa alderik alde zeharkatzea da aurreikuspena, iparraldetik hego-mendebaldera. Goizaldean Nafarroa Beherean ibili eta gero, Baztan aldera jo dau lekukoak, Lekunberri, Irurtzun eta Lizarra helburu. Eguna Nafarroa eta Araba arteko mugan amaitzea da asmoa.
Argazkiak: Korrika.eus
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!